Datorren urriaren 16an Tafallako Garces de los Fayos Ikastolak bere laugarren Nafarroa Oinez festa antolatuko du Erdian Erein lelopean, eta nola ez, gogora datorkigu duela hamaika urte ospatu zen azkenekoa, 2011n, alegia. Urte hartan, aurrera eramandako dinamika guztien barruan, Tafallan, Oinez Basoa sortzea proposatu zen, baita arrakasta handiz burutu ere. Dudarik gabe, gerora jarraipen bikaina izan duen proiektua bihurtu da eta are gehiago, Nafarroako Ikastolen Elkarteko festa nagusiaren baitan nahi ta nahi ezko ekimena bihurtu da urtez urte. Hala, Oinez jaia ospatzen duen Ikastolak bere herriko landa eremu bat basoberritzen du urtero.

Egungo gizarteak duen kezka global handienetako bat aldaketa klimatikoa eta ingurumenarekiko kontzientzia da, eta hezkuntza ezinbesteko faktorea da belaunaldi berrietan egin beharreko lanketan. Bada, Oinez Basoaren helburu nagusia euskararen bultzada, gure hezkuntza proiektua eta naturarekiko konpromisoa uztartzea da. Era berean, Ikastolen jai erraldoiak duen inpaktu ekologikoaz jabetuta, berau antolatzean erabiltzen diren baliabide naturalen kontsumoa, hondakinen sortzea edota berotegi-efektuko gasak jaulkitzea nolabait orekatu edo konpentsatzearren sortutako ekimena dela esan daiteke.

Proiektuaren hastapenak 2008an izan ziren, Arbizun, eta bigarrenik, Tafallan. Geroztik Tuteran, Zangozan, Baztanen, Andosilla-Sartagudan, Lesakan, Altsasun, Arguedasen eta Barindano-Antzin-Lizarran 10 baso sortu dira eta 14 urteetan zehar egin den ibilbidearen baitan, 50.000 zuhaitzetik gora landatzea lortu da Nafarroa guztian barrena.

Ikasleak eta zientzialariak

Gure herriaren kasuan, hegoalderuntz zabaltzen den Plano mendiaren hasieran egin zen landaketa, 7700 arte eta erkametz jarriaz 8’3 hektarea dituen zabaleran. Geroztik egin den jarraipenaren ondorioz, harro esan dezakegu Tafallako Oinez Basoa nolabait paradigmatiko bihurtu dela, eta horren adibide garbia da 2012-2013 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ingeniari Agronomoen Goi-mailako Eskolako lantaldearekin abiatu zen ikerketa proiektu berritzailea. Iñigo Virto doktorearen gidari-tzapean, basoak eragindako karbono atmosferikoaren bahiketa eta ingurumen-onurak ebaluatzen hasi ziren, eta lortutako emaitzek ez dute duda izpirik uzten: jadanik 500 tona CO2 baino gehiago xurgatu ditu Tafallan landatutako birika honek, 100.000 litro dieselek kutsatzen duena baino gehiago. Gainera lurzoruaren kalitatea izugarri hobetu du eta bertako mikrofaunaren aniztasuna bultzatu ere bai.

Ildo beretik, Plano mendiko basoaren jarraipen hau gure Ikastolako hezkuntza jardueraren baliabide pedagogiko bilakatu da. Diseinatutako metodologiari esker, Garcés de los Fayos Ikastolako ikasleek zuzenean parte hartu zuten Unibertsitateko zientzialariek hartutako laginetan eta neurketetan. Halaber, haiek ere izan dira zuhaixkak artatu eta hezi dituztenak nolabait. Udazkenoro DBH 1. eta 3. mailako ikasleek ezkurrak biltzen dituzte gero ikastolan bertan ernetzeko. Ikasturte bat zaintzen egon ostean, 2. eta 4. mailan daudenean Oinez Basoan aurrera egin ez duten landareak haiek landatutakoekin ordezkatzen dituzte. Sobera geratzen diren kimuak Tafallan dagoen beste landaketa proiektuetarako landatzen ditugu, Berdesia kasu.

Cascarruejoseko behatokia

Oinez Basoa hazten ari dela ikusita, Tafallako Ikastolak beste proiektu bati heldu dio aurten. Ingurumenaren eta hezkuntzaren ildoari jarraiki, Tafallako ondare naturalaren txoko ederra den aintzira txiki batean hegazti behatoki bat sortzea pentsatu da, Cascarruejos izenekoan hain zuzen. Honen kokalekua arestian aipatutako Plano mendiaren beste aldean legoke, hegoaldera joanaz, La Sarda eta Candaraiz eremuen artean.

Euri-urez sortutako urmael hau gozamenerako eta ingurumen-hezkuntzarako beste elementu batean bihurtu nahi da, edonork disfruta dezan. Proiektuaren asmoa lurraldean ahalik eta integratuen egongo den behatokia eraikitzea da, inguruko landa eraikinen antzekoa, ahal den neurrian birziklatutako materialekin, non harriek, kareak, lurrak eta zurak paisaiarekin mimetizatuko duten. Hainbat azpiegituren erruz ingurunearen etengabeko sarraskia paira-tzen ari garen honetan (AHT-a, Nafarroako ur-kanala, autopista, haize-errrotak…) eskertzekoa da Ikastolaren eta Udaletxearen elkarlanari esker Tafallako landa eremuak izango duen beste arnasgune hau. Zorionak!