Gauez, ordu txikietan, babesgunetik irteten zarenean, eta ilargi lotsatia agertu nahi ez duelako gaua oso iluna baldin bada, buruko argia pizten duzu, frontala, eta horrekin zoaz gora, begien aurretiko metro batzuk argiztatuz, urrats okerrik ez emateko borondatearekin, argizko lur-zoru hori zure bide bakarra balitz bezala. Horrela zoaz gailurrerantz, agian eguna urratzear dagoela, lehen granateak, laranjak eta moreak batzen diren unea heltzen den arte, geroko eguzkiak dena pizten duen arte.

Gaueko argi hori zure kasa erabiltzen duzu, baina mendietan erabiltzen ditugun argiek ere beste mundu bat argitzeko balio dute. Hala egin zuten joan den asteburuan Gure Esku plataformaren deialdiarekin bat egin zuten ehunka mendizalek. Mendiak argiztatu zituzten, eta horrekin batera gure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen aldarria piztu zuten berriz. Pirinioetan gertatu zen. Euskal herritar askok kotxea hartu eta argi eder bat motxilan sartuta, makina bat mendi igo zituzten, mendizaletasuna ederra delako, eta horrek dituen baloreek ere aldarrikapenezko bideak ibilarazten dituztelako.

Euskal herritarrok, kasu honetan, Kataluniakoekin bat egin zuten dugun kultura eta hizkuntzarentzat errespetua eskatzeko, eta horrekin batera eskubide zibil eta politikoak kontuan hartzeko, mendiz mendi, argiz argi, Europari begira, Pirinioetako gailur handi, ertain, eta txikietatik zutik. Mendiek kasu honetan ez baitute ezer ere bereizi, kontrakoa baizik, batu egin dituzte herriak eta herritarrak.

Eta ez da makala herriaren ekinak egindakoa, izan ere mendikate horretako 300 tontor baino gehiagotara igo eta bertan argiak piztu ziren, ia 500 kilometroko argizko har luze bat irudikatuz. Agian, inoiz egin den argizko ekimen populatuena, eta era berean artistikoena eta poetikoena izan da hori.

Espainiako alderdi sasi-demokratiko horietan dauden politikariak mendizaleak ote dira? Inoiz mendi baten gailurrari begiratu ote diote? Badakite zer den frontala? Badakite mendietan argiak piztu dituztela? Argi horiek guztiak ikusi zituzten? Izarrak zirela pentsatu zuten?