iruñea - Elkarlanean ekindako bideari eutsi diote aurten ere Korrikak eta Ikastolen Elkarteak. Izan ere, apirilaren 4tik 14ra ospatuko den euskararen aldeko lasterketa erraldoiak aspaldian utzi zion lasterketa bat soilik izatearei, eta gero eta zabalagoa da josten duen sarea. Otsailaren akaberan, eskoletan lantzeko unitate didaktikoa aurkeztu zuten Bilboko Abusu Ikastolan bi erakundeetako ordezkariek, bertako ikasleen laguntzarekin.

Unitateak, arduradunek adierazi zuten bezala, hezkuntza formalaren etapa guztiak hartzen ditu, Haur Hezkuntzatik 18 urtera bitartean, eta lehen aldiz aukera dago osorik on-line lantzeko, horretarako sortu duten webgunean. Orain arte bezala, paperean deskargatzeko aukera ere izango da webgune horretan bertan.

Unitate didaktiko hau “elkarlan naturalaren fruitua” dela adierazi zuen aurkezpenaren egunean Asier Amondo Korrika arduradunak, ia hogei urte baitira Korrikari buruzko lehen unitatea aurkeztu zenetik. Ikastolen Elkarteko kideek sortu dituzte unitateak, baina hezkuntza-zentro guztietan lantzeko modukoak direla ere nabarmendu zuten.

Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere hartu zuen hitza agerraldian, eta balio handia eman nahi izan zion euskararen normalizazioan lanean ari diren eragileen arteko elkarlanari.

QR kode bidez Iñaki Zapirain Orereta ikastolako irakasle eta unitatearen egileak eman zituen unitateari buruzko azalpenak. Adibide gisa, jarduera baten berri eman zuen bertan: QR kode bidez, Korrika amaieran irakurtzen den mezu sekretua osatu beharko dute ikasleek, aurreko mezuen lanketatik abiatuta. Abusun bertan egindako esperimentua azaldu zuten ikasleek eurek.

Amondoren hitzetan, oso garran-tzitsua da Korrika haur eta gazteen artean, eta haiek ere Klika egitea espero dute, baina herritar oro gonbidatu du zeregin horretara: “Dagoeneko Klika egin dugunon auzolana susta-tzen ari gara baina, batez ere, Klika egitera erakarri nahi ditugu herritar eta eragile berriak”.

Unitate didaktikoaren helburua, antolatzaileek argitu bezala, “euskararen erabilera sustatzea eta indar-tzea” da, “eta helburu berarekin lanean diharduen AEK-k antolatutako Korrika ekimenaren zergatiaz eta beharraz ohartzea”.

Jada www.korrika.eus/eskoletarakounitatedidaktikoak webgunean aurkitu daitezke edukiak. Webguneak bi atal nagusi ditu: unitate didaktikoen atala eta gida didaktikoena.

Unitate didaktikoen atala ikasleei zuzendurik dago, bertan aurkituko baitituzte landuko duten unitate didaktikoko jarduerak. Horretarako, beraien adin tarteari dagokion unitatean klika egitea besterik ez dute. Gida didaktikoen atala berriz, irakasleentzako da. Bertan, unitate bakoi-tzari dagozkion azalpenak aurkituko dituzte. Landuko duten unitatea aukeratu eta honen gida didaktikoa deskargatu beharko dute. Gidan agertuko zaizkie jarduera bakoitzaren nondik norakoak, txantiloiak?

Adin eta etapa guztietarako prestatuta. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Batxilergoan lantzeko egokitu dira eduki guztiak.Irakasleei zuzendutako gida didaktikoak ere, zikloka antolatuta daude.

Nobedade nagusia. Unitatearen arduraduna izan den Iñaki Zapirain irakasleak azaldu moduan, Korrikaren unitate didaktiko berriak aurkezten duen nobedade garrantzitsuena, eduki guztiak online lantzeko aukera eskaintzen duela da.

Ez bakarrik Euskara irakasgaian. Proposatzen diren jarduerak ez dira soilik Euskara arloan egiteko. Euskararen normalizazioa edozein jakintza-arlotako irakasleen ardura ere badenez, ikastetxeko irakasle eta gainerako hezitzaileen esku-hartzea oso garranzizkoa izango da helburuak lortzeko garaian.

Egilea. Iñaki Zapirain.

Koordinazioa. Tito Serrano (AEK) eta Belen Baztarrika (Ikastolen Elkartea).

Ipuina. Idazlea Goiatz Labandibar izan da, kontalaria Garazi Urdanpilleta, eta ilustrazioak Iñaki Zapirainek egin ditu.

Diseinua. Arteman Komunikazioaren Artisauak.