donostia - Ahotsak.eus-ek jasoko du aurtengo Abbadia saria, epaimahaiak aho batez adostuta. Hizkuntza Berdintasuneko zuzendariak, Garbiñe Mendizabalek, albistea eman zuen atzo egindako prentsaurrekoan. Mendizabalen esanetan, “ondo merezitako” saria izan da. Ahotsak.eus-ek Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian jasoko du saria. Ekitaldia, azaroaren 30eko 19.00etan izanen da, Foru Jauregian.

Proiektua 2003. urtean jaio zen, ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzeko xedearekin. Jabea Badihardugu (Deba Ibarreko Euskara Alkartia) da eta Egoitza Eibarren dute. Epaimahaiak azpimarratu zuenez, “egindako lana eta ekarpena, euskararen lurralde guztietako eta euskalki guztietako ahozko testigantzak sarean etengabe jaso eta eskumen librean jar-tzeagatik” hautatua izan da euskal webgunea.

2018ko epaimahaia Iban Aran-tzabalek, Maite Artolak, Jone M. Hernandezek, Arantza Urretabizkaiak eta iazko sariduna Ibon Sarasolak osatu dute. Euren lana lau hautagaitzen merituak aztertu eta horien artean sariduna erabakitzea izan da.

Aurreko edizioetan bezala, saridunaren oroigarriaren egilea euskal artista gaztea izan da. 2018an, Arrate Rodriguez errenteriarrak egin du Ahotsak.eus-eko kideek jasoko duten artelana. Koadroak Lehertarazi edifizioak izena dauka, Napoka Iria musika talde eibartarraren disko baten omenez. Rodriguezek ezin izan zuen parte hartu prentsaurrekoan, Mexikon baitago. Hala ere, haren bideo bat proiektatu zuten.

“Ohorea izan da nire artelana sari moduan eskaintzea. Izenburua oso inspiratzailea da niretzat. Leherketa metaforikoa nik oso gauza osasuntsutzat hartzen dut. Ez dut deus ausaz utzi eta barrutik kanpora doazen osagai guztiak nik aukeratu ditut. Jada eginda dauden irudietatik irudi berriak ateratzea oso interesgarria iruditzen zait. Euskararen bilakaeraren moduan ikusten dut nire artelana, leherketa ezinbestekoa delako eta horrek gauza onak ekarri ditzakeelako”, adierazi zuen Rodriguezek bideo bidez, saridunak zoriondu aurretik.

Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 1996. urtean, Anton Abbadia euskal eragileari gorazarre egitearren. Sariaren jaiotzatik gaur egunera arte euskararen normalizazioaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen lana saritzea izan du helburu. Diputazioak azpimarratu zuenez, sari honek “beste ba-tzuk baino esparru zabalagoa hartu nahi du”, alor berezietako jendeaz eta adituez gain.

Bukatzeko, Abbadia sariak euskaltzaleen biltzar txikia izan nahi lukeela adierazi zuen Mendizabalek, “urtero, euskalgintzan ari direnen harremanak giro hurbil, bero eta alaian sendotu eta indarberritzea” bilatuko dutela ziurtatuz.