Oraindik ez dago idatzia zer-nolako ahalegin handia egin behar izan zuen Iruñerriko jende euskaltzaleak Euskal Telebistaren seinalea honaino ekartzeko. Orobat, Euskadi Irratia Iruñerriratzeko. Eta, zer erranik ez, gure Euskalerria Irratiari bere lizentzia emateko. Azken hori urte sail luzeko kontua izan zen. Liburu batean bildu beharko dira horiek oro. Atzendu gabe oraindik ere ez dela normaltasunez ikusten ETB 3 Nafarroa osoan, Gobernu zentralak bertzerik agindu arren. Kontua da gauzak errotik aldatu direla ETB abiatu zenetik. Orduz geroztik, dozenaka kate agertu baitira erdara hutsean eta edukia ez da soilik telebista bidez hedatzen, bertzelako pantailen bidez ere baizik. Lehenago, pantaila etxean genuen; orain, ordea, non gure zangoa, han gure pantaila. Denok baitaramagu bat kolkoan. Eta gehienbat gaztelaniaz mintzo zaigu, sare sozialak izan, serieak izan, filmak izan, zernahi izan. Erronka gaitza dugu pantailen arloan. Hori dela eta, kezka handia dago Euskal Herri osoan, euskarak pantailetan izan duen erreferentzialtasuna lausotzen ari delako. Gaur egun, izan ere, pantailen bidez bideratzen ditugu hein handian gure harremanak, aldarrikapenak, aisialdia; euskarak, hortaz, arlo horretan ere bere tokia izan behar du, eta agintariek horretaz ohartu beharko lukete. Bada, horretan eragin nahi du ortzegun honetan Iruñeko Kondestable jauregian eginen den mintegiak. Euskaltzaindia eta Iruñeko IKF Fundazioa dira antolatzaile. Hemen antolaturik, beraz, baina Euskal Herri osorako, baita Mendebalderako ere. Gehienetan, horrelakoak alderantziz izaten baitira. Bada, kezka hori agertu eta pantailak euskaratzeko ahaleginean ari den jendea mintzatuko da “Zer ekarriko liguke euskarazko streaming plataforma batek?” jardunaldian, arlo horretan diharduten eragile aunitzekin batera, gaiari bultzada emateko asmoz.