NAFARROA. Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justiziako kontseilari María Jose Beaumont, Barneko zuzendari nagusi Agustin Gastaminza eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko zuzendari Javier Bayona buru, suhiltzaileen zaindariaren eguneko ekitaldi nagusia egin da gaur eguerdian Cordovillako suhiltzaileen parke nagusian, azken urteotako ohiturari jarraiki. Ekitaldian, omenaldia egin diete 2018an hildako langileei eta iaz erretiratu zirenei.

Horrela, oroigarri bana eman diete iaz hil ziren Javier Zuñiga suhiltzailearen eta Sonia Diaz baso-kanpainako laguntzailearen senitartekoei eta erretiroa hartu duten Felix Andiarena, Jesus Mari Braco, Jose Mari Donazar, Andres Fernandez, Martin Goñi, Javier Ullate eta Luis Armendarizi.

Beaumont kontseilariak omendutakoen lana aitortu du, baita Nafarroako 12 suhiltzaileen parkeetan lan egiten duten 275 suhiltzaile, 92 kabo, 15 sarjentu, 3 ofizialorde eta 4 ofizialen lana ere, laguntza zerbitzuetan diharduten 42 suhiltzaileak, baso-kanpainetan lan egin ohi duten 150 laguntzaileak eta Agoitz, Bera, Goizueta, Izaba, Leitza, Lesaka eta Luzaideko udaletako 33 boluntarioak ahantzi gabe. “Kanpainan 600 pertsona ere biltzen dituela kontuan harturik, garrantzi handiko zerbitzua da tamainagatik eta gizartean lortu duzuen aitorpen zabalagatik”.

Kontseilariak suhiltzaileen zaindariaren egunarekin batera ospatzen den Emakumearen Nazioarteko Egunari loturiko desio bat agertu du. “Aukera honetaz baliaturik, desio bat partekatu nahi nuke. Arras albiste ona izango litzateke, 38 plaza betetzeko hurrengo oposizio-prozesuaren ondorioz, emakume suhiltzaileen egungo kopurua handituko balitz eta gizartean dagoen aniztasuna Zerbitzu honetan gehiago islatuko balitz, bi emakume ataleko buru dituen administrazio-organigrama teknikoan edo baso-kanpainako pertsonalaren artean gertatzen den bezalaxe”.

Aitorpena eta maniobra

Ekitaldian, halaber, zenbait entitateren lana aitortu da; zehazkiago esanda, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolarena, Andorrako Printzerriko Suhiltzaileena, Goizuetako Udalarena eta honi atxikitako boluntarioena eta Hezkuntzako Lanbide Heziketako Zerbitzuarena.

Ospakizuna bukatzeko, erreskate maniobra bat egin dute, eskala-auto baten eta Cordovillako suhiltzaileen parke nagusian eraiki berri duten maniobra-dorrearen laguntzaz.