Burua eta bihotza jarri du Paz de Ziganda ikastolak Atarrabiako Kultur Etxean antolatu duen omenaldi zein lekuko aldaketaren ekitaldian. Nafarroa Oinez egunean une hunkigarrienetako bat izan ohi dena antzerkiz eta musikaz jantzi dute antolatzaileek, lepo bete den areto batean. Sinbolikotik ere asko izan duen ekitaldian kontzeptu bat nabarmendu da: auzolana. Hori izan baita omenaldiaren muina, eta haren eskutik urte osoan zehar euskararen bestaren antolakuntzan parte hartu duten pertsona guztiak.
“Komunitatea ez da bakarrik egiten”, gogoratu du oholtzatik Elena Uriz aktoreak, herria “eraikitzen ikusi” duen emakumearen roletik. “Ahalegin partekatuak beti fruitu onak ematen ditu eta indartsuak egiten gaitu. Hazia gauza txikia da eta lurrik gabe ez da ezer. Urik gabeko lurra lehortu egiten da eta hazia galtzen da. Erein dezagun, jarrai dezagun ereiten”, nabarmendu du pertsonaiak, ikastolako ikasle talde batek, banaka, ereindako landarea argi txikiz “ureztatzen” duten bitartean. “Auzolana aspaldidanik Euskal Herriko bizimoduan errotuta egon den ohitura da”, borobildu du aktoreak. “Kapazak izan gaitezen ohitura horrekin jarraitzeko”.
Iñaki Erroz Paz de Ziganda Ikastolako zuzendariak, hitza hartuta, Paz de Ziganda Ikastolaren ibilbidea gogoratu du. Izan ere, aurten ikastolak 60 urte bete ditu. “Urte guzti hauetan, partaidetza eta elkarlana gure ondare nagusiak izan dira, euskara, euskal kultura eta kalitatezko proiektu pedagogikoekin batera”. Aurten, aldiz, auzolanaren ezinbestekotasuna azpimarratu nahi izan dute bestaren antolatzaileek. “Izen gabeko protagonistak omendu nahi ditugu, Nafarroa Oinez honetakoak zein beste urteetakoak, baita Euskal Herriko auzolanetakoak ere. Era anonimoan aritzen direnak, oholtzetara igotzen ez diren horiek. Guzti horiek aitortza eta esker ona merezi dute”. Zuzendariak, halaber, ikastolaren ibilbidean egon diren belaunaldi desberdinetako jendea gogoan eduki nahi izan ditu: “Oinezetik haratago ere ikastolak belaunaldi arteko elkarlan proiektuak gara, eta 60 urte hauetan jende asko pasa da gure ikastolatik, horiei esker gaude gauden lekuan. Bereziki hastapenetan egon ziren horiei esker ona eman nahi diegu”. “Herritik sortuak gaude eta herrira begira kokatzen gara”, azpimarratu du Errozek, borobilduz. “Horregatik, ikasturte honetan jarduera desberdinak egin ditugu kolektibo, elkarte eta erakunde desberdinekin elkarlanean, ikastola herrian errotuta egotea nahi dugulako”.