Eusko Jaurlaritzak ez zuen gustukoa izan Hezkuntza Publikoan joan den azaroaren 30ean egin zen greba, eta ez du gustukoa izango abenduaren 14an, gauzak aldatzen ez badira, egingo dena. Ulergarria da. Hain ulergarria ez dena da greba kritikatzeko erabiltzen ari den argudio nagusia, greba hori prebentiboa dela aldarrikatzen duena hain zuzen. Badira, nire ustez, beste argudio asko, nik hemen aletuko ez ditudanak, noski; badauzka Eusko Jaurlaritzak erantzuna ematen jakingo duten doktoreak.

Eusko Jaurlaritzak errepikatu du Hezkuntzarena lege-proiektua dela oraindik, oraindik ez duela Legebiltzarrera eraman, oraindik aldaketa asko egon daitezkeela eta abar. Ez du aipatzen lege-proiektua Hezkuntza Itunaren ondorio zuzena dela, eta Itun hartan marraztu zena gauzatu dela, artikulatu, zehaztu, oraingo proiektuan. Lege horren nondik norakoan eragina izan nahi duen edonork badaki orain dela une egokia arazoak mahai gainean jartzeko. Aukera gehiago egongo dira, jakina, egitasmoa Legebiltzarrean, batzordean eta osoko bilkuran, eztabaidatuko denean, baina guztiok dakigu aukera horiek gutxitzen joango direla legeak bere bidea egiten duen bitartean. Azkenean, lege bihurtuta, ia-ia ezinezkoa izango da zerbait aldatzea. Ez da horrelakoak ikusten ditugun lehen aldia, are gehiago, esango nuke lege-proiektu askoren aurrean ohikoa dela grebak-eta egitea, zentzu horretan greba eta mugimendu asko direla hein handi batean “prebentiboak”.

Grebalarien asmoa da ahotsa izatea prozesu horretan hasiera-hasieratik, eta Ituna babestu zuten alderdietan aldaketak bultzatzea bi gaien inguruan: euskararen estatusa eta publiko-pribatu (ados, publiko-itunpeko) sistema gero eta neoliberalagoak dakarren segregazioa, labur esateko. Ikusteko dago grebek eta gainerako mobilizazioek eragina izango duten alderdi horietan. Batzuetan badirudi arrakalak, edo eztabaidak behintzat, sortu direla zenbait alderditan, baina ez dakit zalantza horiek zalantza baino gehiago izatera iritsiko diren.

Bitartean, etor daitekeenarekin mesfidati, ezer egin gabe gelditzea baino hobe izango da “prebentibo” izatea.