Labiaga Ikastola, memoria duen ikastola denez eta bere herriko historia ezagutzea, zabaltzea eta mantentzea oinarrizko helburutzat duenez, Askatasun Haizea proiektuaren nondik norakoak zabaltzea erabaki du.

Oroimen historikoa jasotzea eta hausnartzea da; gure gizartean sendatu gabe utzi ziren zauri edo egoerak sendatzen eta sendotzen lagundu nahirik, beti ere kontuan hartuz izugarrizko lana egin dela isiltasunean mantendu nahi izan diren pasarteak azaleratzeko. Iraganak gure egungo gizartean nola eragin duen hobe ezagutzea eta hiritartasunaren kontzientzia hartzea.

Argaitz, Gurs eta Labiagaren arteko lotura

Ikastolako DBHko ikasleek 1936-1939ko gerra oinarri hartuta proiektu bat gauzatu dute. Nahia Senper Mazizior, Labiaga Ikastolako ikasle ohi, Patxi Lazkanotegi, Labiaga ikastolako guraso eta Aitor Elexpuru, Berako alkate bidelagun izanik, Argaitzeko harrobia (Oroimen historikoaren leku izendatua), Berako plazako eskultura eta Okalarreko (Bera) kontzentrazio esparrua bisitatu dituzte.

Beran, gerra garaian 1936ko abuztuaren 3an, Berako plazan bertako familia anitz erbesteratuak izan zirela jakin dute. Plazara deituak izan ziren eta bertan, Guardia Zibil batek ondorengoa erran zien: “¡A Francia, a Gipuzkoa o a fusilar!”. Gehienek muga pasatzea eskatu zuten baina zoritxarrez kamioietan goititu eta Gipuzkoarantz eraman zituzten. Familia horiek, emakumeak eta seme-alabak, herritik joan zirenean jasandako kalamidadeak ezagutu dituzte. Gizartearen polarizazioaz ere aritu ziren, bi bando nagusien (matxinatuak, errepublikarrak) arteko desberdintasunak azpimarratuz garaiko gizartea hobe ulertu ahal izateko.

Argaitzeko harrobian, bertan dagoen murala interpretatuz, Nafarroan fusilatu gehien izandako lekua izan zela adierazi zaie. Fusilatuak batez ere Gipuzkoatik ekartzen zituztela, gauez erailtzen zituztela, alkateak parte hartzen zuela…Eraildako pertsonak, Berako hilerrian hobi komunean lurperatzen zituztela edo Batzarleku izeneko lekuan edota errepide bazterrean gorpuak uzten zituztela jakin zuten. Oraindik aurkitu ez diren gorpu anitz daudela eta zauri hori ixtearen garrantziaz, oroimenaz, justiziaz eta erreparazioaz aritu ziren.

Okalarren, kontzentrazio esparruaren bisitan, Patxik hango bizitza nolakoa izan zen kontatu die. Bertan barrakoiak zeuden eta bizi baldin-tzak izugarri kaxkarrak ziren. Presoek jatekorik apenas jasotzen zuten, patata bat, eguna lan eta lan pasatzen zuten… Eremu honetan, futbol zelai bat prestatu zuten eta presoen artean futbolari onak zirenak, herrietako futbol taldeen aurka arituz, handik ateratzeko aukera zuten eta sari gisa patata bat jasotzen zuten.

Eguraldi txarra zela eta ez dira bunkerrak ikustera joan baina hauen eraikuntzaren zergatiaz eta garran-tziaz solastatu dira. Mugan egonik, II Mundu Gerrako gertakariez aritu dira. Guzti hau II. Munduko gerrarerakin lotuz, Gurseko kontzentrazio esparruan egon dira Labiagako ikasleak. Terre de Mémoires et de Luttes elkarteko kideekin egin dute bisita. Bertzeak bertze, barrakoiak eta hilerria bisitatu dituzte.

Diapositiben bidez ezagutu dute esparruko errealitatea, eta gogoan izan dituzte Gurs-en egondako beratarrak: Frantxia Halzuet Alzate, Isidoro Fagoaga, Faustino Alli Ferrero, Tomas Apat Telletxea, Severo Apat Telletxea, Saturnino Garbala Ardanaz, Eugenio Garcia De La Lastra, Jose Garcia Fernandez, Francisco Jauregi Telletxea, Jose Sanchez Telletxea, Jesus Telletxea Ordoki eta Juan Vallejo Corrales.

Bi kontzentrazio esparruak (Okalarre, Gurs) bisitatuz hauek konparatzeko aukera eta Espainiar Estatuak eta Frantziar Estatuak ondare ta memoria historikoari ematen dioten tratamendua ikusi dute.

Labiaga Ikastolako gazteek 1936ko gerran eta ondorengo urteetan izan zen jazarpenaren inguruko kon-tzientzia hartu eta 1936ko gerran erberesteratuak izan ziren euskaldun eta gainontzeko hiritartasuneko pertsonek Frantziar Estatuan izan zituzten bizi baldintzak ezagutu dituzte. Ikasleek beraien aitatxi-amatxik bizitako Frankismo garaian, bai Euskal Herrian eta bai Euskal Herritik kanpo izan ziren krimenen inguruan iritzi kritikoa landu dute. Bisita hauen bitartez, memoria historikoa gordetzearen eta zabaltzearen garrantzia jaso eta Historiaren kontakizuna ez dela bat eta bakarra ulertu dute.

Proiektu honekin, XXI. mendean sortutako pertsonen bizitzan guzti honek izan duen eta duen eragina eta Bera herriak ahantzien oroimenez urtero (2018an hasita) egiten duen omenaldiaren zergatia eta garrantzia azpimarratu da, egia, justizia eta erreparazioaren garrantzia landuz.