Duela sei hamarkada baino gehiago erregistro modernoak hasi zirenetik, planetako ozeanoek beste edozein urtetan baino bero gehiago metatu zuten 2025. urtean. ‘Advances in AtmosphericSciences’ aldizkarian argitaratu berri den nazioarteko azterlan batek berretsi duenez, ozeanoek energia termikoko 23 zettajoule xurgatu zuten iaz, hots, gizadiak 37 urtez duen energia-kontsumoaren baliokidea. Energia termiko kopuru horrekin, adibidez, 2.000 milioi igerileku olinpiko irakiten jar daitezke eta planetako biztanleria osoak duen kontsumo elektrikoa baino 200 aldiz handiagoa da. Errekor hori ondoz ondoko bederatzi urteei gehitzen zaie, non ozeanoetako beroa maximo historikoetara iritsi den. Gainera, pasa den urtean izandako igoera oso esanguratsua da, 2024an ozeanoek 16 zettajoule xurgatu baitzuten. Azterlana Estatu batuetako, Europako eta Txinako ikertzaileek osatutako nazioarteko lantalde batek egin du.
Planetaren termostatorik fidagarriena
Ozeanoekberotegi-efektuko gasen emisioen ondorioz atmosferan harrapatuta geratzen den gehiegizko beroaren % 90 inguru xurgatzen dute. Hortaz, gaitasun horri esker, gure planetako gordailurik handiena da itsasoa. Horregatik, zientzialarientzat ozeanoak “planetaren termostatorik fidagarrienak” dira. Gehiegizko bero horren ehunekorik handienak ozeanoen gainazala berotzen duen arren, bero hori, poliki bada ere, sakonera ere mugitzen da zirkulazioak eta korronteek lagunduta. Horregatik, ozeanoetako beroa azaleko tenperaturak baino klima-aldaketaren adierazle egokiagoa da, azken horiek El Niño eta La Niña bezalako fenomeno meteorologikoen eragina izan baitezakete. Amaitu berri den urteko itsas azaleko batez besteko tenperatura globala inoiz erregistratu den hirugarren beroena izan da, 2023an eta 2024n erregistratutakoen atzetik, baina 1981etik 2010era bitarteko batez bestekoa baino 0,5 gradu zentigradu altuagoa izan da. Kontuan izan behar da iaz El Niño eta La Niña fenomeno meteorologikoek zenbait eskualde hoztu zituztela. 0,5 graduko hazkundea, itxuraz, apala dirudien arren, horrelako tenperatura igoera batek ondorio nabarmenak izan ditzake: ur beroenek lurruntzea eta prezipitazioak areagotzen dituzte, zikloi tropikalak eta muturreko fenomeno meteorologiko biziagoak elikatuz.
Berotze desorekatua
Tenperatura hazkundeak ez du modu berean eragiten ozeano guztietan.2025ean, uren % 16k errekorreko bero-edukia izan zuen, eta % 33bere historiako hiru tenperatura altuenetako batera iritsi zen. Atlantiko tropikala eta hegoaldea, Ozeano Barea eta Antartikoa izan ziren eremu kaltetuenak. Azken eskualde hori da zientzialarien artean kezka gehien eragiten duena, batez ere, azken urteotan itsasoko izotzak neguan izan duen kolapsoa dela eta. Mediterraneoan eta Atlantikoko iparraldean ere hazkunde termikoak handiak izan dira. Berotzeaz gain, eskualde horietako itsasoetako urak gaziago eta garratzago bihurtzen dira eta oxigenoa galtzen dute. Prozesu horien guztien ondorioz, itsaso-ekosistemak nabarmen kaltetzen dira eta horietan den bizitza arriskuan jartzen da.
Ondorioak kliman eta gizartean
Gainazaleko tenperaturak erabakigarriak dira, mundu osoko klima-ereduak zehazten dituztelako eta gizartean zuzeneko eragina dutelako. Ur beroenek lurrunketa areagotzen dute eta euri gogorragoak eragiten dituzte; horrek zikloi tropikalak eta muturreko fenomeno meteorologiko latzagoak elikatzen ditu. 2025ean, fenomeno horiek uholde orokorrak eragin zituzten Asiako hego-ekialdean, lehorteak Ekialde Hurbilean eta eurite handiak Mexikon eta Ozeano Bareko ipar-mendebaldean. Iaz, Atlantikoko arroan gutxienez 5. kategoriako hiru urakan sortu ziren; historian bitan bakarrik erregistratu den kopurua. Urakanak eta tifoiak areagotu egiten dira eta desplazamendu-abiadura moteltzen dute; horrek esan nahi du denbora gehiago ematen dutela leku berean lurra ukitzean, eta suntsipen handiagoa eragiten dutela. Era berean, bero ozeanikoa handitzeak hainbat inpaktu eragiten ditu. Itsas mailaren igoeran laguntzen du, uraren hedapen termikoaren bidez, milaka milioi pertsona mehatxatzen ditu kostaldean, eta itsasoko bero-boladak luzatzen ditu, itsasoetako bizitza murrizten dutenak. Koralezko uharrien galerak arazoaren larritasuna erakusten du. 2025eko txosten baten arabera, ur beroko koralezko uharrien % 80k aurrekaririk gabeko bero-boladak, zuritze-gertaerak eta heriotza erregresiboa jasan zituzten. Ekosistema horiek arrantza sostengatzen dute eta itsasaldi ziklonikoetatik babesten dituzte kostaldeak.
Sei hamarkadetako neurketak
Azterketak ozeanoaren goialdeko 2000 metroetako datuak erabili zituen, bero gehiena xurgatzen den tokikoak. Ikertzaileek hiru behaketa-erakundek bildutako informazioa ebaluatu zuten: Txinako Zientzien Akademiako Fisika Atmosferikoaren Institutua, Copernicus Marine eta NOAAko Ingurumen Informazioko Zentro Nazionalak. Gainazaletik beherako tenperaturen aldizkako neurketa nahiko fenomeno berria da. Ikerketaren lehen datuak 1960ko hamarkadakoak dira, orduan hasi baitziren tenperatura ozeanikoak sakonago neurtzen. Erregistro horiek, eredu matematikoekin konbinatuta, berotze ozeanikoaren zenbatespenak egiteko aukera ematen dute. Iturri independenteen konbinazio horrek neurketen fidagarritasuna berresten du. Ikerketaren arabera, ozeanoak, ziur aski, beren punturik beroenean daude gutxienez mila urtetan, eta azken bi milurtekoetako beste edozein unetan baino azkarrago berotzen dira.
Mendeetako inertzia
Ozeanoetan metatutako beroa etengabe hazi da 1990eko hamarkadatik hona, eta, azken urteetan, igoera hori arinki bizkortu da. Planetaren berotzea ez da joera puntual bat, dinamika iraunkor bat baizik: urte berri bakoitzak aurrekoa gainditzen du eta errekor termiko berri bat hausten du. Zientzialariek sistema ozeanikoaren inertzia handia azpimarratzen dute. Ehun urte inguru behar izan dira ozeanoak nabarmen berotzeko, eta prozesu hori ez litzateke berehalakoan geldituko, nahiz eta gaur egun erregai fosilen emisioak bertan behera geratu. Pilatutako beroak itsasoan zirkulatzen jarraituko du mendeetan zehar, desagertu baino lehen. Berotze globala ozeanoen berotzea da. Azterlanaren egileek ebidentzia zuzena ematen dute sistema klimatikoa termikoki desorekatuta dagoela eta beroa pilatzen ari dela erakusteko. Lurrak askatzen duena baino energia gehiago xurgatzen jarraitzen duen bitartean, ozeanoen eduki termikoak gora egiten jarraituko du eta tenperatura-errekorrek hausten jarraituko dute.