Esker oneko izatea justiziazko izateaz gain, ederra da. Egun dugun ondare kulturala gizon emakume askoren saiakeraren ondorio da. Euskaldunok jakina, gure harri bitxia hizkuntza dugu, hamaika gorabehera jasandako hizkera zahar eta ederra. Egungo normaltasuna borroka luze baten ondorioa da, egoera zailean gure gurasoek tinko eutsi zioten aurrekoengandik jasotako munduaren ikuspegiari.

Eta guri iristarazteagatik esker ona zor diegu gizaldi guzti haiei.

Euskararen loratzea orain dela mende erdi bat gauzatu zen, eta besteak beste, Vatikano II. kontzilioak liturgia osoa herrien hizkuntzetan ospatzea gomendatu zuen. Aintzinako garaietatik Elizak katekesia, homiliak, predikuak herri hizkuntzan egin bazituen, orain Mezaren eta sakramentuen elkar hizketa osoa jatorrizko hizkun-tzan egitea eskatu zuen. Eta 1963 urtean, ibilbide zail eta liluragarriari hasiera eman zitzaion, eta euskalkien lotura eta harremana serioski lantzen hasi zen esparru zibilean eta erlijiosoan. Eta garaiko hartako apez euskaldunek bere gain hartu zuten kontzilioaren eta herriaren ametsa, eta itzultze lan itzalari aurre egin zioten kementsu eta jakintsu.

Nafarroako kristau euskaldunok, eta nik esango nuke hiritarrok oro har, bagenuen aspaldidanik zor bat orain dela mende erdi bat lan itzela egin zuten apez eta erlijioso haiekiko. Baionako, Bilboko, Gasteizko, Donostiako eta Iruñako Elizbarrutietako itzultzaileek adostu zuten elkar lanerako bide berri bat. 1983 urtean Meza liburua izan zen azken fruitua.

Eta hara nola aurreko ostegun honetan, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan, zazpi nafar ia ezezagun horiek jaso duten ongi merezitako omenaldia.

Milaka ordu ezkutuan igaro zituzten Elizaren latinezko testu liturgikoak itzultzen. Sei hilda jada, Miguel Plaza, Tomás Otxandorena, Martín Azpíroz, Joxe Mari Azpíroz, Juan Goicoechea eta Bixente Hernandorena, zazpigarrena bizirik, On Basilio Sarobe. Haiek Aitaren etxetik begiratuz hondarreko esker ona, eta familiakoak pozik erabat bidezko zelako mundu honetan onartzea beraien senide eta osabaren ekarpena. Ederra bai eta justiziazkoa, Euskaltzaindiak, kristau herri eta hiritarrok zor genien omenaldia, ongi merezitakoa.

Egilea Euskal Pastoraltzako zuzendaria da