Gertakari edo egoera berarekiko ikuspuntu ezberdinak daudela oinarri hartuta ondu du Aintzane Usandizaga idazleak (Lasarte-Oria, 1988) Zomorrotu (Elkar, 2023) ipuin bilduma. Helduentzako bigarren liburua du honakoa idazleak, eta tonu jostagarri eta arinean harilkatu ditu istorioak. Etengabeko eraikuntzan dauden pertsonaia anbiguoak aurkeztu ditu bertan. Azpiatal txatalez jositako bost ipuinek osatzen dute Zomorrotu, eta bakoitzean pertsonaia batek izango du ahotsa. Pertsonaia horietako bakoitzak, ordea, beste istorioetan du jarraikortasuna.

Zer sortzeko gogotik jaio da ‘Zomorrotu’?

Zerikusi handia dauka hasierak liburuaren egiturarekin. Neukan gogoa idazteko liburu bat non pertsonaia ezberdinek emango zizkiguten gauzekiko ikuspegi ezberdinak: sentsazio aldetik, iritzi aldetik... irakurlea joango da hori osatzen bere begiradatik irakurri ahala. Horrez gain, baneuzkan buruan hainbat pertsonaia edo egoera garatu nahi nituenak. Pertsonaia batzuk buruan neuzkanak gainera ziren pixka bat anbiguoak. Anbiguotasun hori erakutsi nahi izan dut; guztia ez dela zuria edo beltza. Pertsonaia hauen alderdi ezberdinak adierazteko era bat izan da narratzaile ezberdinen ikuspegietatik ikustea askotan pertsonaiak. Gainera, nik badaukat obsesio txiki handi bat. Oso zaila da bi pertsonek egoera edo gauza modu berean ikustea. Ezinezkoa da. Badaukat horrekin fijazioa eta agian liburu hau izan da hori islatu nahia.

Egitura, hain zuzen, izan da bost istorio osatzea; independenteak eta elkarlotuak.

Bost istorio dira liburua osatzen dutenak eta istorio bakoitza bere horretan izan daiteke ipuin oso bat, ez du beste ezeren beharrik. Baina, elkartzen baditugu, informazio eta ikuspuntu gehiago edukitzen lehenago irakurri ditugun pertsonaien beste alderdi batzuk edo beste iritzi batzuk ezagutuko ditugu. Jolas nahi horretatik sortu zen liburua. 

“Zer izan nahiko genukeen eta zer izatera iristen garenaren arteko amildegia islatu dut”

Zenbait gatazka dituzte pertsonaiek, ezinegonak… baina hauei drama kentzen die liburuaren tonuak. Drama gehiegi jartzeko joera dugu bizitzan ere?

Egunerokoan ere drama eta komedia eskutik eutsita daude. Umorea behar dugu gure buruari barre pixka bat egiteko eta perspektiban jartzeko. Batzuetan narratzaileak berak badauka, eta beste batzuetan kanpoko pertsonaia batek jartzen du perspektiba. 

Elkarrizketez josia dago ere liburua. Laguntzen dio tonu umoretsuari?

Elkarrizketek lagundu dezakete erritmoan, baina daukate presentzia handia erakutsi nahi nuelako pertsonaia bakoitza nolakoa den segun eta zein testuingurutan dagoen edo zein jenderekin mugitzen ari den. 

Fokua pertsonaia dira? 

Eraikitzen da istorio bakoitza pertsonaia baten gauzak ulertzeko edo bizitzeko moduan. Pertsonaiei gauza bat baino gehiago gertatzen zaizkie, baina ardatza da zein filtro duen edo nola jasotzen dituen pasatzen zaizkion gauzak, inguruko jendea... pertsonaietan dago zama handiena.

Pili Aguado ilustratzaileak sortu du ‘Zomorrotu’ liburuaren azala.

Pili Aguado ilustratzaileak sortu du ‘Zomorrotu’ liburuaren azala. Elkar argitaletxea

Zein pertsona mota erakutsi nahi zenituen, zergatik pertsonaia hauek?

Interesatzen zaizkidan pertsonaiak dira ez zaigunean oso argi gelditzen nolakoak diren edo ematen dutenak oso modu batekoak direla baina gero beste alde bat daukatenak oso ezkutuan. Interesatzen zait eraikitzea hasiera batean ulertzen ez dudan pertsona mota bat. Adibidez, Irati. Beti umore onez, beti laguntzeko prest, beti konprometitzeko prest... non dauka askatzeko zuloa? Horrelako jakin min batetik has naiteke pertsonaia bat eraikitzen. Neukan gogoa profil ezberdinetako pertsonaiak egiteko, adin ezberdinetakoak eta beraien kezkak eta egonezinak ere ez izatea berdinak edo nigandik hurbilen daudenak. Gainera, gu identifikatzeko edo ezagutzen dugun norbait gogorarazteko moduko pertsonaiak dira. Apropos eginda dago nahi delako irakurlea ere joatea pertsonaien inguruko iritzia osatzen. Egunerokoan gertatzen zaigun bezala. Pertsonaia errealista izateak horretan laguntzen du. Uste dut liburu honetan badagoela bastante zer izan nahiko genukeen eta zer izatera iristen garenaren arteko amildegi hori. 

Irakurketa osoa zein zatikatua baimentzen du liburuak? Adibidez, desordenean irakur daitezke istorioak edo baten bat irakurri gabe utzi?

Eraikitzean izan da hori zalantzetako bat; ordena. Ipuin bildumetan beti pentsatzen da oso ondo ordena, baina da liburua orekatze aldera, normalean berdin du ze ordenetan irakurtzen dituzun. Baina loturak daudenean ipuin liburuetan, eta kasu honetan badago azpiegitura bat nobelara hurbildu daitekeena, asko pentsatu nuen ordena eta ordena aldatzen nuen bakoitzean aldatu behar nituen hainbat gauza. Izan daiteke esperimentu bat ordenean ez irakurtzea, baina ziur aski ez du lortuko ordena honekin lortzen duen efektua trama edo pertsonaia batzuei dagokionez.