Juliet Robertsonek dioenez, ikerketa askoren arabera gizakiek natura behar dute. Bizirauteko ez ezik, aitzin egiteko ere. Aire zabalean ematen dugun denborak gure osasun kognitibo, sozial, emozional eta fisikoaren alde egiten du. Hori dela eta, urriaren 5ean, gure mendietaz gozatzeko asmoarekin, 5. eta 6. mailakoak Legatera joan ginen eta ondoan izan genituen bertze behin ere ikastolako irakasle oihak: Mari Paz, Juanjo eta Mari Karmen.

Legate Larrazutik Otsondoko mendateraino doan mendigunearen zati da. Bere tontorrik ezagunenetako bat Alkurruntz da. Legateko beheitiko aldeak Arakan du izena, 680 metrora, eta zelai ederrez inguratuta dago. Gainera, zelai horietako batzuk harrizko hormez hetsita daude.

Legatetik begi hutsez ikusten dira: Adi (1460 m), Saioa (1422 m), Okolin (1357 m), Auza (11312 m), Gartzaga (1290 m), Abartan (1102 m), Mendaur (1125 m), Alkurruntz (945 m) eta Artxuri (870 m). Legatetik ezker begiratuz gero Aixkolegiko jauregia ikus daiteke, Bertizko naturgunean kokatua.

Ikastolatik Beltzurira kotxez joan ginen eta Legateko kaskora oinez joan ginen, bidean paraje ederrak ikusi genituelarik. Behin goitian, gosaldu genuen eta argazki eder ba-tzuk atera genituen Legateko guru-tzearen ondoan. Bertan, Mari Karmenek Legateko gurutzeari buruzko istorioa kontatu zigun.

Legateko gurutze zaharra XX. mende hasmentan (1901) eraikia izan zen Lekarozko konbentuko Kaputxinoak sustatzaile izan zirelarik. Orduan zen Aita Santuak, Leon XIII.ak, mende berri bati hasmenta emateko, kristau guztiei gomendatu zien oroimenezko gurutzeak jartzeko mendi garaienetan. Hori dela eta, bertze mendi altuetan ere ikus ditzakegu gurutzeak, Gorbeian, adibidez.

Legateko gurutze zaharra, itsas mailatik 870m-ra, harri landuz egina eta 10 m dituena, Elizondoko Jose Argiñek eraiki zuen. Lekarozko Zarborta baserrian zizelatu zuen pieza solteetan, baserritik hurbil zegoen harrobi bateko harriekin.

Legate erdibidean dagoen baserri horretatik, mila kilo baino gehiagoko pieza solteak eraman zituzten Legate gailurreraino, bi idik eta behi batek eramandako lera baten gainean. Eta Angela Beratarra izeneko neska gazte batek, Baztango mandazainik onenak, buruan zihoan behiaren aitzinean martxa markatu zuen. Bi idiak alboetan jarrita zeuden, eta Jose Maria Beratarrak, Angelaren aitak, gidatu zituen horiek. Angelak amazona izan behar zuen, eta oso zoriontsua. Konten gogoratu izan da bera eta bere izaera Baztango landa-inguruneetan.

Legateko gurutze handia gaur egun, burdinazkoa da; izan ere, 1979an ekaizte eta haizete bortitz batek harrizkoa hautsi zuen. Legate tontor haizetsua izanik, burdinazkoa egitea erabaki zen eta Ezkurrako Eugenio San Miguel arotzak landu eta egin zuen. Oronoz-Mugairiko Francisco Echeniquek lagundu zion muntaketarekin. Aipatu gurutzeak orain tximistorratza duela aire gaizto edo tximistengandik babesteko.

Mengoizale anitz igen izan dira Legatera eta oraindik ere gailur preziatua da. Gurutze handiaren azpian, magalera bidean 14 gurutze ttipi aurkitzen dira, Gurutzeen bidea deritzona.

Baina gurutzeez aparte Legaten historiaurreko monumentuak daude, 1920. urtean Aita Barandiaranek aurkitu zituenak. Bertzeak bertze, orain etzanda dagoen zutarri bat dago, Iñartzetako bordaren ondoan. Eta bertze zutarri bat, Legate magalean, harkaitzen pean. Bagordi aldean, berriz, harripilak daude.

Gure arbasoen gailur preziatua izan zela erakusten dute monumentu megalitiko horiek.

Udazkena, uzta biltzeko hilabetea dugu. Bada, Legatetik jautsi eta Larraldea sagardotegirat abiatu ginen denak ttipi-ttapa lerroan. A zer bide xenda ederrak zapaldu genituenak!

Larraldea kanpoaldean bazkaldu eta ondotik, Eztibeltza Elkarteko kideei sagarrak biltzen lagundu genien. Izan ere, han aurkitu genituen Xabi, Oianko eta Idoia prentsan bildutako sagarrak garbitzen eta sagardoa egin aitzineko lanak egiten.

Sagardotegitik goitixago zeuden sagarrondoetarat hurbildu eta 25 zaku sagar bete genituen denen artean. Kontatu zigutenez, sagardoa egiteko lehendabiziko pausua sagarrondoetako sagarrak biltzea da.

Gero, makina desberdinak erabiltzen dituzten arren, prentsa da garrantzitsuena. Bertan sagarrak uretan garbitzen dira. Ondoren, sagarra jo eta prentsatu egiten da. Kupela batek 100 litro ditu eta Larraldeakoak 3.000 eta 10.000 litro artean ditu. A zer sagardo pila!

Erran zigutenez, Eztibeltza elkartekoek bertako denda, jatetxe eta tabernei saltzen diete sagardoa. Eta nola ez, beren sagardotegian jaki eder eta goxoez gain, sagardoa dastatzeko aukera izanen da!

Eta azkenik, ikastolarat itzuli ginen Iñaranen barna. Nekatuta itzuli baginen ere, egun polita eta aberatsa izan zen zinez.