Maria Blanco Mendizabal (Zestoa, 1995), bakarrizketalaria, aktore eta dantzaria da. 2011z geroztik, Zestoako Arte Eszenikoen Eskolan burutu du bere aktore formakuntza. Eskolak, bere talde propioa du, Eromen Produkzioak, eta Blancok, honekin batera hainbat lan oholtzaratu ditu. Telebistan ere agerpen batzuk egin ditu hainbat programatan, ETB1eko ‘Egunak egin du’ eta ‘Abiapuntua’ saioetan, eta kate bereko ‘Barre librea’ umore saioan. Azken agerpen horri esker bakarrizketalari bezala dihardu Euskal Herriko hainbat txokotan zehar.

Maria Blancoren kultur gomendioak

Abesti bat: Janus Lesterren, ‘Maitasuna tabu’. Lo zeuden hainbat sentimendu piztu ditu abesti honek nire barnean. Eskerrik asko Janus!

Talde bat: Muzak taldea gogotsu dator! Nola ez ditut aipatuko ordea nire lagun Ezpalak eta Rodeo taldeetako kideak. 

Liburu bat: Iñigo Antsorregiren ‘Nire minaren etxea’. Gogorra egiten zait horrelako liburuak irakurtzea eta are gehiago laguna denean… Oso gomendagarria iruditzen zait jende askori lagundu diezaiokeelako.

Antzezlan bat: Andoni Mutiloaren ‘Sex Sua’. Zenbat talentu duen mutil honek, antzerkia sortu, gidoia egin, antzeztu, abestu, dantzatu, publikoaren aurrean biluztu… Aupa ZU!

Telesail bat: ‘Goenkale’, gaur eta beti! Bestela, ‘Dragoi bola’, gidoilari hau ezagutzeko behar handia dut, galdera asko ditut berari egiteko.

Film bat: Bideoklubetik hartutako edozein… Lagunek igandero genuen plan hori txikitan, ‘Chicas malas’ zen beti garaile karkarkar! 19 urte egin berri ditu filmak, zahartzen hasi omen gara neskak!

Kultur espazio bat: Azpeitiko Dinamoa. Espazio txukuna eta oso zaindua, bertako langileak ere zoragarriak beti laguntzeko prest! Laister naiz ate joka :)

Podcast bat: Gaztea irratiko ‘Benetan zabiz?’. Zoragarriak dira bi neska hauek eta ze ondo pasa nuen egin zidaten elkarrizketan!

Instagram bat: @eginkarkar

Umoregile bat: Bakarra aukeratzearekin kokoteraino karkarkar! Ana Goitiak duen naturaltasuna oso berezkoa du mundiala da! Bestetik, Julen Portillorekin lan egitea ere plazer handia da niretzat. Euskal umorearen berpizkundearen parte izaten ari zaretenok/garenok, GORA GU!