Joan den astean ikastolako handienak arkatza eta koadernoa eskutan hartuta Fantxikerat joan ziren lehendabizi. Han aurkitu zituzten Mikel, Fantxikeren birbiloba eta Mari Joxe eta Elena dendako langileak. Ondotik Juana Mari agertu zen, Mikelen ama, 40 urtez dendan lanean ariturikoa.

Fantxike arropa eta opari denda herriko dendarik zaharrenetarikoa dugu eta heldu den urtean 100 urte beteko ditu.

Fantxike Orabideako Karakotxea baserrian sortua izaten zen, baina ondotik bere familiarekin Elizondoko Sutegia etxerat etorri zen bizitzerat. 1926an ireki zuen denda etxe azpian.

Gaur egun Fantxike dagoen tokian Malkorra txokolategia eta goxotegia zegoen. Erran behar da Malkorrak ere berriki beteak dituela 100 urte, 2024ean, hain zuzen.

Duela 100 urte barneko arropa, lanerako galtza urdinak, hariak, botoiak eta orokorrean mertzeriako gauzak saltzen ziren. Gaur egun, aldiz, barneko arropa, kaleko arropa, bertako produktuak, jostailuak, belarritako eta lepokoak, oroigarriak etab. saltzen dira.

Mikel eta Maider, Fantxikeren birbilobak, dendako 4. belaunaldia dira. Izan ere, Fantxikeren ondotik alaba Maria Luisak hartu zuen erreleboa. Eta honen ondotik, Juana Marik, Maria Luisaren erreinak. Gainera, beraiekin urteak daramatzen Mari Joxe, Elena eta Maddi langileak aritzen dira dendan.

Gaur egun interneta dela eta konpetentzia handia sumatzen dute arropa salmentan. Hori dela eta jendea erakartzeko hainbat modu bilatu behar izan dituzte. Feria desberdinetarat joaten dira, Pariserat kasu, eta lentzeria eta barneko arropa ekartzen dute handik. Gainera, bertan egindako buruhaundien kamisetak eta kantinplorak ere saltzen dituzte.

Ondotik Izeta erloju-dendarat abiatu ziren 6. mailakoak. Bertan Juana Marik atenditu zituen. Bera Mariano Izeta euskaltzale, bertsozale, mendigoizale eta mutildantzariaren alaba da. Dendako 3. belaunaldia.

Izeta bitxi eta erlojundenda Arozarena jauregiaren beheitiko aldean kokatuta dago, baina garai batean Jaime Urrutia 22an zegoen, pareko etxearen azpian. 1902an ireki zuen Federico Izeta zarauztarrak denda. Gero, bere seme Mariano eta Joxe Marik jarraitu zuten. Juana Marik kontatu duenez, hiruak lerroan eserita aritzen ziren lanean.

Erlojuak saltzeaz gain bitxiak saltzen ditu eta piercing-ak ere egiten ditu. Hala ere, erlojua da gehien saltzen dena. Gainera, gaur egun hain modan dauden Smartwatch-ak saltzen ditu.

Juana Marik ere sumatu du internetaren konpetentzia. Izan ere, kanpoan erositako erlojuak konpontzen ditu maiz.

Azkenik, Idoia ileapaindegia bisitatu zuten umeek. Elizondar aunitzek “Gregorin pelukerie” bezala ezagutzen dute. Izan ere, Idoiaren izeba-amatxi Gregori izan zen ileapaindegia ireki zuena.

Bere ibilbidea Donezteben hasi zuen, baina urte guti egin zituen han. Elizondorat etorri eta Sasternea etxean jarri zuen ileapaindegia. Garai hartan emakumeak bakarrik joaten ziren eta astelehenetik igande goiza arte irekita izaten zuen. Ilea kardatu eta tindatzen zuen.

Gregori jubilatu zelarik bere ilobek, Teresak eta Sagrariok, jarraitu zuten. Gerora Sasterneatik mugitu eta gaur egun dagoen Jaime Urrutiako 22. zenbakira pasa ziren. Idoia gaztetxoa zela, 17 urterekin hasi zen ileapaindegian lanean bere ama eta izebarekin. Ia 40 urte daramatza bertan eta 3. belaunaldia da.

Gaur egun, ile mozketa desberdinak egiten dira. Gainera, gero eta gutiago tindatzen da. Ileapaindegiko tresnei dagokionez, aldaketak eman dira: ile idorgailuak aldatu dira lehenagotik, plantxak ere badaude egun.

6. mailakoek hiru denda bisitatu zituzten. Baina ezin ditugu ahantzi herriko gainerako denda, ostatu eta komertzioak. Ehun urteko ibilbidea dutenak (Mena eta Virgilio, Esartek ia) edota berrikiago irekiak. Izan ere, herriari zerbitzua eskaintzeaz gain herria bizirik mantentzen dute. BERTAN elkarteak dioen bezala: BAZTANEN BIZI, eta ETORKIZUNA ERAIKI dezagun elkarrekin.