oñati - “Hurrengo egunean hilda dauden liburuak argitaratzeak ez du balio”. Euskarazko ekoizpen gehiago eta gehiago sortzera baino, haiek zabaltzeko lanetara bideratu behar dela dirua aldarrikatu zuen atzo Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzain osoak. Euskarazko ekoizpenetan “hipertrofia” ikusten du asteasuarrak eta horri aurre egiteko nolabaiteko “tailer” bat sortzea ere proposatu zuen, ekoiztutakoa aztertu eta publikoarengana gerturatuko lukeen lan-taldea.

Euskaltzaindiaren Arantzazuko biltzarrean hartu zuen hitza Atxagak atzo goizean. Ipuin baten hariari tiraka eta metaforen bidetik abiatu zuen gogoeta, Arrautza, huevo, oeuf, egg izenburuarekin. Arrautza bizia ematen duen “muina” edo “zera” hori da, baita hizkuntzaren kasuan ere, eta horretarako indarra behar du. Hizkuntzaren kasuan, indar hori errepikapenak ematen dio hitzari: gero eta gehiago errepikatu eta erabili, gero eta indartsuago eta sendoago. “Kopuruaren menpe” dago, beraz, eta euskarazko arrautzaren kopuruak ez dira, inolaz ere, huevo, oeuf edo egg muinek dituztenak hizlariei eta errepikapenei dagokienez. “Arrautza ahula da”, gaineratu zuen Atxagak, besteak beste, milaka eraso jasan dituelako bere historian, eta horregatik hura indartzeko erabilera bultzatu behar dela gaineratu zuen, alor guztietan. “Ahula, baina urrezkoa” ere badela pentsatzen hasi ziren garai batean, zaindu beharrekoa.

ideologien menpe Arrautzak berez indarrik ez badu, ideologia batek ematen diola azaldu zuen Atxagak, “hizkuntzak beti ideologiekin joan baitira”. “Baina indarra ematean, makurtu ere egiten du, laguntzen badu eskatu ere egiten dio ideologiak”, aipatu zuen. Hala, ingelesaren kasuan, adibidez, berez indar handia duenez erabiltzaile kopuruarengatik, ideologiak ezin izan du horrenbeste baldintzatu.

Euskararen kasuan, elizak eman zion berez ez zuen indar hori urteetan zehar. Eta elizak bere mezua zabaltzeko indartutako euskara baserritar eta arrantzaleei zuzendutako hizkuntza zen, “umetzen” zuen hizkuntza, XX. mendera arte: “Ez dugu unibertso sinbolikorik lortu, baina arrautzak eutsi dio elizak indartuta”.

XX. mendean beste ideologia batek indartu zuen euskararen arrautza edo muina, abertzaleena, “zentzu zabalenean hartuta”. Horren harira sortu zen batua, “tresna moduan erabilera areagotzeko”. Arrautza indartuta, hortik sortutako bizia suspertu zen. Eta ideologia horren harira, nazio edo herri aldarrikapen garbia zabaldu zen euskarari dagokionean, Atxagaren iritziz: “Bagara, gai gara”. Edozer idazteko edo esateko gai da euskara. Hori berresteko azken urteotan produkzioa biderkatu egin dela esan zuen, baliabideak lagun. “Produkzioaren hipertrofia sortu du horrek: baina zenbat arrautz heltzen dira gero norabait?”.

Grafikoki azaldu nahi izan zuen bere gogoeta eta arazoa ez dagoela produkzioan errepikatu zuen: “Arrautzak lekua hartu ala ez hartu, hori da arazoa”. Eta gaur egun, huevoek, oeufek eta eggek bere lekutik botatzen dutela arrautza ere esan zuen, liburutegietako apaletan, Interneten, irrati eta telebistan, zineman edo liburu dendetako erakusleihoetan. “Arrautzak bere lekua behar du industria kulturalean”, berretsi zuen, eta produkzioak bakarrik leku hori ez duela bermatzen gaineratu zuen.

Horregatik proposatu zuen tailer berezia sortzea, “lan egingo duen talde batekin”, ekoiztutakoa irakurri eta gomendatzeko publiko zehatz bati edo besteari. Ekoizten dena ezagutzera ematea izango li-tzateke helburua, gizartearengana hel dadin bidean hil baino lehen. Horrek dirua eskatzen duela onartu zuen. “Baina zenbat milioi erabiltzen dira zero produktibitatean duten itzulpenetan? Dena itzuli behar da?” bota zuen Atxagak, gogoeta bultzatu nahian.