Lodifobiari salaketa egiten dion lana da Puta gorda kontakizun ilustratua. Yolanda Larreateguik (Markina-Xe-mein, 1979) idatzi, eta Helena Azkarragaurizarrek (Arrasate, 1992) ilustratu du. Markina-Xemeingo XVII. Peru Abarka Album Lehiaketako narrazio onenaren eta ilustrazio onenaren sariak irabazitako lana da bikoteak idatzitakoa. Sinopsi laburra bezain zuzena dakar, liburuaren norabidea adierazten duena: Hori zara zu, puta gorda bat. Ez zara puta bat, ez zaude lodi, baina horrela deitzen dizute.

‘Puta gorda’, izenburu zuzena. 

Yolanda Larreategi: Argi nuen horrela izan behar zela. Lodifobia sufritzen dugunok edo sufritzen dutenek mina barrutik daramate. Barnean eta isilean, odoluzkiak dituzunean bezala. Ez da hanka bat apurtuta izatea bezalakoa, bakardadean sufritzen den zerbait da. Horrenbestez, atera beharra zegoen eta izenburuak misil baten an-tzekoa behar zuen izan. Dena esaten duen izenburua.

Irakurlea parte hartzaile bihurtzen duzu. Zer lortu nahi zenuen?

Y.L.: Gure buruari bigarren pertsonan hitz egiten diogu, horregatik idatzi nuen horrela. Irakurtzerakoan, irakurlea bere buruari ari zaiola emateko, interpelatzeko. Pertsonaiaren azalean jartzen da irakurlea eta orduan protagonistak sentitzen duena sentitzen du.

Bigarren pertsonan, baina pertsonaletik?

Y.L.: Nire esperientzietatik eta nire lagunek kontatutako bizipenetatik idatzi dut. Txikitan gertatutakoak, nerabezaroan eta baita helduaroan ere, gaur egun arte. Umezaroa pasatuta ez da desagertzen, jarraitzen duen afera da. 

Zergatik lodifobia? Zergatik gai hau?

Y.L.: Gai honek atera behar zuen. Askori bizitza baldintzatu digu eta baldintzatzen jarraitzen du oraindik ere. Irakaslea nazen heinean, txikiekin zer gertatzen den ere ikusten dut. Jaiotzatik baldintzatzen duen gaia da. Etxean ere, alabaren kasuan ikusten dut inguruan presente dagoen gaia dela. Hala, idatzi egin behar nuen. 

Irakaslea izanda, horrelako egoera asko ikusi dituzu?

Y.L.: Lodi egotearren eta egon gabe ere. Baita gaitasun intelektualagatik, estereotipatutakoetatik goregi edo beheregi egonagatik. Atzerritarra delako edo arrazializatua delako. Puzzleko pieza perfektua izan behar zara, bestela egurra jasoko duzu, hala dirudi. 

Nori gomendatuko zenioke liburua?

Y.L.: Edonori, beti ere adin batetik gorakoa bada. Ume bati ez, ez lukeelako ulertuko eta esaten dena distortsionatuko lukeelako agian. Baina, batez ere, izenburuarekin aztoratu diren horiei gomendatuko nieke; izan ere, badago jendea. Entzun ere egin nuen Durangoko Azokan: “Nola jarri dio halako izenburua?” ziotenak. Bada, horiei, irakurri eta, agian, ez die ezer berririk esango liburuak, baina esaten badie eta hausnarketarako balio badu, balekoa da. 

Liburuaren lehen zatia testua izan da, kontakizuna bera. Ondoren etorri da ilustrazioa. Elkar ezagutzen zenuten?

Y. L.: Ez genuen elkar ezagutzen eta ni nahiko arduratuta egon naiz. Azkenean, nik testuaren lehiaketa irabazi nuen eta gero ez nekien zer aurkituko nuen. 

Helena Azkarragaurizar: Gainera, nik bakarrik lan egitea erabaki nuen. Peru Abarka sarian ilustrazioak azkar batean egin behar dira. Hilabete neukan liburu osoa ilustratzeko. Hori dela eta, nire erabakia bakarrik egitea izan zen. Ez nin-tzen Yolandarekin harremanetan jarri. Ingurukoei ezer ez erakustea erabaki nuen. Hilabete batean zalantzak azalduz gero, ez nuke amaituko. Lana entregatu eta gero ezagutu dugu elkar, eta oso polita izan da. Itsuan zita bat izatea bezala, baina lan bat komunean dugula: supermach bat. 

Helena, ilustratzerako orduan, izenburua ikusi eta testua irakurritakoan, zein sentsazio izan zenuen?

H.A.: Izenburua probokatzailea, erakargarria iruditu zitzaidan. Testua gogorra, batez ere, momentu oso estua pasatzen ari den pertsona baten kontakizuna delako. Niretzat zaila izan zen lan hori ilustratzea. Hasieran izan nuen halako ausardia puntu bat, baina gero nire zalantzak eduki nituen. Ilustratzaileak aukeratu egin behar du zein bide hautatu. Adibidez, irudi fantastiko batzuk egin ahal nituen, protagonistaren munstro horiek erakutsiko zituena. Baina erabakia kontrakoa izan zen. Egunerokotasuneko momentuak marraztea erabaki nuen. Horrekin, irakurlea identifikatuta sentitzea nahi nuen. Biktima edo biktimario moduan, irakurleak hartzen duen papera irudietan islatu, egunerokotasuneko ekintzekin: dutxatu, ilea batu, arropak kendu… Bide batez, hori zen nire gaietara, nire lanetara, gehien egokitzen zen estiloa. Nahiz eta modu akademikoan ez dudan marrazten, egunerokotasuneko gauzak marrazten ditut. 

Zer ematen die ilustrazioek testuari?

H.A.: Dena da bat. Liburu bat da eta hasieratik dago Yolandaren titulua nire irudiekin batera, eta nik horrela landu nuen, denari garrantzia emanda.

Liburua eskuetan, pozik zaudete?

Y.L.: Sorpresa itzela izan da. Ez nengoen horrelako irudi estilora ohituta. Horren da organikoa, trazuak, odolaren kolore gorria... Zoragarri dator eta oso pozik. Helena ezagutu nuenean pozago oraindik. 

H.A.: Hasieran bertigo handia sentitu nuen, gauzak publikatzerakoan sentitzen dena. Baina egia da oso pozik nagoela.