Udaleko batzuetan ikasi nuen Musean jolasten. Goizak eta arratsaldeak ekintzaz beteta izaten genituen, baina, hala ere, gure hamaika-hamabi urteekin, gehiago behar genuen, gure jolas-grina ase nahi genuen kosta ahala kosta eta burro eta eskobaz nazkaturik nonbait, euskaldun orok jakin beharko lukeen karta jokoan aritzen erakutsi zidaten. Egia esan ez diot probetxu gehiegirik atera, bazkalosteko partidek aspertu egiten bainaute, baina hainbat kontzeptu neureganatzeko bidea izan zen, gerora erabili ahal izateko modukoak gainera..

Hordago hitzak esanahi osoa hartu zuen, eta bere dimentsioaz jabetu nintzen. Zerbait handia zen, atzera pausorik ez zuena, eta berau botatzen zuenak oso ziur egon behar zuen momentu hartan, dena jartzen baitzuen amildegiaren ertzean, kale edo bale, baina hordagoa botatzen zen momentutik aitzina, dena kolokan geratzen zen. Dena irabazteko aukera gozoa dasta zenezake ezpainetan, garaipenaren zaporea ziur, baina aldi berean atzealdea estutzera eramaten zintuen zerbait ere sortzen zuen, dena galdu eta jokoa. amaitzeko parada. Game over.

Bada, politikagintzan maiz ikusten dira horrelakoak, are maizago azken aldiko gertaeren harira. Kataluniako presidenteak Espainiakoari, Madurok bizilagunari, bizilagunak Madurori, eta risketos ilehoriak mundu osoari, banan-banan, lagunak egiteko aparteko abilezia erakutsiz. Askotan zalantzan jartzen dut benetan desafioa hainbesterakoa izaten ote den, ala komunikabideek eta gure belarri horizaleek horrela interpretatua izan den, albiste eskandalosoen gazi-gozo horretan. Baina kontua da horrelako hordagoak botatzen dituena soka finean dantzan jartzen dela, eta gehienetan bere partida bikotea, hala balu, ipurdi bistan.

Jarrera ausarten oso zalea ere banaiz ordea, eta orduan aipatutako egoeratan mesopotamiko xamar geratzen naiz, bi uren artean. Egungo gizarteko jarrera neutroek, zuzenegiek, politikoki edo inguruarekiko busti gabeek epel uzten naute, eta tarteka Perez Reverte bera aulkitik mugiaraziko luketen jokabide adoretsuak eskertzekoak dira. Garai bateko ezpata dueluen gisara, ohorea jokoan balitz bezala, printze ausart zaldunek botere askoko zitalei planto eginez. Erromantikoegi jartzen ari naiz agian.

Ez dakit goizetan kafesne kafeinagabea hartzea edo whisky kopa bat hartzea diren aukera bakarrak, esango nuke ezetz. Tarteko gosariak ere badira kafea denontzat famatu hura alde batera utzita, baina egia da ere zerbait nahi duenak haren bila joan behar duela, eta apustu handiek ekartzen dituztela garaipen epikoak. Ezer arriskatu gabe gutxitan izaten da irabazteko aukera, eta zoriaren zain ez da bizitzerik. Horra aukera bada: etengabeko partidak jokatu edo ilundu baino lehen etxeratu.