Iruñerriko Komunikabideak Fundazioak (IKF) Bostekoa Saria sortu du, euskarari ospe, bultzada eta ikusgarritasuna ematen dizkioten euskaltzaleen jokamoldea eskertzeko. Fundazioko kideek, aho batez, lehen saria Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileari ematea erabaki dute. Sari-ematea gaur izanen da, arratsaldeko 19:00etan, Iruñeko Civican aretoan eginen den ekitaldi batean. Arrasaterekin solasean aritzeaz gain, musika, irudia eta bertsoa ere ez dira faltako.

Antolatzaileek sariaren jatorria azaldu dute: “Bostekoa gure ekimena islatzeko esapide egokia delakoan gaude. Bostekoak, izan ere, kideen arteko agurra eta begirunea adierazten du. Bost hitzak, noski, eskuko hatzei egiten die erreferentzia. Eskua luzatzea, solas egitea bezala, elkarrekin egiten da, komunitatean”. Hala, Kike Diez de Ulzurrun IKF-ko lehendakariak argitu du euskarak “batzen gaituen eta begirunea merezi duen hizkuntza” dela. “Zorioneko ere egiten gaitu, milaka nafarrek egunero erabiltzen dutelako hemengo hizkuntza. Guretzat euskara naturaltasunari, zoriontasunari eta harrotasunari dago lotua. Euskaldunak gara… eta harro gaude. Pagotxa da holako kultur altxor bat duen herrian bizitzea”.

Hartara, IKF-k Arrasate aukeratu du Bostekoa sariaren merezidun bezala “pertsona estimatua eta errespetatua” delako, “gizon umil eta normala, hortik gutxi duen futbol munduan. Euskaldun eta euskaltzalea, Iruñera etorri zenetik euskaraz egin du, naturaltasunez: prentsaurrekoetan, ekitaldi publikoetan, ospakizunetan, entrenamendu eta partidetan ere. Bertsozale handia izanik, bertsotan ere ikusi dugu Iruñeko Udaletxe eta Gaztelu plazan, zalez inguraturik…”. Futbolak gizartean duen eragina eta Osasunak nafarren sinbolo gisa duen pisua kontutan hartuta, erakundeari “oso pozgarria” iruditzen zaoi Arrasateren jokamoldea, “euskarari ospe, bultzada eta ikusgarritasuna ematen baitizkio”.

IKF interes sozialeko fundazio pribatua da. 2011n sortu zen, Eugenio Arraiza Rodríguez-Monte iruindarrak bultzatua. Iruñean du egoitza eta ahozko ondarea sendotu eta finkatzea du xede, “zentzurik sakonenean eta zabalenean; bereziki, ahozko jarduna euskaraz”. Horren haritik, era askotako jarduerak egiten ditu, bai bere kasa, bai antzeko xedeak dituzten erakundeekin batera.

Ekitaldia

Sarrera. Sarrera librea da aretoa bete arte, aurretik izena emanda: edo komunikazioa@ikf.eus helbidera idatziz.