1989an ospatu genuen geure lehen Oinez festa, eta orduan, “Nafarroa euskaldun” batean bizitzeko eskubidea aldarrikatu genuen. 1996an aldiz, “herrikolorez” jantzi genituen geure bailarako bazterrak. 2009ko Nafarroa Oinezari esker, hizkuntza “txikiak handi” bilakatu genituen, eta 2023an, ozen eta tinko “hotsein!” nahi dugu, argi eta garbi entzun daitezen gure hots eta ahotsak! Gure proiektua eta gure aldarrikapen eta konpromisoak lau haizeetara zabaldu nahi ditugu, euskararen, euskal kulturaren eta aniztasunaren aldarrikapenak eginez.

“Hotsein!” izango da gure aurtengo Oinez festaren leloa. Aditz honek, bi adiera ditu Sakanako herrietako hizkeretan. Batetik, “zarata egin” edo “burrunba egin”, eta bestetik, “deitu” edo “aldarrikatu”. Indarrez beteriko ikurritza da. Bailarako hizkerari balioa emateaz gain, sentitzen dugun hori adieraztera bultzatzen gaituena, eta pentsatzen duguna lau haizeetara oihukatzera eramaten gaituena.

Logoa aldiz, bozgorailu bat izango da. Leloaren harridura ikurrari (!) hiru marra gehitu dizkiogu, gailu honen itxura har dezan. Bozgorailua da gure ahotsa zabaltzeko erabili nahi dugun tresna, ezin hobe isla-tzen baitu gure hots egiteko grina.

Bestetik, bozgorailuko marretan erabilitako koloreak, Andra Mari Ikastolaren logoan ageri diren berberak dira: berde iluna, berde argia, horia, laranja eta gorrixka. Kolore horiek, Sakanako mendi eta basoek lau urtaroetan zehar hartzen dituzten koloreak dira, eta bide batez, inguruan dugun aniztasuna irudikatu eta balioesteko erabili nahi izan ditugu.

Honela, leloa, logoa eta hauetan ageri diren koloreak elkartuta, gure Nafarroa Oinez festa eta Andra Mari Ikastolaren proiektua, euren artean uztartzen ditugu.

HELBURUAK

Lehenik, 2023ko Oinez festaren bidez, 53 urteotan bultzatu dugun hezkuntza-proiektu inklusiboa hedatzen jarraitu nahi dugu, baina gaur egungo erronka berriei helduz. Euskara eta euskal kulturari lotuta egituratu den eta eredu kooperatibistan oinarritzen den hezkuntza eredu eleanitza da gurea, eta bide horretan sakontzen jarraitu nahi dugu.

Bigarrenik, gure festa euskaltzaleon topagune paregabea izateaz gain, aldarrikapen batzuk egiteko bozgorailu izatea ere nahiko genuke. Hala, “hotsein!” nahi dugu arnasguneetan gauden ikastolon indarra eta beharra aldarrikatzeko! Hots egin nahi dugu euskararen erabilera sustatzeko eta euskal kultura transmititzeko! Hots egin nahi dugu ikastolon izaera publikoa eta geure kudeaketa-eredu herrikoia aldarrikatzeko! Hots egin nahi dugu, hezkuntza-proiektu aitzindari eta eraldatzailea izaten jarraitu nahi dugulako! “Hotsein!” nahi dugu, argi eta garbi. Zoli eta irmo.

Amaitzeko, Oinez festaren bidez lortzen ditugun irabaziak, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eraikinean hobekuntzak egiteko baliatu nahiko genituzke. Eraikina 1965ekoa da eta gabezia larriak ditu. Irisgarritasun arazo nabarmenak dauzka, eta horiek konpontzeko, ezinbestekoa da igogailu bat jarri eta arrapala bat egitea. Bestalde, eraikinak isolamendu eskasa dauka, eta bai teilatuak, paretek nola leihoek, hobekuntza lanak behar dituzte. Berogailu sistema ere aldatu nahi dugu, efizienteago eta ekologikoagoa izan dadin. Bukatzeko, atzeraezina da aldagela eta dutxetan dauzkagun gabetasunak konpontzea. Azken batean, XXI. mendeko hezkuntzaren beharrei eta jasangarritasunarekin dauzkagun konpromisoei eraginkortasunez erantzungo dien eraikin bat behar dugu.

ORAIN ARTEKOAK

Tafallako Ikastolako lagunek Oinez festaren lekukoa pasa zigutenetik denbora gehiegi pasa ez den arren, izugarria izan da tarte honetan egin behar izan dugun lana. Ikastolako guraso eta ikasleak, irakasle, langile eta ikasle ohiak, ikastola lagundu nahi duten herritar eta eragileak… soinez-soin, bakoitza bere esparrutik baina denok bat eginda, aspalditik ari baikara elkarrekin lanean, gogoangarria izango den Nafarroa Oinez bat antolatzeko bidean.

Batzorde ezberdinak osatzen dituzten 200 kide eta buruek hilabeteetan zehar egindako itzaleko lan isilaren ondoren, azkenean, azaroaren 3an abiatu genuen gure ibilbidea, Iruñean emandako prentsaurrekoan, festaren helburuak, leloa eta logoa aurkeztu genituenean.

Zortzi egun beranduago, azaroaren 11n, Oinez denda mustu genuen. Aipatzekoa, hasiera-hasieratik dendak izan duen harrera. Denetariko kamisetak, izerditakoak, legginsak, poloak, poltsak, motxilak, aterkiak, katiluak, biserak, galtzerdiak, buffak… topa daitezke bertan. Etxarriko Kale Nagusiko 2. zenbakian aurki gaitzakezu, edo online, www.nafarroaoinez.eus webgunean. Ez galdu aukera! Mila gauza eder dauzkazu zain!

Azkenik, azaroaren 26an izan zen 2023ko Oinez jaia Sakanako jendarteari aurkezteko aukeratu genuen eguna. Une hunkigarri asko utzi zizkigun Arbizun bizi izan genuen jaialdiak, eta hala, kiroldegia lepo beterik, “hots eginez” eta euskara lau haizeetara aldarrikatuz ospatu genuen gure aurkezpen festa. Leloa (“hotsein!”), logotipoa (bozgorailua) eta Oinez dendako materialekin egindako desfile erraldoia izan ziren jaialdiaren protagonista nagusiak.

HEMENDIK AURRERAKOAK

Ondo dakigu urriaren 8a urrun dagoela, eta luzea dela oraindik aurretik daukagun bidea. Ondo jakin ere, bide horretan, gure izerdiz gain, ezinbestekoa izango zaigula euskaltzale ororen elkartasuna. Horregatik, Sakanako bihotzetik, mila esker aldez aurretik, Andra Mari Ikastolari Nafarroa Oinez arrakastatsu bat ospatzeko bidean eskainitako laguntzagatik. Bide batez, bai urtean zehar nola Oinez egunean bertan antolatuko ditugun jardueretan parte hartzera gonbidatzen zaitugu.