raindik geratzen gara munduan ergel batzuk gasolinaren prezioak noizbait beheruntz egingo duenaren esperantzarekin. Ordaintzen dugun kopurua kupelaren salneurriari lotuta zegoela ere pentsatzen nuen, nire inozotasunean, baina ez. Lehengaiaren upela ez dago sekula baino garestiago orain, baina aldiz autoa martxan jartzea bai. Zerk edo nork markatzen du prezioa orduan? Eta noiz arte jarrai dezake gora eta gora egiten?

Aurrekoan gasolindegira jo nuen eta berriz ergel aurpegiarekin atera nintzen. Beste behin. Ez prezioagatik, lapurreta horretarako prestatua atera bainintzen etxetik. Bost litroko bidoi bat eraman nuen, belarra mozteko makinak ere behar baitu erregaia. Botilatzarra bete, eta litro kopurua ikustean 5,2 jartzen zuen. Zin dagit ez nuela tantarik bota kanpora, eta goiko muga ez nuela pasa inondik inora. Nola da posible bost litro kabitzen diren edukiontzi batean hori baino gehiago kabitzea? Agian azalpen fisiko bat egongo da. Agian bidoiak gaizki neurtuta datoz, marjina pixka batekin. Baina ziur-ziurra dena nire tonto aurpegia izan zen, kexatzeko adorerik ez eta ixil-ixilik ordaindu nuenean. Bost litrotan alde txikia izan daiteke portzentai hori, baina kotxeko edo kamioiko depositua betetzean, xentimo asko dira betikoen alde.

Etxerako buelta horri bueltaka pasa nuen, eta ikusita azken egunetan supermerkatuetako olio eta beste zenbait produktu falta direla, otu zitzaidan jendeak berdina egin zezakeela erregaiarekin. Etxean bildu ahalik eta gehien badaezpada ere. Baina lege nahiko zorrotza dago horren inguruan, eta beharrik, bestela oligopolio handiek bakarrik ez eta norbanakoek ere lagunduko lukete eta prezioak hare gehiago igotzen. Eskaintza-eskari legea, badakizue, merkatu librea.

Tendentzia ez da berria. Atzeraegi jo gabe gogoratuko duzue ahazte bidean daukagun pandemiaren hasieran nola falta genuen komuneko papera. Gero irina etorri zen, alkohola, arrabolak, bizikletak... Beti sortzen da berehalako behar bat. Kontsumoa igotzen da beldur bat sartu digutelako, eta hori argitaratzean, beldurra hareagotu egiten da. Eta beldurrarekin batera, prezioa noski. Konspiraziorako joera banu, batenbatek nahita egiten duela ere pentsa nezake. Beharra sortu eta poltsikoa bete.

Bihar erosketa egitea tokatuko zait, baina zaudete lasai, ez ditut dozena bat ekilore olio botila erosiko, belarra makina mozteko makina horrekin martxan jartzeko gai naizela deskubritzen ez dudan bitartean behintzat.