Botere judizialek euskararen kontrako gurutzada partikularrari heldu diote berriz. Aspaldikoa da, aspalditik dator, eta etorkizunean pairatzen segitu beharko dugu, askok hizkuntza bakarreko Espainia bakarra nahi baitute, gaztelaniaren nagusitasunarekin bat egiten duena. Bada gure hizkuntza jomugan harturik, enegarren aldiz zauritu dute, eta modu larrian. Hiru letra dituen alderdi ultraeskuindarrak jarritako helegite bati jaramon egin omen dio jurista klan horrek euskal herritarron eskubideen aurka modu lotsagarrian jotzeko. Euskararen ofizialtasuna eta normalizazioa ito nahi dituzte, gure hizkuntzak lorturiko eskubideak murriztuz eta politika desorekatu eta arduragabea eginez, beti ere espainola bazter ez dezagun. Erabaki judizial sistematikoak eta eztabaidagarriak oso kezkagarriak, inboluzionistak eta murriztaileak dira euskaraz egunerokoan bizi nahi dugunontzat, gure hizkuntza sustatzeko aurrera ateratzen diren politikak eta eskumenak baliogabetzen dituztelako.

Gogoratuko duzuenez, EAEko eta Nafarroako herri-administrazioetako lan-deialdietan onarturik zeuden hizkuntza-eskakizunaren betekizuna ezabatu zuten Espainiatik esanez diskriminazio-baldintza zela euskara ezagutzea. Espainola diskriminaturik, kalteturik? Hortik tiraka, beste artikulu batzuk ere ezabatu edota aldatu nahi izan dituzte, gure herrietako administrazioan normaltasun osoz euskaraz aritu ez gaitezen. Uztailean, Espainiako Konstituzio Auzitegiak Udal Legearen aurka jo ostean, Euskal Autonomia Erkidegoko zenbait alkate eta udal ordezkari agerraldi batean bildu ziren Bilbon, euskaldunak mespretxaturik sentitu baikinen epai horrekin. Garai hauetan aurrez aurre dugun afrontu judizial lotsagarriaren kontra altxatzeko data bat jarrita dago: azaroaren 4a. Egun horretan, Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen normalizazio eta biziberritzearen aldeko manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu du. Manifestazioaz gain, gure politikariek ere bestelako bideak aztertu beharko dituzte epai horri irmoki aurka egiteko, eta oldarraldi judizialari galga jartzeko. Beharrezkoa da.