Europako Espazio Agentziak Dimorphos asteroidea eta Erromako Koliseoa konparatzeko atera duen argazki hori ikusiko zenuten hortik. Koliseoa eta asteroidea tamaina berekoak direnez, elkarrekin jarri dute, hobe esan, bata bestearen gainean, Dimorphos Koliseoaren gainean alegia, efektu bitxia sortuz: badirudi asteroideari Koliseoa suntsitzeko nanosegundo bat baino ez zaiola falta. Irudia metaforikoegia da, Italian eskuin muturrak hauteskundeak irabazi dituenetik bereziki; Meloni andrea Koliseoaren, Erromaren eta munduaren gainean eroriko da den-denarekin bukatzeko (den-denarekin ez, ados, bereak babestuko ditu), bi meloi eskuetan, emakumea, ama, italiarra eta kristaua dela oihukatzen duen bitartean.

Lur planetarako asteroideak arriskutsuak izan daitekeenez, abian jarri zen esperimentua Didymos eta Dimorphos asteroide bikotea helburua hartuta, nahiko urrun daudenak, antza, ea posible zen duten ibilbidea aldatzea. Arrakasta lortu du Dimorphosen kontra jaurtitako DART espazio-ontziak, asteroidearen erditik 17 metrora jo baitu. Kalkuluen arabera horrek abiadura segundoko 0,4 milimetro aldatuko dio asteroideari. Dena den, denbora behar da oraindik asteroideak izan omen dituen aldaketak aztertzeko.

Benetan harrigarria da pentsatzea gizateria edo zientzia edo zibilizazioa horrelako ekimen zailak burutzeko gai direnik (gugandik 11 milioi kilometrora dagoen harri bat jotzea) eta Lur planeta oraintxe bertan arriskuan jartzen dituzten beste hamaika konturekin (gerra eta klima aldaketa, adibidez) hain arduragabe jokatzea. Edo agian oker nabil, eta asteroideak kontrolatzea gerra edo eskuin muturra geldiaraztea baino errazagoa da. DART, espazio-ontziaren izena, sigla bat da, Asteroide Bikoitza Birbideratzeko Proba ingelesez, baina dardoa ere bai, aldi berean. Premiazkoa zaigu aurkitzea dardorik egokienak eskuin muturraren asteroide hotz, ilun eta garrasizaleak kontrolatzeko, beren abiadura moteltzeko behintzat, agerian uzteko besterik ez bada ere. Guztioi interesatzen zaigu, ezta? Ezta?