“Pitokles aberatsagoa egin nahi baduzu, ez ezazu bere diru kopurua handitu, aitzitik, murriztu itzazu bere desirak”. Ezin hobe laburbiltzen du esaldi soil honek hedonismoaren eta plazeren gozamenaren pentsalari handienetakoa izandako Epikuro greziarraren filosofia. Jonathan Lavillak, Javier Aguirrerekin batera, euskarara ekarri du orain pentsalariaren obraren zati bat, Katakrakek argitaratutako Zoriontasunaren defentsan liburuan. Lavilla eta Aguirrerentzat, Euskal Herriko Unibertsitateko filosofia irakasleak biak, lan honen helburua argia da: Epikurorentzat “bizimodu ona” zertan zen zehaztea eta zoriontsu bizitzeko gakoak eskaintzea.

Epikuroren bi lan bildu dituzue liburu honetan: ‘Menekeorentzako gutuna’ eta ‘Iritzi nagusiak’. Aski ongi laburbiltzen dute biek ala biek bere pentsakera osoa, ezta?

–Epikurok filosofia lan mardulak eta korapilatsuak idatzi zituen baina, zoritxarrez, guri ez zaizkigu heldu. Liburu honetan agertzen diren lanetan egiten duena da bere filosofia modu dibulgatibo batean eskaini, edozein pertsona, filosofiak eskaintzen dituen lanabesen bidez, ongi bizi ahal izateko. Bere ustez, filosofiak soilik balio du baldin eta gure bizitza hobetzen laguntzen badu. Hau da, filosofia egitearen helburua ez da teoria hutsa egitea.

Filosofia modu arras praktiko batean ikusten du, beraz.

–Hori da. Eta esaten diguna da, funtsean, nahiko erraza dela ongi bizitzea. Gizakiaren oinazea bi gauzetan oinarritzen da, Epikuroren arabera. Alde batetik, iritzi edo uste okerrak. Dioenez, askotan antsietateak jota bizi gara gertatu ez den zerbaiten zain gaudelako edo munduaren inguruko uste okerrak ditugulako. Hein batean, gure burua ezagutu behar dugula esaten du, jakiteko zer garen eta zer nahi dugun, eta hori lortzeko nola jokatu behar dugun. Horrekin oso lotuta, gure oinazearen bigarren arrazoi nagusia: desira antzuak edo desegokiak. Gaur egun, bizi gara gizarte batean non hamaika desira ditugun eta horiek lortzeko egin nahi ez ditugun gauzak egiten ditugun.

Zer nolako desiretaz ari zaigu Epikuro, baina?

–Desirak sailkatu egiten ditu berak, eta ematen dizkigu aholku erraz batzuk identifikatzeko zer den bizi-tzan premiazkoena. Eta premiazkoena, funtsean, plazera da. Plazera oinazerik eza bezala ulertzen du berak. Eta oinazerik eza, oinarrian, gorputza egoera onean egotea da: goserik, hotzik eta egarririk ez izatea, alde batetik; eta arimaren lasaitasuna edo ataraxia, bestetik. Horretarako desirak mugatu behar ditugula dio. Zergatik? Lortzekoak ezinezkoak diren desirak, desira asko edo menpekotasuna sortzen duten desirak izanez gero, ezingo garelako plazerez eta lasai bizi.

Jonathan Lavilla, itzuli berri duen Epikuroren liburua eskuan duela. Iñaki Porto

Eta horrekin lotuta, edo menpekotasunik ezarekin, autarkiaren ideia azaltzen digu. Zertaz ari da?

–Epikuroren garaia hiri-estatuaren porrotaren garaia izan zen, hiritarrek ziurgabetasun eta erakundeekiko mesfidantza handia zeukaten. Garai hartako hainbat eskolek, zinismoak edo estoizismoak bezala, epikureismoak bezala, autarkia aldarrikatu zuten horrekiko eran-tzun moduan. Autarkia, ahal bezain premia gutxi izatea eta premia horiek norbere kabuz asetzeko gaitasuna edukitzea da, azken batean.

Egile hedonistatzat hartu izan da Epikuro, eta ez zentzu onean beti.

–Oso modu maltzurrean kritikatua izan zen bere garaian, parrandetako filosofotzat hartzen zen eta zerri moduan irudikatu izan zuten askotan. Epikurok bere burua defendatu zuen horren aurrean. Oso argi esan zuen berak ez zituela defenda-tzen plazer guztiak. eta plazeren sailkapen bat egin zuen: alde batetik, plazer katastematikoak; eta bestetik, plazer zinetikoak edo mugimenduzkoak. Plazer katastematikoak oinarrizkoak lirateke, lehen aipatu ditugunak: egarririk, goserik eta hotzik eza, eta arimaren lasaitasuna. Horiek beti ase beharreko plazerak direla esaten du, gutxieneko bat dira. Plazer zinetikoak, aldiz, bestelakoak dira: bizipoza ematen dutenak dira. Baina tentuz ibili behar dugu hauekin, burua galtzera eraman diezagukete eta.

Gutxirekin ongi bizitzen ikastea da afera, beraz.

–Hori aldarrikatzen du. Oso gutxirekin bizitzen jakin behar dugula esaten du baina, hori bai, aldamenean atsegingarria izan daitekeen zerbait baldin badugu, horretaz gozatu behar dugula, menpekotasunetan erori gabe.

Eta nola lortzen da oreka hori, bere iritziz?

–Zuhurtziaren bitartez. Ariketa arrazional bat zeinak kalkulatzen duen plazer jakin batek momentuan eman diezagukeen atsegin maila, etorkizunari sortu ditzakeen trabekin alderatuta. Ariketa paregabea da. Gaur egun, lanetik berandu etxeratu, nekatuta egon eta oso erraza da, adibidez, mugikorrari begira ezer egin gabe egotea. Epikurok esango liguke menpekotasun egoera bat badagoela hor, kosmunitatearekiko isolamendua eta bakardadea eragin dezakeena. Nahiz eta mundua asko aldatu den, Epikurok esaten digunak zentzu handia du oraindik.

Komunitatea eta laguntasuna ere kontzeptu garrantzitsuak dira Epikuroren filosofian, ezta?

–Bai. Beretzat gizakia animalia soziala da, komunitate politikoan bizi dena. Eta komunitate politikoan bizi da, zergatik? Atesgingarriagoa delako. Komunitatea behar dugu ingurugiro arrotz eta arriskutsu batekiko babestuak sentitzeko. Zein da arazoa? Erregimen politiko horretan bizi diren gizakien artean ere liskarrak sortu daitezkeela, askotan desira hutsalen ondorioz: botere nahia, loria berezi baten desira…

Eta zer egin horren aurrean?

–Epikurok ariketa praktiko bat egin zuen. Lursail txiki bat erosi eta bertan bere komunitate propioa sortu zuen, epikurearra, modu antzekoan pentsatzen zuten jendearekin osatu zuena. Esanguratsua da ikustea nola lagun komunitate horretan ez zen desberdintasunik egiten, adibidez, gizon eta emakumeen artean. Morroi eta hiritar arteko bereizketa ere ez zen egiten. Bere pentsakera, beraz, ez zegoen soilik norbere plazera bilatzera bideratuta, gizartea eta komunitatea ulertzeko modu zehatz bat ere zekarren.

Guztion arteko berdintasuna, beraz, banakoaren ongizatearen oinarrian ezartzen du?

–Epikuroren beste bereizgarri bat da platonismoari eta aristotelismoari egin zion kritika, zentzu horretan. Beretzat justiziak ez dauka berezko forma bat: justua da edozein gizartek zehazten duena komunitate horren ongizateari begira. Funtzionatzen badu eta komunitate horretako kide guztientzat justua bada, orduan baliagarria da. Momentu batean testuingurua aldatzen bada edo teknologia aldatzen bada, adibidez, eta ordura artekoa dagoeneko ez bada justua, orduan aldatu egin beharko lirateke. Justizia ez da betierekoa eta finkoa.

Zer pentsatuko luke Epikurok egungo gizartera ekarriko bagenu?

–Gauza batzuei dagokionez, poztasunez ikusiko luke hainbat dogma erori direla. Sufragio unibertsalaz poztuko litzateke, adibidez. Baina uste dut, bestalde, kezka handiz ikusiko lukeela zein den gure autarkia maila. Oso gizarte konplexuetan bizi gara, alde horretatik. Argindarrik edukiko ez bagenu edo errepideak moztuko balira. adibidez, antsietateak jota egongo ginateke. Epikurok esango liguke gure desirak eta beharrak zeintzuk diren aztertu beharko genituzkeela eta hauetako batzuk mugatu beharko genituzkeela, desira artifizialak hain zuzen ere. Gure zoriontasun eredua kritikatuko luke, oso lotuta dagoelako ondasun materialekin.

Eta filosofia lagungarria da, alde horretatik?

–Filosofiak egiten duena oso sinplea da, funtsean. Normalean, egunerokoan, gauza asko modu automatizatuan egiten dugu, pentsatu gabe. Agerikotzat edo ontzat ematen ditugun gauza asko, aldiz, ez dira ezertan sostengatzen. Filosofiak, oinarrian, denbora hartzen du iritzi horiek zertan oinarritzen diren edo oinarririk badaukaten frogatzeko. Gure iritzi eta suposizioak kolokan jartzen ditu, aztertzen ditu eta bide berriak eskaintzen dizkigu. Eta gauzak kolokan jartzen direnean, ba-tzuetan, ikusi nahi ez ditugun gauza batzuk agerian gelditzen dira. Horregatik ulergarria izan daiteke beldurra ematea.