TikTok albistegia denean
Reuters Institutuak egin duen Digital News Report 2025 txostenak agerian utzi duenez, ohiko hedabideek atzera egin dute eta sare sozialek, bideo-plataformek eta txatbot-ek, berriz, gora
Hedabideen esparrua oso abiadura azkarrean aldatzen ari da. Sare sozialek aurrea hartu diote telebistari, kazetariok eragin-sortzaileekin lehiatu behar dugu eta hamar pertsonatik lauk nahiago dute berrietatik ihes egitea horiei aurre egitea baino. Horiek dira, hain zuzen ere, ‘Digital News Report 2025’ txostenak ezagutzera eman dituen mundu mailako informazio-joera nagusiak. Oxford Unibertsitateko Kazetaritzaren Ikasketetarako Reuters Institutuak urtero egiten duen txostenak ohiko hedabideen atzerapena nabarmentzen du. Plataforma digitalek eta desinformazioarekiko kezkak, berriz, gora egiten dute.
Azterlana 48 herrialdetako 100.000 herritarrei egindako inkestetan oinarritzen da. Bildutako datuen arabera, informatzeko ohiturak nabarmen aldatzen ari dira. Adibidez, Estatu Batuetan jada sare sozialek aurrea hartu diote telebistari informatzeko iturri nagusi gisa. Estatubatuarren erdia baino gehiago (% 54) plataforma digitalen bidez informatzen da eta % 50, aldiz, telebistaren bidez.
Joera horrek ekosistema mediatikoaren zatiketa gero eta handiagoa islatzen du. Duela hamarkada bat bi sare sozialek soilik gainditzen zuten % 10eko langa albisteetarako asteko erabileran. Gaur egun, sei dira aipatu langa hori gainditzen dutenak. Mundu osoko biztanleriaren heren batek, gutxi gorabehera, Facebook (% 36) eta YouTube (% 30) erabiltzen du astero informatzeko. Bosten batek, berriz, Instagram (% 19) eta WhatsApp (% 16) erabiltzen du eta TikTok-ek (% 16) aurrea hartu dio X sare sozialari (% 12).
Hala ere, TikTok da hazkunde handiena izan duen sarea, azken hamabi hilabetetan 4 puntu hazi delarik. Era berean, plataforma hori da, Facebook-ekin batera, desinformazioaren inguruan kezka gehien sortzen duena. Informazio-bideoen kontsumoak sare sozialetan nabarmen egin du gora: 2020. urteko % 52tik 2025eko % 65era hazi da.
Albisteen podcastak, bereziki, bideo-podcastak, asteko kontsumoaren % 15 dira Estatu Batuetan. Formatu horrek, bereziki, gazteak eta hezkuntza-maila altuagoa duten audientziak erakartzen ditu. Politikari populistak eraldaketa horretaz baliatzen ari dira. Donald Trumpek, adibidez, ohiko hedabideak alde batera utzi ditu eta bere mezuak zabaltzen dituzten –sarritan, horien egiazkotasuna kontrastatu gabe– eragin-sortzaileen eta eduki-sortzaileen alde egin du.
Hori guztia gutxi balitz, adimen artifizial ere agertu da albisteen kontsumoan. 35 urtetik beherako herritarren % 12k ChatGPT bezalako txatbotak erabiltzen ditu informatzeko. Horien erabilera, oraindik ere, apala den arren (% 7 inguru), etorkizunean sektorea hankaz gora jar dezakeen joera baten lehen urratsak ikusten ari garela dirudi.
Erabiltzaileek AA tresna eraginkor gisa ikusten dute kostuak murrizteko (aurreko urtearekin alderatuta, 29 puntu gehiago) eta edukiak eguneratzeko (16 puntu gehiago). Hala ere, gardentasunaren ( -8 puntu), zehaztasunaren (-8 puntu) eta fidagarritasunaren (-18 puntu) inguruko kezkak ere hor daude.
Estatuko fenomenoa: mesfidantza eta ihesbidea
Estatuak, mundu mailan den egoerarekin alderatuta, zenbait berezitasun ditu. Adibidez, kazetaritza-ikuskaritzapean adimen artifizialak sortutako berriak gutxien arbuiatzen dituen lurraldeetako bat da Estatua. Batez beste, espainiar erabiltzaileek horrelako albiste automatizatuekiko erakusten duten erosotasun-maila, bost puntuko eskala batean, 2,5 puntukoa da, hots, nazioarteko batezbestekoa baino 0,1 puntu gehiago.
Txostenaren gaztelaniazko bertsioa Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile diren Aurken Sierrak, Roncesvalles Labiano Juangarcíak, María Fernanda Novoa-Jasok eta Alfonso Vara Miguelek egin dute.
Txostenean azpimarratzen denez, espainiar hedabideek berehala egin dute bat iraultza teknologikoarekin. KPMGek sektoreko 60 zuzendarirekin egin duen inkesta baten arabera, hedabideen % 57k jada adimen artifizialeko tresnak barneratu ditu eta % 37k epe laburrean egitea aurreikusita dauka. Teknologia hori, nagusiki, edukiak sortzeko (% 68), datuak aztertzeko (% 63) eta prozesu editorialak automatizatzeko (% 63) erabiltzen da.
Mesfidantza da Estatuko informazio-kontsumoaren beste ezaugarri bereizgarri bat. Espainiarren % 40 ez da albisteez fidatzen eta fidatzen direnak % 32 baino ez dira. Hala ere, sinesgarritasuna % 38ra igotzen da inkestatuak berak kontsultatzen dituen informazioei buruz galdetzen denean.
Tokiko eta eskualdeko egunkariak dira konfiantza-maila altuena lortzen dutenak: erabiltzaileen % 51k haietaz fio dira. Erabiltzaileen ia erdiak (% 47k) dio gertuko albisteak interesatzen zaizkiola, bereziki, gertakariak eta istripuak (% 52), tokiko kultura jarduerak (% 45) eta zerbitzu publikoko gaiak (% 44) jorratzen dituzten horiek.
Informazio-kontsumoaren zatiketa
Estatuan ere albisteen kontsumoa gero eta digitalagoa, zatikatuagoa eta deszentralizatuagoa da. Telebistak (% 54) jarraitzen du informazio-iturri nagusia izaten, baina sare sozialak gerturatzen ari dira (% 46). Inprimatutako egunkarien audientzia erdira jaitsi da azken sei urteetan, % 38tik % 19ra. Irratiak ere behera egin du (% 27tik % 18ra) eta ohiko hedabideen edizio digitalak % 44tik % 25era jaitsi dira.
Sare sozialak gero eta garrantzitsuagoak dira. Gehien kontsultatutako bigarren iturria izateaz gain, herritarren laurden batentzat baino gehiagorentzat ate Nagusia dira (% 28). Merkatua Facebook (% 24), WhatsApp (% 23), X (% 21) eta YouTuberen (% 19) artean banatzen da.
Instagram eta TikTok dira informazio-kontsumoan ematen ari den belaunaldi aldaketaren onuradun nagusiak. 24 urtetik beherako gazteen artean informatzeko kanal gustukoenak dira; % 28 eta % 25, hurrenez hurren. 35 urtetik beherakoan artean TikTok da nagusi % 34ko asteko erabilerarekin et, jarraian, Instagram dago % 29rekin. 65 urtetik gorakoen artean, ostera, Facebook (% 30), YouTube (% 30) eta WhatsApp (% 24) dira nagusi.
Desinformazioaren arazoa
Desinformazioarekiko kezka bere punturik gorenera iritsi da. Estatuko biztanleen % 73k dio sare sozialak desinformaziorako bide nagusia direla. Inkestatutako hamar pertsonatik seik (% 57) diote nazio mailako politikariak mehatxu bat direla informazio faltsua eta engainagarriari dagokionez. Datu hori aztertutako beste herrialdeetan erregistratutakoa baino hamar puntu handiagoa da.
Mehatxu horren aurrean, hedabideak dira (% 34), iturri ofizialen (% 31), bilatzaileen (% 24) eta eduki-egiaztatzaileen (% 23) aurretik, oso fidagarriak ez diren edukiak egiaztatzeko tresna nagusia.
Albisteak kontsumitzeari uzten dioten erabiltzaileen kopuruak ere bere punturik gorenera iritsi da: % 40 mundu mailan eta % 37 Estatuan. Gaurkotasuna nahita arbuiatzea ohikoagoa da talde gazteenen artean eta muturreko jarrera politikoetan eta mesfidantzaren (% 35), informazio-gainkargaren (% 35) eta albisteek gogo-aldartean duten eragin negatiboaren (% 34) ondorioz ematen da.
Estatuko herritarren % 60k bere interesetara egokitutako albisteak jasotzen ditu, bai kontzienteki (% 22) edo automatikoki algoritmoen bidez (% 44). Askok beren interesekin bat datozen edukiak jasotzeko duten erabilgarritasuna baloratzen duten arren ( % 52), kezka hedatua dago: % 62 albiste garrantzitsuak galtzeko beldur da, eta % 54k uste du munduaren ikuspegi partzialak indartu ditzakeela.
Kazetaritza-markak garrantzitsua izaten jarraitzen du albisteetan konfiantza duten erabiltzaile interesatuenentzat, baina pisua galdu du sarrera zuzeneko atari gisa. Ikus-entzuleen zati handi batek nahiago du sareen, bilatzaileen, agregatzaileen edo jakinarazpenen bidez sartzea (% 69).
Temas
Más en Actualidad
-
Extinguido un incendio en Cáseda
-
Los letrados del Congreso sugieren ajustar la reforma de reglamento para sancionar a 'pseudoperiodistas'
-
Piratean la cuenta de X de Elmo de 'Barrio Sésamo' para publicar mensajes antisemitas
-
Detenido en Rentería el tercer implicado en la agresión a un hombre en Torre Pacheco