Síguenos en redes sociales:

Etxeko berriak

Mauleko ikasleekin harremanak estutu dituzte Erronkariko haurrek

Jakin-mina eta sormena oinarri hartuta, mauleko ikasleekin harremanetan jartzeko proiektua garatu dugu azken hilabeteotan

Mauleko ikasleekin harremanak estutu dituzte Erronkariko haurrek

Ikasturte honetan zehar eta, bereziki, azken hilabeteotan, Erronkariko eskola publikoko Haur Hezkuntzako ikasle eta irakasleok Mauleko eskola publikoko haurrekin harremanetan jartzeko aukera izan dugu, emozioz, jakin-minez eta sormenez betetako esperientzia baten bidez. Hasieratik argi izan genuen harreman hau ikaskuntza esanguratsutik eta bizipen errealetatik eraiki nahi genuela, eta horrela eman genion hasiera proiektu berezi honi.

Guztia ustekabean hasi zen. Egun batean, gure ikasleek beste haur batzuen argazkiak aurkitu zituzten gelan, paretetan, lurrean eta mahaietan itsatsiak. Argazki horiek gure eguneroko espazioetan agertzeak harridura eta interesa piztu zituen: nortzuk ziren haur horiek? Zergatik zeuden gure gelan? Non bizi ziren? Galdera horiek izan ziren elkarrizketa askoren abiapuntua, eta hortik aurrera misterio hori lantzen hasi ginen, hipotesiak eginez, ideiak partekatuz eta irudimena martxan jarriz.

Prozesu horretan, ainari magiko baten bidez, Mauleko lagunen bideo bat jaso genuen. Bertan, ikasleek euren burua aurkeztu zuten, nortzuk ziren aditzera emateko. Une hunkigarria izan zen guretzat, hasierako misterioak zentzua hartu baitzuen, eta harremanari aurpegia eta ahotsa jarri genizkion. Gure ikasleen ilusioa nabaria izan zen, eta handik aurrera Mauleko haurrak gure eguneroko elkarrizketen parte bihurtu ziren.

Harreman hori elikatzeko asmoz, Erronkariko eskolatik ere gure bideoa prestatu genuen Mauleko ikasleei bidaltzeko. Gure haurrek protagonismoa hartu zuten, beren burua aurkezten. Era berean, elkarrekin gutun bat idatzi genuen, zer kontatu nahi genuen pentsatuz eta hitzak arretaz aukeratuz. Esperientzia osatzeko, herriko korreoseko postara joan ginen gutuna bidaltzera, prozesu osoa gertutik biziz eta komunikazioaren balioa praktikan ulertuz.

Denbora gutxira, Mauleko lagunen erantzuna jaso genuen, emozioz beterik. Euskalki desberdinak izanik, antzekotasun politak aurkitu genituen, komunikazioan oztoporik ez zegoela ikusiz. Ordutik, elkartrukean mantentzen gara, urrutitik bada ere, lotura estua eraikiz. Oraindik elkarrekin partekatzeko ditugu dantzak eta abestiak, eta ilusio handiz jarraitzen dugu harreman hau elikatzen. Esperientzia honek erakutsi digu ikaskuntza harremanen bidez, emozioetatik eta partekatutako bizipenetatik sortzen dela, eta mugak gainditzeko gaitasuna duela.