Duela bi hamarkada pasatxo Mahalan baserriko produktuak eraldatzen hasi ziren eta ordutik hamaika jaki goxo elaboratu dute, esneki zein txerrikietan eskaintza zabala merkatuan kokatuaz.

Mahala markaren atzean lan talde zabal bat dabil ekinean. “Gurpil baten moduan bueltaka dabil gure lanaren garapena” dio komertzializazio arduradunak. “Inoiz gurpil zoroaren zurrunbiloan murgilduta, zainketan, ekoizten edo ikerketan eta gurpilen gainean abiadan bestetan”. Beraien behiak hantxe dabiltza belardi, malkar edo zelaietan larrean. Zuhaizpeetako itzalen zaindari dira Mahalako txerriak, basoetako bidexketan bidaiari edo orbel artean uxarrean dihardute zer topatuko, ia urtebete luzez. Hementxe jartzen dute gurpila biraka.

Behiak jetzi eta jasotako lehengaia eraldatzeko prozesuari ekiten diote ondoren. Nahiz eta urteak pasa, hasierako filosofiari eusten diote beti. Esne freskoa inolako tratamentu agresiborik gabe eraldatzen dute, ahalik eta kalitaterik goreneko teknikak erabiliaz. Produktuaren berezko ezaugarriak mantentzea, osagai guztien kalitate ona bermatzea eta prozesu egokiak erabiltzea baita Mahalaren lan egiteko moduaren oinarria.

Izozkiak ere egiten dituzte baserriko esnearekin. Mahalako filosofian txertatuaz, natural-naturalak dira, kalitatezko osagaiak gehigarri artifizialik gabe erabiltzen baitituzte. “Kontsumitzaileak orokorrean limoizko izozkia hori kolorekoa izatea espero du, baina kolore hori artifizialki erantsia da, berez limoia barrutik ez delako horia. Horregatik Mahalako limoizko izozkiak ez dira horiak” argitzen du arloko arduradunak.

Berdin gertatzen da txerrikien hazkuntzan ere. Estresik gabe, modu osasuntsuan eta aske hazitako txerrien haragia lortzea da Mahalaren helburua. Ondo osatutako okela, gantz gutxirekin eta gantz infiltratua dauzka ezaugarri bezala beraien txerrikiak. Ondoren modu naturalean ondu ahal izateko produktuei ura galduarazten diete, egungo hainbat industria prozesuetan justu alderan-tzizko teknikak jarraitzen badira ere.

Beraien produktu guztiak zeliakoentzat ere egokiak dira, kukurutxodun izozkiak ezik. Ez baitute beti erabili diren oinarrizko osagaiez gain besterik gehitzen produktuetan.

Ondoren, produktua zuzenean banatzen dute Euskal Herriko hainbat dendatara. Hotzerako eta izozkientzat prestatutako ibilgailuez hornitzen joan dira pixkanaka Mahalan. “Azken bezeroarekin dugun harremanak garrantzia du, gure prozesuaren hasieran kokatzen gaitu berriro. Etengabe merkatuaren beharrei erantzun behar zaie”. Eguneroko lana dela azpimarratzen du komer-tzializazio arduradunak, hobetu daitezken aspektuak mahai gainean jarri eta aztertu egiten dira, “edota ondo egina dagoenari irribarrez so”.

Hurrengo egunean eguzkia atera-tzen denerako banatzaile bakoitzak ibilgailua prest izango du berriro produktuz beteta Mahalan behera abia-tzeko. N.G.