“Ezkabatik euskarara hegan, Argari ortzadarra eman, auzo lana dakar ibai ertzak, zubi bat batzeko ametsak. Auzoa munduago delako harresiz kanpo…”. Horrela dio gure eskolako abestiaren lehenengo bertsoak. Abestiaren letran, gure eskolako aita den Sustrai Colina bertsonariak Patxi Larrainzar ikastetxeko nortasuna modu zoragarrian isladatu zuen.

Pasa den ikasturtean, Arrotxapea auzoan D ereduak 25 urte bete zituela eskolan ospatu genuen. Musika irakasleek, garbi genuen eskolako kantua sortzeko aukera ezin hobea zela. Erronka eta ardura handia zela bagenekien eta gure ikastetxeko Hezkuntza Komunitate guztiaren parte hartzea bultzatu nahi izan genuen. Hau da, auzolanenan eginiko proiektua martxan jartzeko lan egin genuen. Melodia sortu eta Sustrai Colinarekin harremanetan jarri ginen. Bere hitzetan, bikain adierazi du gure eskolaren izaera, euskera eta auzoaren arteko harremana. Gure maskota den Lartxi hiru alderdi horiek lotzeko aria bihurtu zuen. Lartxik, eskolako logotipoaren errotan oinarrituta, eskolarako garrantzitsuak diren lau kolore kontzeptualak adierazten ditu: gorria, festa; berdea, Ezkaba mendia; urdina, Arga ibaia; eta laranja,eskolakoa.

Behin melodia nagusia eta letra sortuta, musika-tresnak sartzeko momentua zen eta horretarako eskolako guraso eta irakasle talde baten laguntza izan genuen. Ondorengo grabaketa egiteko, auzoko Oskar Elsoren laguntza ezinbestekoa izan zen, bere estudioa utzi zigun eta eskolara etorri zen ikasleen ahotsak grabatzera ere.

Oso momentu garrantzitsu eta hunkigarria izan zen ikasleei, lehen aldiz kanta erakutsi genienean. Hasieratik, txikienetatik handienetara, ilusioz eta gogotsu aritu ziren abestia ikasten. Berehala hasi zen eskolako pasabide eta patioan abestiaren estribiloa entzuten, txistuka, txirulekin, ahotsekin… Abestia jada berea egina zuten eta maite zuten!

Bideoklipa

Bideokliparen grabaketa egiteko eguna iritsi zen. Eskolako aita den David Bernuesek eta bere lan taldeak izugarrizko lana egin zuten. Auzotik grabaketak egin zituzten, parkean, ibai ertzean eta eskolako eguneroko irudiak ere hartu zituzten. Baina dudarik gabe bereziena eskolako patioan, ikasle, irakasle, beste langile eta Hu-tsun auzoko txalapartariak bildu ginenean izan zen. Kolorezko puxikak eta haize errotak eskuetan genituela, eskolako kamiseta berriak jantzita, txalapartaren erritmoa jarraituz saltoka eta txaloka aritu ginen.

Ikasturteko azken egunean bideokliparen estrenaldia egin genuen. Ikasturte osoko talde lanaren azken emaitza ikusi genuen eguna bezala gogoan izanen dugu.