Zein izan zen zure lanbidea jubilatu zinen arte?
Ia 40 urtez izan naiz eskola maisua. 32 urtez Arantzako Eskolako irakasle izan nintzen eta nere eskola ere badela sentitzen dut. Magisteritza ikasi nuen eta segituan hasi nintzen irakasle lanetan, jubilatu nintzen arte.
Noiztik datorkizu fauna ikertzeko afizioa? Izandako lanbidearekin zerikusirik ba al du?
12-13 urte nituenetik banuen faunarekiko jakin-mina. Garai hartan ez zegoen orain adina informazio, telebistan ere ez ziren faunari buruzko dokumentalak ikusten eta guk liburuak erosten genituen.
Zer da Arantzako faunatik gehien gustatzen zaizuna?
Gustatu, dena gustatzen zait. Animalia guztiak dira garrantzitsuak, denek bere funtzioa betetzen dute eta denak zaindu behar dira. Hala ere, zuen galderari erantzunez, badira kolore edo izaeragatik atentzio handiagoa ematen duten animaliak. Arantzako faunan ugaztunetan orkatza aipatuko nuke, hegaztietan okila, narrastietan musker berdea eta anfibioetan arrubioa.
Azken urteetan aldaketarik antzeman al duzu Arantzako faunan?
Bai, baina aldaketa ez da bakarrik Arantzan eman, orokorrean ematen ari da. Gainera, adituek eta biologoek ere hori esaten dute. Espezie aunitz ari dira gainbeheran. Adibidez, intsektuetan kilker eta matxinsalto gutxiago ikusten dira, hegaztietan txepetxak eta enarak ikustea oso arraroa da gaur egun. Ugaztunetan, berriz, Arantzako mendietan geroz eta erbi gutxiago gelditzen dira. Alderantziz, beste espezie batzuk gora egin dute, basurdeek esaterako. Fauna ikertzeko afizioa hartzen baduzue 20-30 urteren buruan aldaketak izan direla konturatuko zarete.
Ba al duzu fauna ikertzeko gustuko txokorik?
Bai gustoko txoko asko ditut. Arantzan badira besteak baino politagoak diren txoko batzuk. Egia esan, ni fauna behaketan gehiago ibiltzen naiz Kantauriar mendikatean eta han leku oso onak ditut. Ibilbideak egitea gustatzen zait baina nahiago ditut itxaronaldiak. Ikusmira panoramiko bat behar izaten da prismatikoekin zer mugitzen den ikusteko eta honetarako leku irekiak gehiago gustatzen zaizkit.
Bakarrik joaten al zara fauna iker-tzera?
Bai, aunitzetan bakarrik joaten naiz baina bertzetan lagunekin edo etxekoekin ere bai. Pazientzia eskatzen du animalien behaketak. Ni ez naiz aspertzen, prest egoten naiz toki batera iritsi eta bizpahiru ordu bertan pasatzeko, baina pertsona guztiek ez dute hainbesteko pazientziarik.
Zein da zure animaliarik gustukoena? Zergatik?
Fauna iberikoaz hitz egiten ari bagara hartza da nire animalia gustokoena dudarik gabe, txikitatik izan dut hartzarekiko miresmena. Orain dela 40 bat urte Pirinioetan eta Kantauriar mendietan bizi ziren hartzak ia desagertzeko zorian egon ziren. Gaur egun, animalia hauek babestu dituzte, ehiza debekatu dute eta neurri batzuk hartu dituzte. Horrela, hartz-populazioa hazten ari da. Nafarroan ere hartzik gabe gelditu ginen eta orain batzuk bisitan etortzen zaizkigu, gehien bat Erronkari eta Izaba inguruetan. Hartza bere lurraldeak berreskuratzen ari da.
Arantzako faunaren inguruan bideo eta argazki asko dituzu. Ba al duzu argazki edo bideo kuttunik?
Bai. Okil familia bati egin nion jarraipena bizpahiru hilabetez, ze zonaldetan ibiltzen ziren eta non ari ziren kabia egiten. Gaztain ondo bat zulatu zuten mokoarekin eta emea ez zela ateratzen konturatu nintzen, arrautzak eginak zituen. Ondoren zenbat egunez egon zen arraultzak inkubatzen kontatu nuen eta gero umeak jaiota zenbat egunez egon ziren gurasoak janaria ekartzen. 21. egunean bi kumeak kanpora atera ziren lehenengo aldiz eta azkenik alde egin zuten. Bideo batean honen laburpena egin nuen eta hori da nire bideorik kuttunena. Bideo hau Arantzan grabatu nuen.
Nola ikusten duzu Arantzako faunaren etorkizuna?
Etorkizuna zaila izan daiteke. Gizakiok oso berekoiak gara, dena nahi izaten dugu guretzat hartu, kutsatu eta zikintzen dugu eta horrek kalte egiten dio espezie askori. Kontuz ibili behar dugu suteekin, eskopetekin, produktu kimikoekin, mendiko pistekin, ibaietako urarekin… Hala ere Arantzako eskolako ikasleen interesa ikusita etorkizun nahiko ona ikusten dut.
Ze aholku emango zenioke tokiko faunaren eta honen kontserbazioaren inguruan interesa duen edozeini?
Garrantzitsuena ezagutzea da, gure inguruko animaliak ezagutzea eta errespetua. Nire bideoetan beti jartzen dudan leloa ‘’Ezagutu eta babestu’’ da, ezin baitugu babestu ezagutzen ez duguna. Arauak errespetatzea oso garrantzitsua da espezie batzuk babestuta daudelako eta horregatik babestu egin behar dira. Seguraski garai hobeak etorriko dira eta etsaia ez dugu hemen Arantzan izanen, kanpoan baizik, baina etsaia gelditzen ere ikasi beharko dugu gure fauna babesteko.
Faunaren ikerketaren inguruan zertan jarraitzeko ilusioa duzu? Ba al duzu bete nahiko zenukeen ametsen bat?
Zuek badaukazue ametsik? Ez zarete ameslariak? Denok izaten ditugu ametsak. Nik ez dut amets berezirik, orain arte bezala jarraitu nahi dut ahal dudan bitartean.