Zortzi urteko haurrak kasketa bat du. Tableta edo mugikorra eman eta, aztikeriaz, negarrak, kexak eta haserrealdia desagertzen dira. Mundu osoan milioika gurasok egunero egiten duten keinu xume horrek atzeraelikatzen den arazo bat eragin lezake haurren artean.

Izan ere, Amerikako Psikologia Elkartearen (APA) ‘Psychological Bulletin’ aldizkarian argitaratutako nazioarteko ikerketa batek ondorioztatu duenez, gailu elektronikoen aurrean denbora gehiegi ematen duten adingabeek garapen emozional eta jokabidezko nahasmenduak izan ditzakete.

“Haurrek gero eta denbora gehiago ematen dute pantailen aurrean, entretenitzeko, etxeko lanak egiteko edo lagunekin komunikatzeko”, azaltzen du Michael Noetel-ek, Psikologian doktorea eta Queensland Unibertsitateko (Australia) Psikologia Fakultateko irakasle laguntzaileak, eta ikerketako egileetako batek. “Pantailen aurrean denbora luzatzeak arazo emozionalak eta portaera-arazoak eragin ditzakeela ikusi dugu, eta arazo horiek pairatzen dituzten haurrek askotan pantailetara jotzen dutela horiek jasateko” azaltzen du Noetelek.

Arazoa eta ihesbidea

Nazioarteko ikerketa horrek ia 300.000 haurren datuak aztertu ditu hainbat urtez eta pantailak haurtzaroan emozio- eta jokabide-arazoak eragiteaz gain, adingabeek une zailak igarotzen dituztenean ihesbide nagusia ere badirela ondorioztatu du.

Ikerketa-taldeak bi norabideko harremana identifikatu du. Alde batetik, gailu elektronikoekin denbora gehiago ematen duten adingabeek arazo sozioemozionalak garatzeko arrisku handiagoa dute; bestetik, zailtasun horiek dituzten haurrek pantailak ihesbide gisa gehiago erabiltzeko joera dute. Hau da, gurpil zoro bat sortzen da: pantailek arazoa sortzen dute eta, aldi berean, konponbide bihurtzen dira.

Ikerketa hau denborarekin pantailen erabilerak haurren garapen emozionalari nola eragiten dion aztertzen duen ikerketarik handiena da. Australiako Unibertsitate Katolikoko zientzialariak buru izan dituen nazioarteko taldeak Estatu Batuak, Kanada, Australia, Alemania eta Herbehereak bezalako herrialdeetan gai honen inguruan egindako 117 azterlan berrikusi ditu. Azterlana 10 urte bitarteko adingabeetan ardaztu da eta pantailen erabilera-denbora (telebista, bideojokoak, sare sozialak eta eskolako online zereginak) eta arazo emozionalak eta sozialak (antsietatea, depresioa, agresibitatea eta hiperaktibitatea) ebaluatu ditu.

Kasu bakoitzaren gutxieneko jarraipena sei hilabetekoa izan da, eta horrek aurretik zer gertatzen den zehaztea ahalbidetu du, hots, arazo emozionalek pantailak gehiegi erabiltzera eramaten duten ala alderantziz den.

Bideojokoen arriskua

Ikerketak bideojokoen garrantzia azpimarratzen du eta maiz jokatzen duten haurrek etorkizunean arazo emozionalak eta jokabide-arazoak garatzeko aukera handiagoak dituztela ondorioztatzen du. Ikerlanaren arabera, bideojokoekin jolastearen ondorio kaltegarriak telebista edo bestelako edukiak ikustea baino handiagoak dira. Gainera, zailtasun emozional gehien dituzten haurrak dira, hain zuzen ere, bidejokoetan kontsolamendua bilatzeko joera handiagoa dutenak.

Ikertzaileen iritziz, seme-alaba txikienen kasuan ikus daitezkeen edo ikus ezin ditzaketen edukiak aukeratu behar diren bezala, seme-alaba helduagoen kasuan gurasoek bideojokoen erabilera-denbora mugatu beharko lukete.

Uste izan ohi denaren kontra, ikerketak adierazten du 6 eta 10 urte bitarteko haurrek eragin negatiboak izateko arrisku handiagoa omen dutela 0 eta 5 urte bitartekoek baino. Hori gertatzen da adinekoak autonomoagoak direlako, kontsumitzen dutenaren gaineko kontrol handiagoa dutelako eta gailuak ihesbide emozional gisa erabiltzeko aukera gehiago dituztelako. 3 urteko haur batek gurasoek jartzen dioten edozein eduki ikusten du, baina 7 urteko haur batek aktiboki bilatu ditzake bideojokoak edo bideoak triste, haserre edo grinatsu sentitzen denean.

Entretenimendu digitalaren ezkutuko kostua

Haur batek pantailaren aurrean ematen duen ordu bakoitza gizarte trebetasunak garatzera, jarduera fisikora edo bere emozioak egoera errealetan kudeatzen ikastera bideratzen ez duen ordu bat da. Ikertzaileek “desplazamendu efektua” izena eman diote fenomeno horri.

ibidez, 9 urteko haur bat zapuztuta iristen da eskolan egun txar bat izan duelako. Gurasoekin hitz egin, jolastera irten edo lasaitzeko beste modu osasuntsu bat bilatu beharrean, tabletarekin edo bideo-kontsolarekin geratzen da bakarrik bere logelan. Pantailak berehalako lasaitasuna emango dion arren, ekintza horrek bere emozioei aurre egiteko estrategia eraginkor bat garatzeko aukera oztopatuko du. Gainera, bere erresilientzia emozionala indartzen lagunduko dion gurasoekiko harremana ere eten egiten du.

“Gurasoek seme-alabek gailuekin zenbat denbora ematen duten kontrolatzeaz gain, ikusten dituzten edukiak eta horiek ikusteko arrazoiak ere kontrolatu beharko lituzkete”, adierazi du Noetelek. Guraso-kontrolak erabiltzea gomendatzen du, baina baita haurrentzat laguntza emozionala bilatzea ere. “Gurasoak ez dira erabilera kontrolatzera mugatu behar, erabilera horretarako arrazoiak ere ulertu beharko lituzkete”.

Pantailak “automedikazio emozionalerako” modu gisa erabiltzen dituen seme edo alaba bat identifikatzen duten gurasoek aukera gehiago dituzte irizpide handiagoarekin esku hartzeko. Horri esker, antsietate- edo portaera-arazoei zuzenean aurre egin ahal izango litzaieke, pantailaren aurrean denbora murrizteaz harago.

Egileek nabarmentzen dute pantailen erabilera jakin batzuek, adibidez, gurasoekin batera ikusitako eduki hezitzaileek, ez dutela eragin kaltegarririk. Hortaz, arazoa ez dago pantailetan, horien erabileran baizik.

Ikerketaren egile nagusia den Roberta Vasconcellos-ek, doktorea eta Australiako Gales Berriko Hego Unibertsitateko irakaslearen esanetan, “ ikerketan haurren pantaila-denbora kudeatzeko ikuspegi ñabartu baten beharra nabarmentzen da”. “Pantailen erabileraren eta arazo sozioemozionalen arteko noranzko biko harremana ulertzean, gurasoek, hezitzaileek eta arduradun politikoek hobeto lagun dezakete haurren garapen osasungarria gero eta digitalagoa den mundu batean”.