Ikasturtearen amaiera hurbildu ahala, eta irakasgai gehienak jada emanda, gure ikastolak “Ekaineko Tailerrak” izeneko programa berezia jartzen du martxan, bost eguneko tailer eta ekintza-sorta bat. Ekimen honek, ohiko azken asteak ez bezala, ikasgela haratago doan esperientzia eskaintzen du, ikasleak bizitzarako prestatzen dituen hezkuntza eredu integralaren aldeko apustua eginez. Azken finean, pertsona hezi eta bizitzarako prestatzearen helburuarekin lan egiten dugu, eta horretarako, ikasleek konpetentzia desberdinak garatu behar dituzte.

Ikastolen Hezkuntza Marko Orokorraren oinarriak praktikan

Ikastolen Elkarteak argitaratutako Bazatoz? dokumentuan azaltzen den bezala, ikastolek pertsona “euskalduna, barne sendotasuna duena, erabakitzaile-ekintzailea, eraldatzailea eta kooperatiboa” hezteko konpromisoa dugu. “Ekaineko Tailerrak” programan zehar eskainitako tailerrak ez dira, beraz, hutsean sortutako jarduerak, baizik eta IHMOren printzipioak praktikan jartzeko tresna eraginkorrak. Tailer bakoitzak, bere arloan, ikasleen konpetentzia desberdinak sustatzen ditu, eta hezkuntza ez-formala eta esperientzia bidezko ikaskuntza bultzatzen ditu. Honako hauek izan dira orain arte landu ditugun tailer horietako batzuek.

Sukaldaritza tailerra: Elkarrizketa eta konpetentzia praktikoen laborategia

Sukaldaritza tailerrak, hasiera batean, errezetak jarraitzeko ekintza bat besterik ez zela zirudien arren, askoz haratago joan da. Ikasleek ez dute soilik janaria prestatzen ikasi, baizik eta kooperatzen, rolak banatzen, erosketak egiteko emandako diruaren gestioa eramaten eta denbora kudeatzen ere bai. Hemen, “komunikatzaile asertiboak” izatea ezinbestekoa izaten da, bakoitzak bere ideiak eta sentimenduak modu eraginkorrean adierazi behar baititu, gainerakoak errespetatuz. Argi dago talde lana funtsezkoa dela, nork zer egin behar duen eta nola erabaki behar dute. Plater goxo bat lortzeaz gain, elkarri laguntzeko eta elkarrizketatzeko gaitasuna lantzen dute. Tailer honen bidez, ikasleek beren bizitzan ezinbestekoak izango diren konpetentzia praktikoak eta gizarte-konpetentziak garatzen dituzte, “ikasle ekintzailearen” perfila sustatuz.

Scape Room saioa: Ekintzaile kritikoak proban

Erronka logikoen eta lankidetzaren laborategia izaten da Scape Room saioa. Ikasgela batean, taldeek arazoak konpondu eta arrastoak aurkitu behar dituzte denboraren aurka. Hemen, “ekintzaile kritikoak” izatea funtsezkoa izaten da. Ikasle profil hau da “arazoen aurrean irtenbide sortzaileak bilatzen dituena, eta ezagutzak egoera berrira egokitzen dituena”. Scape Room-ek pentsamendu laterala eta sormena sustatu ditu, eta ikasleek ikasgelan ikasitako kontzeptuak testuinguru berri batean aplikatu behar izaten ditu.

Jasangarritasun tailerra eta ibai garbiketa

Garapen Iraunkorreko helburuak landuz, ingurumenarekin konprometituta dagoen pertsona eredua bultzatu nahi dugu. “Ekaineko Tailerrak” programaren baitan, Hirusta hezkuntza zerbitzuak eskaintzen dituen jasangarritasunaren inguruko proiektu ezberdinak urtero landu izan ditugu eta baita tarteka Gurutze Gorriarekin batera ibai garbiketa antolatu ere. Jasangarritasun tailerrean, ikasleek klima aldaketa, ekonomia zirkularra eta kontsumo arduratsuaren inguruko eztabaidak izaten dituzte, beren eguneroko ohituren inguruan hausnartzera gonbidatuz. Gero, teorian ikasitakoa praktikara eraman zuten, ibaiaren ertza garbitzera joanda.

Ekintza honek “erantzunkide” izatearen garrantzia erakusten die, hau da, “taldearen arrakasta norbanakoaren erantzukizunaren baitan dagoela” ulertuz. Guztiek parte hartzen dute, eta denek sentitzen dute ingurumena hobetzeko ardura. Gurutze Gorriarekin elkarlanak elkartasuna eta besteekiko ardura ere sustatzen die.

Dolu eta kontsumo tailerra: Enpatia eta autoezagutza sustatuz

Agian, tailerrik hunkigarriena izaten da. Nerabezaroan, emozioak kudeatzea erronka handia izan daiteke, eta doluaren eta kontsumoaren inguruko tailerrak espazio seguru bat eskaintzen die ikasleei. Aditu batek gidatuta, ikasleek beren emozioak, galerak eta sufrimenduak nola kudeatu ikasten dute, eta kontsumoa arazoen aurrean ihesbide gisa erabiltzearen arriskuez jabetu dira.

Tailer honetan, ikasleek beren esperientziak partekatzen eta elkarri entzuten ikasten dute, epaiketarik gabe. Tailer hau, dudarik gabe, autoezagutzaren eta adimen emozionalaren aldeko apustu argia izaten da, ikasleak bizitzan aurkituko dituzten zailtasunei aurre egiteko prestatzen die.

Yoga tailerra eta ikasgela irekia: Oreka eta erresilientzia

Azkenik, lasaitasunerako eta hausnarketarako espazio bat sortzen saiatzen gara. Yoga tailerra estresa murrizteko eta gorputzarekiko konexioa hobetzeko tresna izaten da. Arnas ariketak eta posturak praktikatuz, ikasleek ikasten dute nola lasaitu eta unean unean egoteko. Honekin, ikaslearen barne sendotasuna lantzen dugu.

Ondorioak: Hezkuntza eredu integral baten arrakasta

“Ekaineko Tailerrak” programa ez da soilik ikasturte amaierako ekintza sorta bat izan. Ikastolen Elkartearen Hezkuntza Marko Orokorraren printzipioak praktikan jarri dituen esperientzia bat izan da, ikasleak bizitzarako prestatzen dituen hezkuntza eredu integral baten erakusle. Sukaldeko sukaldeetatik ibai ertzeraino, Scape Room-eko erronka logikoetatik doluaren inguruko elkarrizketa intimoetaraino, ikasleek konpetentzia desberdinak garatu dituzte, elkarrizketa, erantzukizuna, enpatia eta ekintzaile kritikoaren baloreak barneratuz. “Ekaineko Tailerrak” programak argi utzi du Zangoza Ikastolaren hezkuntza proiektua ez dela mugatzen irakasgaiak irakastera, baizik eta pertsona “euskalduna, barne sendotasuna duena, erabakitzaile-ekintzailea, eraldatzailea eta kooperatiboa” heztera.