Martxoaren 21ean, Paz de Ziganda Ikastolako LHko 6. mailako ikasleek VI. Azoka Solidarioa antolatu zuten. Azoka Solidarioa Ikastolen Elkarteak bideratzen duen EKI proiektuaren barruan kokatzen da, hain zuzen ere diziplinarteko amaierako fasean.

EKI proiektuko inguruneko ikasgaian, 2. hiruhilekoan zehar ikasleek ikerketa sakona egin behar izan dute: Munduko bizi-baldintzek gure bizitza baldintzatzen dute? ikergai orokorretik abiatu eta muturreko bi errealitate desberdinetako bizi baldintzak aztertu behar dituzte; batetik, gure inguru hurbila, Atarrabia, eta, bestetik, Lesbos uharteko errefuxiatu kanpalekua. Bi ardatz horiek hartuz, eta bertako bizi-baldintzak ezagutzeko asmoz, hiru aldagai izan dira lan ildoak: osasuna, hezkuntza eta zerbitzuak. Ikergaiari erantzuna emateko, informazio-iturri desberdinez baliatu dira. Lehenik, bigarren mailako informazio iturriak aztertu dituzte, hau da, internet bidez hainbat web orritan informazioa bilatu behar izan dute. Bigarrenik, lehen mailako informazio iturriak erabili dituzte, horretarako, elkarrizketak egin dituzte. Elkarrizketak egin aurretik, galderen egokitasuna aztertu behar izan dute, ondoren aurrez aurrekoan aritzeko.

Atarrabiako datuak jasotzeko honako hauei egin zaizkie elkarrizketak: hezkuntza arloan, Ikastolako zuzendaria den Iñaki Errozi; osasun arloan, Nafarroako Ospitaleko neonatologian diharduen Edurne Diazi eta zerbitzuen arloan, Atarrabiako alkatea den Mikel Oteizari. Jasotako informazioarekin, Atarrabian zein Nafarroa mailan bizi-baldintzak bermatzen direla ondorioztatu dute ikasleek.

Lesbos uharteko datuak jasotzeko, Zaporeak elkarteko kidea den Garazi Berasategirekin bildu ziren. Bertan, Zaporeak elkarteak egiten duen lana ezagutzeaz gain, hango errealitatearen nondik-norakoak azaldu zizkien. Informazioa jasotzearekin batera, ikasleek garbi ikusi dute Lesboseko errefuxiatu kanpalekuko bizi-baldintzak ez direla bermatzen. Muturrekoak diren bi errealitateak aztertuta, ikergaiari dagokionez honako ondorio honetara heldu ziren berehala ikasleak: bizi-baldintzek, bizitza baldintzatzen dute.

Azoka Solidarioak, beraz, ikasleek 2. hiruhilekoan zehar landutako gaiarekin bat egiten du. Elkartasuna eta errespetua izan dira hiruhileko honetako ardatz nagusiak. Ez ingurunen bakarrik, Lengua Castellanan ere errespetua izan da jomuga. Ikasleek egoera zaurgarrian dauden hamaika haurren istorioak ezagutu dituzte eta bestearen azalean jartzeko aukera izan dute. Izan ere, beste norbaiten lekuan edo azalean jartzea ezinbestekoa da errespetua eta elkarlana zer den ulertzeko. Gure ikastolan bi alderdi horiek ezinbestekotzat hartzen dira, ikasle enpatiko eta solidarioak nahi ditugulako eta, beraz, unitate honek aukera paregabea eskaini die hori landu ahal izateko. Errespetuak enpatia, lankidetza eta taldearen kohesioa sustatzen ditu, eta ahalbidetzen du gure ikasle bakoitza baloratua eta entzuna senti dadin. Horrela, hainbat arlotan hausnarketarako etengabeko bidea ireki zaie, pentsamentu kritikoa landuz eta komunikatzailearen lana eginez.

Azoka Solidario honen helburu nagusia premia duten pertsonei laguntza ekonomikoa ematea da eta, horregatik, eskuratzen den dirua Zaporeak elkartearentzat eta Senegaleko Jerejef GKEarentzat izango da. Kasu honetan, erortzear dagoen eskola bat laguntzeko.

Lan handia egin dute ikasleek, baita ikastolako familiek ere, haien inplikazioari esker aurrera atera ahal izan delako azoka. Lan ordu asko eta koordinazio maila handia eskatzen du ikasle, irakasle eta familien artean. Egunak eman ditugu azoka prestatzen; hasteko, materiala bildu genuen saldu ahal izateko (liburuak, jostailuak, etab.), bestetik, tonbolarako bono bereziak lortu genituen (denda, taberna, jende ospetsu, etab.), gero spota grabatu genuen azokarako gonbitea luzatzeko, gainera, azoka egunerako kartelak, pankartak eta dekorazioa prestatu zuten ikasleek. Aipatu beharra da ikasle bakoitzak azokarako logo diseinu bat egin zuela eta bozketa egin zela logorik egoki edo gustagarriena aukeratzeko. Horrela, azoka egunean, ikasle guztiek kamiseta txuri bat jantzi zuten logo irabazlearen irudiarekin. Honako hauek ere egin zituzten: jolasak, eskumuturrekoak, aurpegi margoketa, dantza eta txapak. Datorren urriaren 19an gure ikastolan Nafarroa Oineza ospatuko den aitzakiarekin Buruz, bihotzez, oinez leloari tartetxoa eskaini genion, batetik, txapetan logoaren diseinua eginez eta bestetik, azokan bertan, Oinezeko materiala salduz.

Zoragarria izan da bizitako esperientzia. Zoragarria izan da ikasleek ikusi, ikasi eta sentitu duten guztia. Zoragarria izan da Ikastola osoak azokarekin bat egitea. Zoragarria izan da emandako elkartasun bultzada eta babesa. Ez dadila haria eten eta jarrai dezagun elkartasunez, bihotzez, buruz eta oinez behar gaituzten haiei gure babesik beroena eskaintzen.

Eskerrik asko parte hartu zenuten guztiei, eta zorionak egindako lanarengatik!