Bertsolari Txapelketa Nagusiko jarraitzaile guztiak Bilbora begira egonen dira gaur. Izan ere, bertan jokatuko da, 17:00etatik aurrera, azken finalaurrekoa, hain zuzen ere abenduaren 18an Iruñeko Nafarroa Arenan jokatuko den final handiko parte-hartzaileen zerrenda finkatuko duena. Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Joanes Illarregi, Jone Uria, Maddalen Arzallus eta Saioa Alkaiza ariko dira gaur kantuan, Idoia Anzorandia Kareaga arituko delarik gai jartzaile lanetan.

Kalkulagailua eskura eduki beharko da gaurkoan. Izan ere, eta sailkapen nagusiari begira dagoeneko finaleko zortzikotea zein izango den atzematen bada ere, ezer ez dago erabakita. Gaur oholtzan arituko diren bertsolariek badaukate zer borrokatu, beraz. Mendiluzek, Illarregik eta Amets Arzallusek euren alde dituzte zenbakiak: 726,5, 711 eta 688 puntu dituzte, hurrenez hurren, eta finalerako zazpi sailkatuen artean egoteko orain arte txapelketan erakutsi duten maila mantentzea besterik ez dute egin behar izango. Mendiluze eta Arzallusek alde daukate esperientzia, eta Illarregi izan da txapelketa honetako bertsolari berri distiratsuenetako bat. Lehen parte hartzean, finalerako hautagai nagusien artean sar-tzea lortu du nafarrak. Ez erortzearekin aski izango dute hiruek, hartara. Alkaizak, Uriak eta Maddalen Arzallusek ez daukate hain eskuragarri Iruñako aulkia nahiz eta, erran bezala, dena dagoen oraindik jokoan. Saio bakarrean sailkapen zerrenda astintzea posible dela erakutsi du txapelketak orain artekoan.

Sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai eta Bilbon bertan ere egongo da aukera, 15:00etatik aurrera, leihatilan. Frontoiko ateak 15:45ean irekiko dira.

Astero bezala, saioa zuzenean jarraitzeko aukera egongo da bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan, eta ETB4 katean. Horrez gain, Bilbo Hiria irratiak zuzenean eskainiko du saioa Bizkaia frontoitik bertatik. Finalaurrekoen bigarren itzuliko hiru saioak ETB1ek eskainiko ditu larunbat gauean, lehen ganbarako lanetik aurrera. l

Azken finalaurrekoa

l Bilboko Bizkaia Frontoian, 17:00etan. Aitor Mendiluze Gonzalez, Amets Arzallus Antia, Joanes Illarregi Marzol, Jone Uria Albizuri, Maddalen Arzallus Antia eta Saioa Alkaiza Guallar. Gai-jartzailea: Idoia Anzorandia Kareaga.

l Sarrerak. www.bertsosarrerak.eus. Leihatilan, 15:00etatik aurrera.

l Zuzeneko emisioa. Internetez bertsoa.eus eta eitb.eus atarietan. Telebistaz ETB4-en. ETB1ean, 22:30ean errepikapena.