Hegazkinak lurra hartu eta berehala, azafatak mikrofonoaren bitartez esan digu mesedez ez altxatzeko gure eserlekuetatik berak hala agindu arte. Hiru hizkuntzatan esan du, denok ondo ulertzeko moduan. Azaldu duenez, bidaiariek taldeka egingo dugu irteera, lehen sei lerroetan eserita daudenak deituko ditu lehenengo, gero hurrengo seiak eta abar, modu ordenatu batean irten ahal izateko. Ba ezetz asmatu zer gertatu den hegazkina geldirik geratu denean. Zenbait bidaiari euren eserlekuetatik altxatzen hasi dira eta goiko aldean dituzten maletak jaisten, segundo batzuk lehenago azafatak esandakoari kasurik egin gabe. Haur eskola batean balego bezala, azafata berriz atera behar izan da esertzeko eskatuz.

Ez dute aurretik emandako agindua entzun? En-tzun dute baina ez dute entzun. Irrist egin die belarrietatik. Izan ere, batzuek uste dute jenderentzako diren aginduak, seinaleak, oharrak… jendearentzat direla, baina ez beraientzat. Ez dira jende sentitzen antza. Jendea besteak dira eta haiek bai, kasu egin behar diete halako aginduei, bestela bizikidetza ezinezkoa litzatekelako, baina beraiek ez.

Eta halako jendeak sutan jartzen nau. Norbaitek pentsatuko du ez dela hainbesterako. Agian altxatu direnak presa zutela irteteko konexioren bat zutelako edo klaustrofobikoak direlako. Baina, hala ere, badakit badagoela halako jendea, mundua haientzako bakarrik eginda dagoela uste dutenak, eta hori ezin dut jasan.

Aireportutik bueltan, autoan noa, nekatuta, etxera heltzeko gogoz. Eta, hara, garajeko sarreran, auto bat aurkitu dut geldituta. Metro batzuk aurrerago leku asko dago aparkatzeko baina garajea supermerkatuaren alboan dago eta norbaitek han gelditu du kotxea supermerkatuan zerbait hartzeko. Minutu batzuk garajera sartu ezinda egon naiz zain eta halako batean han atera da supermerkatutik emakume bat patata frijituak eta Coca Cola bat eskutan. Ez, bera ez da jendea sentitzen, bera bera da, eta egarri ta gose zen. Orduan nik beste abioi bat hartzeko gogoa sentitu dut, ez dakit nora, baina.