Azken urteetan Haur Hezkuntzako irakasleok aldaketa metodologiko baten beharraz hausnartzen aritu gara. Barne eztabaiden, beste eskola eta proiektu batzuetan egindako bisiten eta jasotako formakuntzaren ondorioa, “Ikaskuntza Giroen” bidez lanean hastea izan da.

Gure helburua, zoriontasunaren bidean, bizikidetza, inklusioa, autonomia eta sormena erdigunean jartzea da.

Bizikidetza, giroek komunitate izaera indartzen laguntzen digutelako: mailen arteko elkarrekintzaren bidez lan egiten dugu, giroetan lanean ari garenean adinak nahasita ibiltzen garelako. Modu honetan, harremanetarako aukerak ireki egiten ditugu eta taldeko dinamika gatazkatsuekin apurtzeko aukera ematen du, bizikidetza eta ongizatea ahalbidetuz.

Inklusioa, ikasle bakoitzaren erritmoa errespetatzen delako: Bakoi-tzaren gaitasunak, beharrak eta nahiak errespetatzea ahalbidetzen dute giroek. Alde batetik, adina kontuan izan gabe, gaitasunen arabera burutzen dituzte ekintzak ikasleek. Besteekin dituzten elkarrekin-tzen bidez gaitasun horiek treba-tzen jarraitzen dute.

Ikaslea da bere prozesua zuzen-tzen duena eta guri dagokigu, prozesu horretan behar dituen baliabideak eskaintzea: materialak, pertsonalak, espazialak zein denborazkoak. Modu autonomoan lan egiteko aukera eman behar diogu, baina baita modu autonomoan erabakiak hartzekoa ere, haien pentsamendu autonomo eta kritikoaren garapena ahalbidetuz. Beharrezkoa iruditzen zaigu haurrek espazio eta denbora antolatzea eta planifika-tzea. Hau horrela izanik, ezinbestekoa da beraien gaitasunengan erabateko konfiantza izatea. Azken batean, ikasleen iniziatiba lantzea ahalbidetzen dute giroek, gerora, pertsona autonomo eta independenteak izateko ezinbestekoa dena.

Sormena, ekintza irekiak buru-tzen direlako: Ikaslea sortzailea da. Edozein girotan egonda ere, berak bakarrik edo taldean, sortzen du bere jarduera, materiala izan edo ez. Haurrak etengabeko sorkun-tzan ari dira. Batzuetan artista bihurtu eta galeriatan dauden arte lanen parekoak egingo dituzte, besteetan fisikako arauak ikasten dituzte eraikuntza harrigarriak eginez, besteetan fantasiazko mundua sortzen dute errealitatea ulertzen doazen bitartean, baita zientzialarien pareko aurkikuntzak egin ere...

Irakasleak ikasleen behaketa etengabean dihardu, beraien garapenean aurrera egiten laguntzeko beharrezkoak diren proposamenak, materialen aurkezpenak zein galderak planteatuz ere. Hauek, irekiak izan behar dute, eredu berriak eskainiz, baina ikasleen jarduna mugatu gabe, izan ere, ikasleak aukeratzen du zer, nola eta noiz egin. Interferentziarik gabe aritzen saiatuko gara, kontzentrazioa erraztuz eta norbera bere ikaskuntza prozesuaren erdigunean jarriz. Esku hartu, interferen-tziarik egin gabe. Hori da irakaslearen paperaren gakoa metodologia honen baitan.

Norberaren interesetatik abiatuz, giro ludiko, atsegin, eroso eta gertuko batean, edozein ikaskuntzaren arrakasta ziurtatzen dugula uste dugu. Bakoitzari bere denbora emanez, harremanetarako aukerak eskainiz, eredu eta proposamen egokiak eginez eta beharrezko espazio eta materialak eskainiz lan egiten dugu giroetan.