lorentziatik pasa zaretenak gogoan izango dituzue Piazza della Signoria-n dauden eskultura txundigarriak. Aipatuena Michelangelo-ren David izan ohi da. Maisulana inongo eztabaidarik gabe. Plazan bertan, ez oso urrun, Benvenuto Celliniren beste lan ikaragarri bat topatu dezakegu, Perseo Medusaren buruarekin. Brontzezko pieza da, eta Perseoren gorputz biluzia kontortsionatuta agertzen da Medusaren burua esku batean duela, azken honi lepoa moztu ostean. Eskulturen artean gehien gustatzen zaidanetako bat da, onartuko duzue.

Kontua da Greziar mitologiak dioela Medusaren odoletik jaio zela Pegaso, zaldi zuri hegoduna. Eta azken egunotan zaldiaren izena berriz egunerokotasunean sartu zaigu, espioitza programa baten izena baita. Programa hau Israelek sortu zuen, eta guretzat zerbait berria bada ere, badirudi zenbait politikarien artean nahiko ohikoa zela erreminta honen erabilera. Hasiera batean lider independentziazaleak zelatatzeagatik egin zen famatu gure inguruan, baina itxuraz beste zenbait ere zelatatzen ari zen momentu berean, baita zerbitzua bera kontratatu eta defendatzen duten horiek berak ere. Kanika eskukada zerura botatzean bezela, kakanahaste horretan ere, arriskua dago beherakoan norbere burua kolpatzekoa ere.

Dezenteko ergel aurpegia geratu behar zaio bati horrelako zerbait gertatzean. Dirutza bat ordaindu ondoko bizilagunaren trapu zaharrak ikusi ahal izateko, eta bitartean, goiko pisuko auzotarra gureak miatzen.

Dozena bat abisu jasotzen ditugu urtean zehar gure mugikorretan. Ez ireki korreo hau, ez egin klik esteka horretan, ez sartu horrelako webguneetan... Zenbaiti beldurra ere eragingo diote horrelakoek, otsoa datorrenaren koplak aspertu ez badu behintzat. Baina egia da edozein mezu, zerbitzari edo cookie madarikatuak onartzean geratzen zaigula gure datuak oparitzen ari garenaren sentsazio hori. Eta begira, etsaia ez zegoen guri dirua kentzeko zelatan soilik, beste interes batzuk ere baziren tartean. Etsai bat baina gehiago dugu itxuraz.

Greziar mitologia berreskuratuz, Pegaso zaldia Belerofontek menderatu zuen. Belerofonte gehiegizko handinahiarekin lotzen den pertsonaia da gainera, eta kontzeptu hau ederki datorkio gaurko gaiari. Zenbaiten sakelekoen informazioa eskuratzearren irrika horrek, agerian utzi baititu Moncloako estoldak beste behin. Eta horrekin nahikoa ez balitz, erlauntza xaxatzen ibili direnen zikinkeriak ere agerira atera ditu. Kaioari ostikada ematera joan eta honek kaka burutik behera. Eskerrak gainetik Pegaso bera ez duten hegan, baten batek merezia baldin badu ere. l