Paskual Rekalde Irigoien amaiurtarra euskaltzain oso izendatu zuen larunbat honetan Euskararen Akademiak, bere sorterrian sarrera-mintzaldia egin ondotik. 2020ko uztailean izendatu zuten euskaltzain oso, Andres Iñigo euskaltzain emerituaren 13. Aulkia betetzeko, baina pandemiaren eraginez gibelatu egin zen bere sarrera mintzaldia, eta azkenean, larunbat honetan egin zuen. Eguerdian izan zen ekitaldia, Amaiurko plazan.

Dena den, lehenago abiatu zuen jarduna Euskaltzaindiak, 10.00etan Osoko Bilkura egin baitzuen Elizondon, Baztango Udaletxean. Gero, denak Amaiurrera joan ziren eta herri sarreran dagoen Joanikotenean, Rekalderen sortetxe atarian elkartu. Amaiurko haurrek dantzaturiko Amaiurko sagardantzaren ondotik, Rekalde, Euskaltzainen eta agintarien babesean joan zen kalejiran plazaraino, bere ilobak zeraman Amaiurko banderaren gibeletik.

Amaiurko plazan jarritako karpa gainezka zela, Baztango Gaitariek, Mikel Altzuart Dutari bertsolariak eta Gaztelu taldeak ekin zioten ekitaldiari, azken honek Amaiur zintzo eta leiala kantatuz.

Andres Urrutia euskaltzainburuaren agurraren ondotik, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Ixabel Aleman Amaiurkoak hartu zuten hitza, eta jarraian Paskual Rekaldek sarrera mintzaldia irakurri zuen.

Hitz hartze luze eta emankorra egin zuen, hiru gai nagusiren inguruan arituz: euskara batua eta mintzamoldeak; Baztango hitzen ekarpena Euskaltzaindiaren Hiztegiari; eta Amaiurko toki-izenak, etxe-izenak, pertsona-izenak. Horiez gain,Andres Iñigo ere izan zuen gogoan. Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaria izan denak eginiko lan eskerga azpimarratu zuen, bai onomastikan, bai hiztegian baita euskararen sustapenean ere.

Bere aita zena, Beñardo ere gogora ekarri nahi zian zuen, berak erakutsitako guztiaren aitortza gisara, era berean, parez pare zuen ama, Mañoliri ere eskerrak eman zizkion.

Miriam Urkia euskaltzain osoak eman zion erantzuna Rekalderen hitzaldiari, eta haren ibilbide oparoa gogoratu zuen, Euskaltzaindian eginiko lanak nabarmenduz. Ondoren, goi-nafarrerak Euskaltzaindiaren Hiztegian duen lekua azaldu zuen Urkiak.

Ekitaldiaren akabailan, euskaltzain berriak zin egin zion bere karguari, euskaltzain izateari dagozkion eginkizunak zintzo eta leialki beteko dituela erranez. Gero, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso zituen Rekaldek euskaltzainburuaren eskutik, eta akitzeko zintzur bustitze bat izan zen plazan.

Gero, Euskaltzainek, agintariek, senideek eta gonbidatuek Gaztelu elkartean bazkaldu zuten eta bazkalondoan arkeologia museoa bisitatzera joan ziren gehienak, batzuk, gainera, Amaiurko gaztelua bisitatzera igo ziren gero.