azken asteetan mendiko sute asko izan ditugu gure inguruan, bai Ezkurran, Areson, Leitzan eta larrienak Goizuetan. Goizuetako bi suteetan 200 hektarea baino gehiago erre dira, hau da, 400 futbol zelai baino handiagoa den azalera erre da bi suteetan.

Sute hauek badute elementu amankomun bat, denak pertsonek eragindako suteak izan direla. Eta sute hauek, gehienetan, larreak berritzeko eta mendia garbitzeko asmoarekin hasten dira.

Aspaldiko esaera da sua morroi ona dela baino nagusi txarra. Gure inguruan, suaren kultura ez da oraingo kontua, sua lanerako tresna gisa erabiltzea alegia. Baino suaren erabilera txarra egiten denean, arazoak ere larriak izaten dira.

Sua neurriz, baimendutako egunetan eta jasotako baimenaren arabera bakarrik egin daiteke, beti burua eta zentzua erabiliz. Ezin dugu ahaztu suteetan gure inguruaren parte diren mendi, zuhaitz eta animali askoren abitatak jokoan jartzen direla. Eta sute horien aurka aritzen diren pertsona askoren bizia ere arriskuan jar-tzen dela. Zentzu honetan, Leitzako eta Goizuetako suhiltzaile bolondresen eta suhiltzaile profesionalen lana goraipatzekoa da.

Mendietan gero eta abere gutxiago dabil eta larreak gero eta zikinagoak daude. Eragiketa honetan lurra lehor egotea gehitzen badiogu, ondorio latzak izan ditzaketen sutea sortzeko ekuazioa dugu. Eta egoerak ez du hobera egingo datozen urteetan. Aldaketa klimatikoak suteak sortzeko lehorte gehiago eta bortitzagoak ekarriko baititu, eta larreak ere zikintzen jarraituko dira, abeltzaintza tradizional eta estensiboak pairatzen duen egoera larriari irtenbidea ez badiogu ematen, betiere.

Gure aldetik lanean gabiltza abeltzainen eta baserritarren bizimoduari ahal dugun neurrian laguntzeko, honek, gainerako ondorio garran-tzitsuez gain, ingurunean ezinbesteko eragina baitu, larreak garbi mantentzea suposatzen baitu abereak mendian dabiltzalako. Baina egiten den guztia sekula ez da nahikoa izango.

Mundua eta honenbestez, gure ingurua, asko aldatu da. Aldaketa hori gure mendietan ere begi bistakoa denez, tamainan jokatzea egoki-tzen zaigu.

Beharrezkoa da suaren inguruan kontzientzia hartzea. Erreketak arrisku handia dute, eta gero eta handiagoa izango dute. Beti kontrolpean egin behar dira, dagozkien baimena eskuratuta, garaiak errespetatuz eta debekuak ere errespetatuz. Erreketak baimenik gabe egiten direnean, eta hauek sutea eragiten badute, egilearentzat isunak eta gartzela zigorrak ere izan daitezkeela presente eduki behar da. Hemen ere errespetuz jokatzea ezinbestekoa baita, eta ezin denean, ingurunea bakean uzten jakin behar da.

Asko dugu jokoan: gure ingurua, mendiak, basoak, zuhaitzak eta bertan bizi diren animaliak, eta baita ere suteak itzaltzen aritzen diren pertsonen biziak. Paisaia eta inguru paregabea dugu, baina ingurune hau erregai bikaina da ere. Mendiko suteen aurkako ardura botere publikoek eta gizarte zibilak partekatzen dugun zama da. Joka dezagun arduraz.

Bukatzeko, gure herrietako suhiltzaile bolondresei, nire esker mugagabea adierazi nahi diet.

Egilea Leitzako alkatea da