Euskarak pertsonak bigarren mailako bihurtzen omen ditu; baldin eta, oposaketetan berau eskatzen bada. Ez da ezer gertatzen ordea, eskakizuna bestelakoa bada: izan alemanaren ezagutzak izatea, izan ingelesa jakitea, izan Konstituzioa ikastea edo bestelakorik. Arazoa politikoa da: Euskara. Hor agertzen da galdera maltzur eta klasikoa: Zer nahiago dugu bada, sua azkar eta txukun itzaliko duen su-hiltzailea, edo igeriketan ongi dakien eta Nafarroako foru legeak goitik behera dakizkien su-hiltzailea? Su-hiltzaile ona, jakina! Eta ahal dela euskaraz ez dakiena! Ironiaz ari naiz, bistan da. Asko, horrekin poztuko lirateken arren. Nolanahi ere, hizkuntzaren behar bezalako ezagutza bermatuz gero, niretzat nahikoa da, ez naiz titulu zalea, eta! Baina hori beste gai bat da. Haserre baitabiltza boteredunen mihi gaiztoak pozoitutako mezuak han-hemenka zabaltzen. Euskara bizikidetzarako arazo bihurtzen. Harrigarria da gero, beti, beti eta beti, gure bizkar gainera botatzea, haien erabaki politikoaren ondorio den ezjakintasunaren karga. Lan-mahaiaz bestaldera langile euskaldun batekin topatzea txiripa kontua delako. Proba egin ezazu. Zoaz Nafarroako zonalde euskaldunera, hitzordua eskatu medikuarekin, eta ea euskalduna den. Zenbat apustu toki askotan ezetz! Eta halakoetan zaila bada, pentsa eremu mistoan! Eta ez-euskaldunean? Barre-murritza marraztu zait ahoan, ironiari helduko diodalako berriro; hango agintarien esku balego, euskaraz dakien medikua zigortuko luketela dudarik ez baitut!.

Ba halaxe gabiltza, ez dagoelako munduaren luze-zabalean Nafarroa bezalako lurrik. Ekin bideari, ibili eta buelta, egizu proba; ea non zigortzen eta mailakatzen dituzten beren bizilagunak jaiolekuaren arabera! Inon, ezta? Noski, ez dituelako eskubide berberak legearen aurrean Berako batek, Iruñeko batek edo Tuterako batek. Horixe da zonifikazioa: ukazioa eta auto-gorrotoa. 

Horregatik, korapilo hau askatzen hasteko lehendabiziko pausoa, lurralde osorako ofizialtasuna lortzea da. Gero gerokoak. Beraz, Maiatzaren 13an ni Iruñean egonen naiz ofizialtasuna aldarrikatzen. 

Zatoz zu ere!.