Globalizazioak eta pantailek irensten ari gaituzten garai honetan, bereziki, garrantzitsua da lurrera jaitsi eta umiltasunez gure ohiturei so egitea. Hezkuntza Komunitatearen helburu nagusia haurrak izaki, maitasunetik eta errespetutik erakutsi nahi dizkiegu geure kulturaren usadioak. Eta geure herrian, aspaldian, erlijioaren aurretik zenbait tradizio erroturik zeuden. Lurrari eta ama naturari loturiko tradizioak. Xumeak eta, aldi berean, boteretsuak.

Hauek berreskuratu nahi izan ditugu Elizondo Ikastetxe Publikoan eta horregatik geroz eta kontzientzia handiagorekin ospatzen ditugu zenbait ospakizun. Bereziki, garai hauetan, zentzu berak lotzen dituen hariari jarraikiz lantzen ditugu Olentzero eta Mari Domingiren etorrera, lurraren ernatzea eta inauteri eguna.

Olentzero eta Mari Domingiren etorrerak eguzki berriaren jaiotza iragartzen digu azken urteotan eskolan, eta atal berezia eskaini diogu aurten ere. Garai batean, eguberriarekin hasten zen aro berria, urte berria eta eguzki berriaren jaiotza. Hemendik abiatuz, lurra ernatzeko garaia izaki, joaldunek beren joareekin hasten ziren eta dira lurra ernatzen. Beraiek ematen diote taupada lurrari eta isopoekin uxatzen dituzte izpiritu txarrak, lurrari oparotasuna eskainiz. Guk eskolako baratzean ere lurra ernatzen dugu azken urteotan makilen erritmoan abestuz, uzta oparoa iragarriz eta lehen hazia landatuz, jarraian inauteei lekua eskainiz. Garai batean, neguak sorrarazitako beldurrak adierazi eta askatzeko garaia zen inauteri aroa. Eskolan plazara ateraz ospatzen dugu egun berezia, euskal tradizioko zenbait dantza dantzatuz herriko gazteekin batera eta animatzen diren herritarrekin bilduz, hala nola, Mozorro Dantza. Egun honetan, Guraso Elkarteak plazan prestatzen du gosaria eta giro alai eta ederrean igarotzen dugu ospakizuna, haurrak erdigunean kokatzen saiatuz beti ere.

Honi loturik, aipatu, aurten lehen aldiz ospatuko dugula otsailaren 22an bailarako hazi trukaketa eskolako liburutegian, Baztango Talde soziala eta Kukulineren laguntzarekin.