Pello Apezetxea Zubiri ikerketa bekara aurkeztutako sei lanak aztertu ondoren, epaimahaiak Jon Martin Etxebestek, Paula Laita Pallaresek eta Ane Osua Cabidak landutako Bortzirietako hizkuntza aniztasuna eta migratzaileen euskararekiko pertzepzioak eta jarrerak lana saritzeko erabakia hartu du.

Bekak hiru ikerketa esparru lehenetsi zituen bigarren edizio honetan: soziolinguistika, dialektologia eta onomastika. Deialdian bertan jakintza esparru horietako gai batzuk ere proposatu ziren eta egitasmo hau immigrazioa, harrera, hizkuntza eta kultura aniztasuna zein euskara udalerri euskaldunetan ikerketa lerroan kokatzen da; epaimahaikideen iritziz, “deialdi honen helburuekin lerrokatzeaz gain, proiektu honek Bortzirietako Mankomunitatearen lan ildoetan ekarpen interesgarria egiteko aukera eman dezake”.

Beka honi esker, taldeak 7.000 euro jasoko du ikerketa garatzeko eta emaitzak 2024ko irailean aurkeztu beharko ditu. Ikerketa burutzeko metodologia kuantitatiboa eta kualitatiboa konbinatuko dira, bigarrenari tarte handiagoa eskainiz. Hala, datu bilketarako, galdetegiak, elkarrizketak eta eztabaida taldeak erabiliko dira, Bortzirietako udalerri guztietan: Arantzan, Lesakan, Igantzin, Beran eta Etxalarren

Behin ikerketa bukatzerakoan, honen ondorioak zabaltzeko aurkezpenak eta hitzaldiak antolatuko dira Bortzirietako herrietan.

Besteak beste, ikerketak honelako emaitzak aurreikusi ditu: kultura eta hizkuntza aniztasunari buruzko diagnosia; Bortzirietan bizi diren migratzaileen euskararen ezagutza- eta erabilera-maila; migratzaileen euskararekiko pertzepzioak eta jarrerak; ama-hizkuntzaren, euskararekiko esposizioaren eta beste faktore soziodemografikoen eta hizkuntzarekiko jarreren arteko loturak eta, azkenik, migratzaileen hizkuntza beharrak identifikatzea eta harrera linguistikoa egiteko hainbat estrategia eskaintzea.

Beka eskuratu duen lan taldea Paula Laita Pallares, Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak; Jon Martin Etxebeste, EHU-ko ikerlari eta irakasleak eta Ane Osua Cabida, Haur Hezkuntzako teknikariak osatzen dute.

Bigarren edizioa

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak, Euskaltzaindiarekin elkarlanean, “Pello Apezetxea Zubiri” euskaltzalea omentzeko bekaren lehen edizioa antolatu zuen udaberrian. Proposamenak aurkezteko epea iraganik, deialdia hutsik gelditu zen eta bigarren deialdi bat egitea erabaki zen.

Bigarren deialdi honetara sei lan aurkeztu ziren eta hauek aztertu ondotik, epaimahaiak erabakia publiko egin zuen joan den astean. Orain, behin beka hau jasota, taldekideek 2024ko irailera arteko epea izanen dute proposatutako ikerketa lana gauzatzeko.

Pello Apezetxea

Pello Apezetxea Zubiri (Goizueta, 1932 - Etxalar, 2022) arlo aunitzetako ikertzailea, ekintzailea eta sustatzailea izan zen. Hala, bereziki nabarmentzekoa da euskara babesteko, ikertzeko eta sustatzeko egin zuen lana. 2004. urtean, ohorezko euskaltzain izendatu zuten.

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen sorreran bultzatzaile nagusietako bat izan zen. Geroztik ere, mankomunitatearen ibilbide osoan, Etxalarko Euskara Batzordeko kide eta Aholkularitza Batzordeko kide izan zen. Hortaz, mankomunitateak, Euskaltzaindiarekin elkarlanean, Pello Apezetxea zena omentzeko xedez, lau urtero antolatuko du ikerketa beka hau eta deialdi bakoitzean ikerketa esparru horietako gai berriak proposatuko ditu.