Ailegatu da nafar hiriburuko eszenatokietara, udaberri oro moduan, barre egiteko garaia. Iruñeko Udalak antolatzen duen IrriZiklo euskarazko umore-zikloaren edizio berria datorren astean abiatuko da bere betiko eszenatokian, Nafarroako Antzerki Eskolan. Martxoaren 3tik 29ra bitarte, lau ikuskizun eskainiko dira, denak ala denak 19:00etan: Antton Telleriaren Nekatutak bakarrizketa, Inprofestakzioa inprobisazio saioa, Jon Plazaolaren Irabazi emanaldia eta Beatriz Egizabalen Magma mía! bakarrizketa. Sarrerak Eskolako webgunean edo txarteldegietan eskuratzen ahalko dira 5 euroko prezioan. Lau ikuskizunetarako abonamendua erosteko aukera ere badago, 16 euroan.

Antton Telleriak emanen dio hasiera zikloari martxoaren 3an (ostirala), Nekatutak bakarrizketaren aurkezpenarekin. Barre egiteko helburu bakar eta sakratuarekin, zuzentasunaren mugak esploratzen saiatuko da, ikuskizunaren izenetik hasita. Horretaz gain, “delikatuak” izan daitezkeen gaiak zein kolektiboak ere aipatuko ditu, obraren sinopsian aipatu bezala: psikologoak, ETA, Ertzaintza… “”Eta, nola ez, polemikoenak: irakasleak”. Telleria, umoregilea izateaz gain, kazetaria, musikaria eta aurkezlea ere bada. EITBko hainbat saiotan egin du lan, irratian zein telebistan. Gaztea irratian Ze martxa! eta Akabo Bakea saioetan aritu zen eta gaur egun Dida irratsaioan aritzen da, bere anaia Julen Telleriarekin. Telebistan, besteak beste, ETB1eko Gure Kasa saioko aurkezle izan zen, hemen ere anaiarekin batera.

Martxoaren 9an, ostegunarekin, IrriZiklok euskarazko antzerki-inprobisazioaren aldeko apustua eginen du, eszena dibertigarri sorta batekin. Inprofestakzioa-n Xabier Flamarikek, Garazi San Martínek eta Xabier Artiedak bertsolarien bizkortasunaz helduko diete ikusleek proposatutako gaiei. Bitartean, M’Artek zuzeneko musika eskainiko du arratsalde eder bat pasatzeko barre algaraz betatako festa batean. Bai Flamarike, bai San Martín baita Artieda ere aurpegi ezagunak dira Iruñeko inprobisazioaren eta umorearen eszenan.

Programatuko den hirugarren ikuskizuna Jon Plazaolaren Irabazi izanen da, martxoaren 22an. Egungo gizartea konpetitiboa, krudela eta fidakaitza da: edozein zanpa-tzeko prest gaude besteen gainetik geratzeko. Baina Felixek ez daki zer den hori. Bizitza guztian ez du ezer irabazi, ez da irabazle sentitu… erdipurdikoa izan da beti. Hala ere, bere esparru erosoa aurkitu du inora ez daraman bidegurutze horretan, bere bizitza patetikoa justifikatu eta zentzua ematen dion dekalogo bat eratuz. Aktore urretxuarrak ibilbide oparoa du bai komedian baita telesailen zein zinemaren munduan.

Zikloa martxoaren 29an amaituko da, Beatriz Egizabalen Magma mía! bakarrizketarekin. Militantziatik asko, baina umoretik are gehiago duen ikuskizunak ikusle mota desberdinengan gogoeta eta barreak eragitea du helburu. Emakumeei, eta beren sentsazioen, sentimenduei, haserreei eta presio sozialari erreferentzia eginen dion bakarrizketa feminista izango da Egizabalena. Aktore gipuzkoarrak ipuinak emakumeen ikuspuntutik kontatu ohi ditu, feminismotik, eguneratzeko beharra dutela iruditzen zaizkion estereotipoak aldatzeko ahaleginetan. Oihulari Klownen, Virginia Imazekin landu zuen feminismoa. Ane Labaka bertsolariarekin batera, Erradikalak ginen&gara obra eszenaratu izan du eta 2019an Durangon izandako Euskal Herriko V, Jardunaldi Feministei hasiera eman zien.

IRRIZIKLO

l Martxoak 3 (ostirala), ‘Nekatutak’, Antton Telleria.

l Martxoak 9, osteguna, ‘Inprofestakzioa’. Xabier Flamarike, Garazi San Martín, Xabier Artieda, M´arte.

l Martxoak 22 (asteazkena), ‘Irabazi’. Jon Plazaola.

l Martxoak 29 (asteazkena), ‘Magma Mia!’ Beatriz Egizabal.

l Lekua eta ordua. Obra guztiak Nafarroako Antzerki Eskolan izango dira, 19:00etan.

l Sarrerak, 5 euro. Nafarroako Antzerki Eskolako webgunean (http://www.laescueladeteatro.com/) eta txarteldegian. Ziklo osorako abonamendua: 16 euro.