Azken urteetan pornografiaren kontsumoak gora egin du. Ikerketen arabera, nerabeak dira gehien kontsumitzen dutenak. Gaia aztertzeko, gure inguruko gazteen artean galdetegi bat egin dugu eta gaian aditua den Amelia Barquinekin jarri gara harremanetan bere ikuspuntua jasotzeko.

Amelia Barquin Mondragon Unibertsitateko irakaslea da, Giza eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ELEA taldea koordinatzen du, ierketa-talde horrek kultura-aniztasunaren ikaskuntza eta irakaskuntza aztertzen ditu eta KINKA blogaren sortzailea da. Berak argi dauka:“Sexu hezkuntzarik jaso ez duen norbaitek pentsa dezake pornografian ikusten dena erreala dela”. Barquinen arabera, “pornografiak gizartean sortzen dituen arazoak aurkitzea da gure helburua”. Era berean, aipatzen du gaur egun, umeak 8-9 urterekin hasten direla pornografia kontsumitzen. Horren arrazoi nagusia mugikorra geroz eta goizago ematen delako da. Sexu-hezkuntzarik jaso ez duten nerabe eta ume gehienek pentsatu dezakete pornografian ikusten dena erreala dela eta bizitzan hori praktikan jarri behar dela. Ikusi dutena errealitatera eramaten dute eta normalean emakumeak dira kaltetuenak. Beste era batera esanda, bakarrik gizonezkoen plazerra lortzea da pornoak duen helburua eta emakumeak bortizki tratatu edo objektu moduan erabiltzea.

Pornografia kontsumitzeak frustrazioa sor dezake nerabeen artean, izan ere, pornografian ikusten diren gorputzak “perfektuak” dira. Depilatuak, mutilak gihartsuak eta zakil handiak, eta emakumeak argalak, bular eta ipurdi handiekin. Hala eta guztiz, Amelia Barquinek komentatzen du pornografiak dituen ondorio kaltegarriak ekiditeko zenbait gauza egin daitezkeela gizarte hobetzeko helburuarekin. Lehenengoa, umeei ezin zaiela mugikorra hain goiz eman, arriskua hor baitago. Gainera, eskolan eta etxean heziketa sexualari buruz hitz egitea eta lantzea derrigorrezkoa dela baieztatzen du Barquinek. Eta azkenik, bideo pornografikoak sortzen dituen industriak heziketa sexualean jakintza izatea. Emakumeek pornografian jasotzen duten eta gizonezkoek jasotzen duten tratua parekatzeko, aniztasuna egoteko, bertan azaltzen den sexua erreala izateko, eta, azken finean, emakumeak zein gizonak berdin disfrutatzeko. Edonola ere, Barquien iritziz pornografia kontrolatua egon beharko litzateke.

Ikerketaren emaitzak

12-16 urte bitarteko 40 gazteren lagina aztertu dugu. Galdetegian, hamar galdera eratzun dituzte, besteak beste, ea noizbait pornografia kontsumitu duten, zenbat urterekin izan zuen lehen mugikorra, ea erakargarria iruditzen zaizun pornografia.

Gure inguruko nerabe gehienak 10-12 urterekin hasten dira mugikorra erabiltzen eta horrexegatik hori izango litzateke errealitate honekin, hau da, pornografiarekin, topo egin duten lehenego aldia . Horrekin lotuta, egiaztatu dezakegu adin horrekin hasten direla web guneetan sartzen, sare sozialetan eta abar. Behin mugikorra edo interneta duen gailu bat eskuan dutela, pornografia ikustea errezagoa da. Gazteen %60ak erantzun du noizbait iragarki pornografiko bat jaso dutela, baina ez direla inoiz sartu. Galdetegian parte hartutako nerabeen %57ak ez du pornoa inoiz ikusi. Pornografia gustoku duten ala ez galderari gehienek ez zaiela erakargarria iruditzen erantzun dute.

Pornografia eta bertan emakumearen irudia nola tratatzen den galderaren aurrean, gazte gehienek bertan ikusten denak kutsu matxista duela aitortu dute. Soilik bik adierazi dute berdintasuna dagoela neska eta mutilen artean.

Gurasoekin sexuari buruz hitz egiten duten galdetzerakoan, %87,5ak gurasoekin konfidantza nahikorik ez dutela esan dute, eta ondorioz, sexuari buruz ez dutela inoiz hitz egin. Azkenik, pornoak sor ditzakeen kalte ondorioei buruz galdetu diegu. Jaso ditugun erantzunak honakoak izan dira: gehienek badakite pornoaren erabilpenak sor ditzaken gaitzak, beste zenbait gauzen artean menpekotasuna eta errealitatearen eraldapena direla.

Eta guk zer egin dezakegu?

Pornografia sexualitatearen eredu izateak kezka sortzen du. Gazte edo umeak lehenago hasten dira horrelako produktuak kontsumitzen. Horregatik, interneten azaltzen den edozein bideo, argazki, joku… pornografiko atera ahal zaizkie eta bertan sartu. Gure ustez, gero eta gehiago kontrolatu beharko litzateke umeek gailuekin egiten duten erabilera.

Ikusten dutena errealitatean aplikatzen da, hau da, pornografia beraien sexu-irakasle bihurtu da. Hausnarketa horrek ondorio batera garamatza: eskoletan gero eta gehiago landu behar dira sexuarekin lotura duten gaiak. Oso garrantzitsua da gazte baten garapenerako eta errealitatea nolakoa den ikasteko. Bukatzeko, gurasoekin duten harremana indartu egin behar da. Lanketa hori eginez gero, gazteek edozein lekutara informazio bila sartu baino lehen, espazio seguru bat duela jakingo dute sexulalitateari buruz askatasunez hitz egiteko.