Estatuko Osasun Ministerioak eta Estatistika Institutu Nazionalak (INE) maiatzaren amaieran argitaratutako Espainiako 2023ko Osasun Inkestaren arabera, Nafarroako biztanleen ia hiru laurdenek (% 73,2) uste dute osasun “ona” edo “oso ona” duela. Positibotzat har daitekeen datua izan arren, kopuru hori, arinki bada ere, Estatuko batez bestekoaren (% 74) azpitik dago.
Espainiako 2023ko Osasun Inkestak Estatuko biztanleria osoan bizi diren pertsonen osasun-egoerari, osasun-zerbitzuen erabilerari eta osasunaren faktore sozialei buruzko gako-datuak jasotzen ditu. Valentziako (% 79) eta Ceuta eta Melillako (% 82) biztanleak dira osasunaren inguruko pertzepzio positiboena dutenak. Txanponaren beste aldean, Galiziako (% 59,5), Errioxako (% 65,5) eta Asturiasko (% 67,8) herritarrak daude.
Gizonak emakumeek baino hobeto sentitzen dira
Inkestak agerian uzten duenez, Nafarroako gizonek emakumeek baino hobeto sentitzen dira beren osasun-egoerarekin. Izan ere, gizon nafarren % 77,7k osasun ona duela dioen bitartean, kopuru hori % 68,7raino jaisten da nafar emakumeen kasuan. Ia hamar puntuko arrakala horrek Estatu mailako datuetan ikusten den joera bera islatzen du, hots, gizonek (% 78) emakumeek (% 70,2) baino hobeto baloratzen duten beren osasun-egoera.
2023. urtean jasotako datuek bilakaera positibo bat erakusten dute. Adibidez, 1987. urtean bildutako lehen datuen arabera, Estatuko biztanleriaren % 65ek bakarrik uste zuen bere osasun-egoera ona zela. Aitzitik, gaur egun, biztanleria asko zahartu den arren, osasun-egoera onari buruzko pertzepzioa ehuneko bederatzi puntu hazi da. Igoera hori adin-talde guztietan ikus daiteke. Adibidez, 45-54 urte bitarteko pertsonen kasuan, osasunaren inguruko pertzepzioa % 63tik % 72ra pasatu da azken lau hamarkada hauetan. 65 urtetik gorakoen kasuan, berriz, osasuna onaren pertzepzioan izandako hobekuntza are nabarmenagoa izan da, 1987ko % 40tik 2023ko % 59raino igo baita.
Horrek erakusten du adineko pertsonengan ere aurrerapen esanguratsuak izan direla. Izan ere, bizi-itxaropena handitzeaz gain, jendeak osasun onarekin bizitzea espero duen urte kopurua ere handitu egin da. Azken datu horrek, nolabait, adierazten du azken hamarkadetan hobekuntza eraginkorrak izan direla bizi-kalitatean, prebentzioan eta osasun-arretan.
Elikadura eta jarduera fisikoa
Inkestaren arabera, azken hamarkadetan aldaketa garrantzitsuak izan dira elikadurarekin eta jarduera fisikoarekin lotutako ohituretan. Adibidez, pertsona helduetan gainpisu- eta obesitate-tasa nabarmen hazi da 1987. urteaz geroztik. Gizonen kasuan, aipatu tasa hori % 45,3tik % 62,2ra igo da; emakumeen kasuan, berriz, % 33,5etik % 48ra.
Nafarroari dagokionez, inkestan jasotako datuen arabera, biztanleriaren % 15,1ek du gainpisu edo obesitate arazoak. Kasu honetan ere intzidentzia tasa altuagoa da gizonen artean (% 15,3) emakumeen artean (% 14,9) baino. Nafarroako tasak bat egiten du Estatuko batez bestekoarekin (% 15,2) eta sailkapen horren buruan diren Kanariar Uharteak (% 20,6), Murtzia (% 20,1) eta Gaztela-Mantxak (% 19,9) dituzten tasak baino nabarmen baxuagoa da.
Inkestak erakusten duenez, 2014. urteaz geroztik sedentarismoa nabarmen murriztu da. Horrela, aisialdian jarduera fisikorik egiten ez duten emakumeen ehunekoa % 46,6tik % 32,6ra jaitsi da, eta gizonen kasuan, % 35,9tik % 25,3ra.
Fruta eta barazkien kontsumoa ere nabarmen hobetu da. 2023an, gizonen % 63,9k eta emakumeen % 69,6k egunero jaten zuten fruta. Ehuneko horiek 2001ean erregistratutakoak baino askoz hobeak dira, orduan % 50 eta % 56 baitziren, hurrenez hurren. Hala ere, inkestak erakusten du fruta eta barazki-kontsumorako sarbidean eta maiztasunean den aldagai nagusia maila sozioekonomikoa dela. Bildutako datuen arabera, biztanle zaurgarrienek baliabide ekonomiko gehiago dituzten herritarrek baino produktu fresko gutxiago kontsumitzen dituzte.
Alkohola eta tabakoa
Inkestak jasotzen duenez, Nafarroako tabakoaren eta alkoholaren kontsumoa Estatuko batez bestekoaren gainetik dago. Nafarroako biztanleriaren % 17,6k egunero erretzen du tabakoa, Estatuko batez bestekoa (% 16,6) baino puntu bat gehiago. Estatu mailan tabakoaren kontsumoa 3,2 puntutan jaitsi da azken bost urteetan.
Alkoholari dagokionez, azken hilabetean, nafarren % 8,4k alkohola kontsumitu du modu intentsiboan gutxienez behin. Kasu honetan ere, Nafarroako datua Estatuko batez bestekoaren gainetik dago (% 7,8). Alkoholaren kontsumoa nabarmen handiagoa da gizonen artean (% 11,4) emakumeen artean baino (% 5,3), Estatuan ematen den joerarekin bat eginez.
Estatu mailan, tabakoaren eguneroko kontsumoa nabarmen gutxitu da azken hiru hamarkadetan. 1993an, biztanleriaren heren batek ia egunero erretzen zuen; 2023an kopuru hori %17ra murriztu da. Hobekuntza hori bereziki nabarmena da gizon gazteen kasuan: 15 eta 24 urte bitarteko gizonen artean eguneroko erretzaileen tasa % 40tik gora zen 1995ean eta, gaur egun, % 14 baino baxuagoa da.
Alkoholaren kontsumoak ere beherakada orokor bat erakusten du. 2006an, gizonen % 64,8 eta emakumeen %46,4 ohiko edaleak ziren (gutxienez astean behin). 2023an, zifra horiek % 52,4ra eta % 40,8ra jaitsi dira, hurrenez hurren.
Gaixotasun kronikoak
Estatuko 15 urtetik gorako biztanleriaren % 57,7k gaixotasun kronikoren bat du. Horrelako gaixotasunen intzidentzia altuagoa da emakumeen artean (% 62,3) gizonen artean (% 52,8) baino. Patologia ohikoenak hipertentsioa (% 20,2), gerrialdeko min kronikoa (% 19,8) eta kolesterol maila-altua (% 18,3) dira.
Osasun mentalak ere okerrera egin du azken urteetan. Depresio-koadro larriak, Estatu mailan, 5,5 puntu handitu dira 2020. urteaz geroztik, eta 15 urtetik gorako pertsonen % 8ri eragiten diete. Emakumeek sintomatologia depresiboaren prebalentzia handiagoa dute.
Bestalde, 65 urtetik gorakoen % 41,6k mugikortasun-zailtasunak ditu, eta 55 urte edo gehiago dituen biztanleriaren % 16,8k zailtasunak ditu eguneroko oinarrizko jarduerak egiteko. 65 urtetik gorakoen taldean, % 36,3k entzumen-arazoak dituela dio, %28,8k oroimen-narriadura eta % 23,2k ikus-arazoak.