2023ko ekainetik, baimenik gabeko dei komertzialak legez debekatuta daude. Hala ere, Facuaren datuen arabera, kontsumitzaileen % 98k horrelako deiak jasotzen jarraitzen ditu. Spam telefonikoa izenarekin ezagutzen diren dei horiek legez kanpokoak dira eta, sarritan, errepikakorrak, argi utziz egun indarrean den legedia ez dela eraginkorra. Horrelako deiekin amaitzeko Espainiako Eskubide Sozialak, Kontsumoa eta 2030 Agenda Ministerioak une honetan Estatuko Parlamentuan izapidetzen ari den Bezeroen Arretarako Zerbitzuen Legea (SAC Legea) hobetzeko bi proposamen bultzatu ditu. Lehenengo zuzenketaren arabera, horrelako deiak erabili nahi dituzten enpresek telefono-aurrezenbaki jakin bat erabili beharko dute, hartzaileak identifikatu ahal izateko. Aurrezenbaki hori erabiltzen ez bada, telekomunikazio operadoreak deia automatikoki blokeatu beharko du. Bigarren zuzenketaren kasuan, gobernuak baliogabetu nahi ditu baimendutako dei baten ostean enpresa baten eta partikular baten artean egiten diren kontratu guztiak.

Debekatuta dagoen praktika

Esan bezala, dei komertzialak legez debekatuta daude duela bi urteko ekainean Telekomunikazioen Lege Orokorra indarrean sartu zenetik. Hala ere, enpresak amarru ezberdinez baliatzen dira horrelako deiak egiten jarraitzeko. Adibidez, zenbait kasutan, jasotzaileak webgune bateko cookie-ak onartzean telefono deiak jasotzeko adostasuna eman duela argudiatzen dute. Beste batzuetan, jasotzailea erregistro zahar batean dagoela eta hortik ezabatzeko eskaera egin ez duela arrazoitzen dute. Araudi berriak enpresei eskatuko die beren merkataritza-dei guztietarako berariazko telefono-kode bat sartzea. Zenbaki hori kontsumitzaileei arreta emateko erabiltzen dutenetik ezberdina izan beharko du, eta horrek erabiltzaileei bi kontaktu mota horiek argi bereizteko aukera emango die. Telekomunikazio operadoreek ezaugarri horiek betetzen ez dituzten zenbakiak automatikoki blokeatu beharko dituzte. Neurri horrek egungo debekuaz harago egiten du pausu bat, araua urratzen duten enpresak zigortzeaz gain, deiak bezerora iristen ez direla eragozten baitu teknikoki. Sistemaren ezarpen teknikoa errazteko, Gobernuak Telefono Zenbakitze Plan Nazionala egokituko du. Ministerioaren helburua da “kontsumitzaileen denboraren, ongizatearen edo pribatutasunaren eskubidea kaltetzen duten negozio ereduak egotea eragoztea”.

Balio legalik gabeko kontratuak

SAC Legeari aurkeztutako bigarren zuzenketak baimenik gabeko telefono deietan itxitako kontratuak baliogabetzea proposatzen du. Aldaketa horren helburua da kontratuak birsaltzeko horrelako deiak egiten dituzten azpikontratei pizgarriak kentzea, kontratu horiek ez baitute balio legalik izango. Ministerioaren arabera, ekimen hori “herritarrek gero eta kexa gehiago egiten dituztelako da, eta dei horiekin presionatuta edo nahastuta sentitzen direla salatzen dutelako”. Hortaz, xedea da “kontsumitzailearen eskubidea babestea askatasunez eta informazio nahikoarekin erabakitzeko”. Gainera, enpresek bi urtero berritu beharko dute erabiltzailearen baimena dei komertzialak jasotzeko. Neurri horrek saihestu egingo du konpainiak baimen mugagabeetan edo anbiguoetan oinarritzea kontsumitzaileekin denbora mugarik gabe harremanetan jartzen jarraitzeko. Halaber, beste aldaketa batek Internet bidez kontratatutako produktuen berritze automatikoa debekatuko du, hala nola aplikazioak edo streaming zerbitzuak. Enpresek 15 egun lehenago jakinarazi beharko diote kontsumitzaileari epea amaituko dela, eta borondatezko baja erraztu beharko diote.

Salaketa falta eta desinformazioa

2023. urteaz geroztik spam telefonikoa legez kanpo egon arren kaltetuen % 2,1ek baino ez du salaketa aurkeztu, eta % 9,9k bakarrik aitortzen du badakiela nola aurkeztu salaketa bat Datuak Babesteko Espainiako Bulegoaren aurrean. Legeak kontsumitzailearen eskubidea aitortzen du lehen kontaktutik horrelako deiei uko egiteko. Horrelako kasuetan, enpresak erabiltzailea ohartu behar du etorkizuneko komunikazioak ukatzeko duen eskubideaz eta bere erabakia frogatzen duen erreferentzia zenbakia eman beharko dio. Facuak gomendatzen duenez, kontsumitzaileek arreta berezia jarri beharko dute online formularioak edo inprimakiak betetzerakoan, non maiz publizitate eskaintzak jasotzeko adostasuna sartzen baita. Hala ere, kontsumitzaileak beti izan beharko du baimen hori edozein unetan baliogabetzeko aukera doako dei baten bidez, posta elektronikoaren bidez edo antzeko beste kanal baten bidez. Edozein enpresak dei komertzialak egin ez ditzan azkenengo aukera gisa, erakundeak Robinson Zerrendan izena ematea gomendatzen du, publizitate datu-baseetatik salbuestea ahalbidetzen duen erregistro ofiziala. Ministerioak azpimarratu duenez, zuzenketa horien helburua “kontsumitzaileen babesa indartzea da, gero eta konplexuagoa den ingurune ekonomiko eta digital batean, argitasunean, ekitatean eta kontsumitzailearen borondatearen errespetuan oinarritutako erregulazioaren alde eginez”.