Ohitura bilakatuta, aurten ere Ibaialde Ikastolatik udazken honetan hitzaldien agenda prestatu dugu Lodosa eta inguruko hiru herrietan: Mendabian, Sartagudan eta Andosillan. Aurtengoa ikastolak antolatutako hirugarren agenda izan da, hitzaldi hauen gaiek beti ere zerikusia izanik hezkuntza eta hazierarekin, izan ere, haurra beti baitugu erdigune eta protagonista.

Aurreko bi urteetan gai anitz jorratu ditugu hainbat adituen eskutik, hala nola; Josune Gereka, Leticia Garcés, Irene López eta Julen Aldaya, besteak beste. Hauei esker, haurren hezkuntzan eta hazieran esku hartzeko modu egokiak zeintzuk diren edota bullying-ari aurre egiteko eta hau ekiditeko jarraibideak eta bizitza osasuntsua izateko ohiturak jorratu ahal izan genituen..

Aurten beste bost adituekin egin dugu apustua: Itsaso Bakedano, Naiara Olague, Iñaki Eizmendi, Mirta Gambarte eta Patricia Gulina, azken bi hauek elkarrekin aritu ziren azkeneko hitzaldian.

HILTZADIAK HURRENEZ HURREN

Lehenengo hitzaldia Lodosan burutu zen Bakedanoren eskutik. Azaroaren lehenengo ostegunean gauzatu zen Lodosako Kultur Etxean eta sexualitatea izan zen jorratutako gai nagusia. Itsasok seme-alabekin pornografiaren gaia nola landu erakutsi zigun, haien sexualitatearekiko dituzten zalantzei erantzunak jarri zizkien edota gaur egungo gazteek gai honenganako dituzten iritzi batzuk plazaratu zituen. Askotan zaila egiten zaigu guraso edota hezitzaileei gai hauen aurrean esku hartzea, horregatik Bakedanok prozesu hau errazteko baliabideak aurkeztu zituen, hala nola ipuin zerrenda hornitua. Halaber, etxetik eramandako edo hitzaldian zehar sortu ziren zalantzak argitzen saiatu zen. Gerturatutako familiek baliabideak eskuratu zituzten etxean gai hauek jorratzeko eta hitzaldi onuragarria suertatu zitzaien, Itsasok emandako aholkuak eta baliabideak aplikatzeko.

Bigarren hitzaldia Mendabian antolatu genuen, kasu honetan, azaroko bigarren astean burutu zen. Hitzaldi honetan hizlaria Naiara Olague izan zen. Olaguek gaur egun egunerokotasunean topatzen ahal dugun gaia landu zuen; sare sozialen erabilera arduratsuaz aritu zen, hain zuzen ere. Gaztetasun eta nerabezaroan ongi erabili ez gero, arazo desberdinak suertatu ditzaketen baliabideak dira eta arazo horiek ekiditeko Naiarak hainbat aholku aurkeztu zituen. Esate baterako, gailuetan edo aplikazioetan “guraso-kontrola” habian nola jarri edota seme-alabek gailuetan kontsumitzen duten materiala zein den elkar banatzeko elkarrizketei nola ekin azaldu zuen. Horretaz gain, adinaren arabera zenbat denboraz eta zein eduki kontsumitu dezaketen aipatu zuen, askotan gurasoek ez baitute zintzoki jokatzen alor honetan.

Hirugarren hitzaldiak, Ibaialde Ikastolako zonalde geografikoa kontuan izanik, pisuzko garrantzia zuela esan daiteke. Euskararen alde apustu egiten duten familientzako zuzenduta zegoen, zehazki euskararen alde apustu bai, baina euskaraz mintzatzen ez direnentzat eta ulertzen ez dutenentzat. Azaroaren hirugarren ostegunean Iñaki Eizmendi Sartagudako Kultur Etxera gerturatu zen hizkuntzen trataeraz mintzatzeko. Seme-alabei etxeko lanetan menperatzen ez dugun hizkuntzan laguntzeko gakoak eman zizkien, gaur egun zonalde honetan D ereduan matrikulatzerakoan gurasoek duten ohiko kezka baita. Era berean, Eizmendi hizkuntzarekiko jarrera baikorra sustatzeko modua edota eleaniztasuna hauspotzeko jarraibideez mintzatu zen.

Laugarren, eta beraz, aurtengo azkeneko hitzaldian, bi hizlari mintzatu ziren Andosillan: Mirta Gambarte eta Patricia Gulina. Gambarte eta Gulina IKIGAI psikologia guneko langileak dira eta haurren erreakzio desberdinen aurrean jokatzeko gako anitz aurkeztu zituzten. Haurren garuna nola garatzen den eta ondorioz nola funtzionatzen duen azaldu zuten, modu honetan hobeto ulertu baitaitezke haurren jarrera ta jokabide desberdinak. Geroz eta garrantzia gehiago ematen ari zaie emozioei gizartean eta hauek ere protagonista izan ziren azkeneko hitzaldi honetan. Emozio ezagunenak aipatu zituzten, eta baita haur txikietan nola azaleratu daitezkeen ere. Mirtak eta Patriciak haurren haserrealdietan nola esku-hartu behar den pausoz-pauso azaldu zuten ere bai. Gerturatu zirenen artean saio aberasgarria izan zela aipatu zuten eta gogotsu bueltatu ziren haien etxeetara ikasitakoa praktikan jartzeko asmoz.

Ez ditugu ahaztu nahi hitzaldi hauek posible egiten dituzten laguntzaileak: aipatutako herrietako udalak. Haien ekarpen ekonomikoagatik izango ez balitz proiektu hau ezingo litzateke aurrera atera, hortaz, mila esker. Ikastolatik, formatu honetako ekintzak antolatzen jarraituko dugula ziurtatu dezakegu. Agian, gertuko etorkizunean lehenengo urtean haurrei zuzendutako txotxongiloen bidezko ipuin kontalaria bezalako ekintzak berreskuratuz agenda sortuko dugu, nork daki? Datorren urteko agenda plazaratu arte itxaron beharko dugu galdera horri erantzuteko!