Zientziarekiko interesa pizten
Irakasle, guraso eta ikasle ohiak zientzia ikasleengana hurbiltzeko egitasmoan batu gara
Duela bi urte, ikastolan galdera sinple baina indartsu bat egin genion geure buruari: nola piztu dezakegu ikasleen artean zientziarekiko jakin-mina? Galdera horretatik sortu zen gaur egun martxan dugun proiektua, eta denborarekin hazten eta aberasten joan da. Bidean ikasi duguna argia da: zientzia ez da soilik laborategiko gauza bat, ezta liburuetan gordetako kontzeptu multzo bat ere; zientzia bizia da, gertukoa da, eta, batez ere, partekatzen denean hartzen du benetako zentzua.
Egitasmoaren ardatz nagusietako bat komunitatea bera da. Ikastolako gurasoen artean badira zientzia munduan lanean diharduten profesionalak, eta haien jakintza eta esperientzia ikasgelara ekartzea altxor bat dela ohartu ginen. Horrela, euskaraz bizi eta lan egiten duten gurasoek beren egunerokoan lantzen dituzten gaiak ikasleekin partekatzen dituzte, modu natural eta gertuan. Ikasleentzat oso baliotsua da zientzia liburuetatik harago doala ikustea; etxean bertan duten norbaitek azaltzen die zer egiten duen bere lanean eta zergatik den garrantzitsua.
Horri beste dimentsio bat gehitu diogu azken urtean: Jaso Ikastolako ikasle ohiak ere proiektuaren parte aktibo bihurtu dira. Gaur egun zientzia munduan lanean ari diren gazte hauek ikasgeletara itzultzen dira, baina oraingoan beste rol batean: beren esperientzia kontatzera. Zergatik aukeratu zuten zientzietako bidea, zer nolako ibilbidea izan zuten ikasketetan, zer zailtasun eta aukera aurkitu zituzten eta gaur egun zertan ari diren lanean azaltzen diete ikasleei. Horrek eragin handia du ikasleengan, gertutasunetik eta eredu errealetatik ikusten baitute etorkizun posible bat.
Aurtengo ikasturteari hasiera berezia eman genion, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat eginez. Ikastolako ama zientzialari batek Matilda efektuaren inguruko saioa eskaini zuen, eta ikasleek aukera izan zuten hausnartzeko zientziaren historian emakumeek izan duten (eta askotan ezkutatu zaien) rolaren inguruan. Une horiek ezinbestekoak dira erreferente berriak sortzeko eta ikuspegiak zabaltzeko, batez ere neska gazteen artean.
Ondoren etorri zen kimika disoluzioen inguruko saioa, eta hortik aurrera egitarauak ez du etenik izanen. Apirilaren amaieran DNAren inguruko saioak eginen ditugu DBH-4.mailako ikasleekin. Saio horietan, genetika eta DNAren oinarriak modu praktiko eta ulergarrian landuko dira.
Maiatzean, “Zientziarekin jolasean” ekimena izanen dugu LH-1.mailako ikasleentzat (maiatzaren 11n, 9:00etan), non esperimentazioa eta jolasa izanen diren ardatz nagusiak. Ikasle txikienentzat, zientzia ukitu, ikusi eta probatzeko aukera izatea funtsezkoa da.
Bestalde, DBH-2.mailanbioteknologiaren inguruko lanketa berezia eginen dugu maiatza-ekainean. Bertan, ikasleek ikusiko dute bioteknologia egunerokoan non dagoen: elikagaietan, gaixotasunen tratamenduetan edo biokarburanteetan, besteak beste.
Ikasturteari amaiera emateko, ekainaren 5ean, Elhuyarrek antolatzen dituen zientzia tailerretan ere parte hartuko dugu. Kasu horretan, LH-4.mailako ikasleek basoaren biodibertsitatea aztertuko dute, eta LH-6.mailakoekzirkuitu elektrikoekin esperimentatuko dute. Tailer hauek aukera ematen dute zientzia modu praktikoan bizitzeko eta talde lanean aritzeko.
Proiektu honek helburu argiak ditu: ikasleen jakin-mina piztea, zientzia euskaraz egiteko aukera erreal eta aberasgarria dela erakustea, zientzian emakumeen presentzia eta ekarpena azalaraztea, zientziaz gozatzea eta, batez ere, komunitatea hezkuntzaren erdigunean kokatzea. Esan dugun bezala, ikasleak, gurasoak, irakasleak eta ikasle ohiak elkarlanean ari dira, eta horrek proiektuari indar berezia ematen dio.
Argi dugu: zientzia ez da etorkizun urrun bat, gure oraina ere bada. Eta orain hori elkarrekin bizitzea da, zalantzarik gabe, biderik aberasgarriena.