Asteotan bi heriotza berezi gerta zaizkigu Mijaíl eta Isabel. Erabat desberdinak. Mijaíl Gorbatxovek Historiaren ibilbidea aldatu egin zuen, letra larriz. Eta gainera azken konfrontaziora ezinbestean gindoazela zirudienean ere egin zuen, gizateriak bizirik iraungo ez zuen hirugarren mundu gerra nuklearrera begi bistan zegoenean hain zuzen. Erreformatzaile ausarta izan zen, asko ausartu zena. Aparteko ikuspegia izan zuen politikaria, mundu ezberdin eta hobea irudikatzeko gaitasuna izan zuena. Ausardia politiko handiko gizona. Giza Eskubideen eta politika erreformista eta giza aurpegia duen etorkizunaren aldeko apustua egin zuen, mendebaldearekin harreman pragmatikoa saiatuz. Gerra mespretxatzen zuen eta pentsatu zuen “Munduko Ordena” delakoaren arazoak indarraz konpontzeko garaia iragan behar zela. Andropov hil ondoren, Txernenkok eta Breznez Sobiet Gorenak 54 urteko buruzagi berri bat aukeratu zuten, nagusi zen ortodoxia hausten sekula ausartuko ez zen funtzionario grisa (gogoan Suarez bera). Omen. Baina Gorbatxovek Glasnost (gardentasuna) eta Perestroika (eraldaketa) agindutakoaren aldeko apustua egiteko beharra zuen. 1991ko abuztuko igande batean Alderdi Komunista desegin eta urte bereko Eguberri egunean Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren amaiera dekretatu zuen. Alemania berriro batzea eta Burdin Gortina desagertzea ahalbidetu zuen. “Inork ez du egiaren monopoliorik”, esaten omen zuen Gorbatxovek. 1990ean Bakearen Nobel Saria jaso zuen. Oso kritikoa zen Putin eta bere noraez autoritarioarekin. Putinek bere aldetik ez du inoiz gertaera historiko hura onartu eta 1991az geroztik agertu ziren mugak birformulatu nahi ditu. Horrela Ukrainan. Munduko buruzagiek lider honen oroimena omendu dute eta Historiari egindako ekarpen politiko handia nabarmendu. Baina Errusian bere heriotzaren berria nahiko era hotzean jaso da, askok SESBen kolapsoarekin eta amaierarekin erlazionatu eta lotzen baitute. Inor ez da, ez, profeta bere lurraldean. Hurrengoan Isabel II.