Azpeitia - Izarraitz Udal Pilotalekua berritu eta araudiko neurrietara egokituko duela iragarri du Azpeitiko Udalak. Aste honetan zehar jarri dira abian lanak eta bertan pareta desberdinen pintaketak, lur aldaketak edota tratamenduak egingo dira, besteak beste.
Honela, frontoia neurrira jarri eta lurrari tratamentu berezia ematea izango dira eginbehar nagusiak: "Frontoiak izandako erabileragatik lurra nahiko egoera txarrean dago, hori dela eta zeregin nagusietako bat lurrari beharrezkoa duen tratamentua eman eta lurra egoki uztea izango da. Horretaz gain, behin frontoia beharrezko neurrietara egokituta, kontrakantxako lurra berritu eta ezker paretean zein frontisean pintaketa lanak egingo dira", aurreratu du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako batzordeburuak.
Izarraitz Pilotalekua erremintaz jokatzeko egindako frontoia da eta horrek, berezitasun nabarmena ematen dio; "neurri bereziak ditu oso, eta pilotan jokatzeko ohiko araudiko neurriak baino handiagoak ditu", gaineratu du zinegotziak. Erabaki honekin, Izarraitz pilotalekua eraberritzeaz gain, Azpeitiko beste pilotalekua den Frontoi Txikiri ere irtenbidea ematen zaio. Izan ere, udal ordezkariek adierazi dutenez, bertan entrenatzen diren Ilunpe Pilota Elkarteko kideak Udalera jo zuten instalazioak txiki geratu zaizkiela eta baliabide gehiago edo berrien beharra adierazteko helburuarekin.
Eskaera hori kontutan hartuta, eta Azpeitiko pilota munduak duen zaletasuna eta mugimendua ikusirik, Udalak berrikuntza lanak egitea erabaki du. "Azken urteotan gero eta handiagoa da pilotarako afizioa gurean. Urtez urte haur zein heldu, emakume zein gizon ugari ikus daitezke herriko frontoietan eskuz zein erremintan pilotan jokatzen. Afizioa handitze horrek, ordea, Frontoi Txikia txiki utzi du. Ilunpekoei ere txiki gelditu zaie Frontoi Txiki, gero eta gehiago baitira herriko pilota harrobiko kideak. Hala, herrian pilotan aritzen diren beste eragileekin ere hitz egin eta alternatiba desberdinak aztertu ostean, Izarraitz Frontoia erabiltzeko berrikuntza eta egokitzapenak egitea erabaki dugu", azaldu du Esti Elduaien Kirol zinegotziak. Gaur egun, Izarraitz Pilotalekua erremontistek eta Emakume Pilotariko kidek erabiltzen dute baina behin lanak egindakoan, azpiegitura publikoaren erabilera handituko dela uste du Udalak. "Herri erdi erdian dugun eraikina da Izarraitz. Frontoi ederra da, baina orain artean izan dituen berezitasunengatik ez du erabilera handia izan. Orain egingo diren obrekin, eraikina bera balioan jarri eta frontoiaren erabilera handitzea da helburua", azpimarratu du Elduaienek.
Master Cup txapelketa Azpeitiko pilota zaletasun handiaren eredu bat Emakume Master Cup txapelketako finalerdietan ikusi ahalko da gaur. Oñatin jokatuko diren partidetan, 5 azpeitiar izango dira parte hartzen; Alaitz Badiola, Oihana Orbegozo, Maddi Unanue, Nagore Aramendi eta Oihana Unanue.
Promozio mailako bikoteen arteko finalerdiak jokatuko dituzte gaur 11.30ean hasita eta gailen-tzen diren pilotariek Eibarko Astelena pilotalekuan jokatuko dute finala, hurrengo martxoaren 25ean.