Akihito enperadoreak aste honetan abdikatu du bere seme Naruhitorengan. Bat joan, eta bestea etorri. Zeremonia eta tradizioak alde batera utzita, harritu egiten gaitu gauza batzuetan horren modernoa den gizarte batean gisa honetako gauzek hainbesteko pisua izatea. Baina, tira, urrunera joan gabe baditugu beste zenbait adibide, eta Europan bertan, gizarte nordiko super garatu horietan ere aisa onartzen dute nobleziaren izaera eta egoera, baita zentzu batean herrialdearen beraren nortasunarekin identifikatu ere. Ikusi eta sinistu, besterik ez zaigu gelditzen.

Tronua gizartean eztabaidarik sortu gabe hartzen duten horiek printze izaera izaten dute, eta kasurik onenetan printzesa, sekulako garaikidetasuna adieraziz, eta beharrezkoa balitz, baita aldaezinak diren konstituzioak aldatuta ere. Printzea izena zuen ere Nikolas Makiaveloren lan interesgarriak, eta bertan nahiko argi adierazten zuen garai hartan printze eraginkor izan nahi zuenak zein bide jarraitu behar zuen, jendeari gustatu ala ez. Egungo errege, printze eta enperadoreak bezala; hor baitaude, jendeari gustatu ala ez.

Lorenzo Mediciri dedikatu zion Makiavelok lana, eta kontzeptu aipagarrienen artean aipatu genezake helburuak bitartekoak justifikatzen dituela. Hori ere, onartuko didazue, oso kontzeptu garaikidea dugu, eta bestela galdetu Ebro ibaitik behera ordezkari-tza zabala lortu duten zenbait alderdi laranja, urdin edo berderi. Gorteetarako hauteskunde ziren horietan, errespetu faltak, gezurrak, etengabeko leporatzeak eta abar egunero genituen komunikabideetan, ia geureganatu ditugun arte.

1532. urtean argitaratu zen Printzea, eta alderdi ultraeskuindar zenbaiten diskurtsoak ere harantz garraiatu izan gaitu maiz. Hi-tzaldi publikoak banderez josi, diskurtsoan epikara jo, gurutzadetako zaldunak izango bagina bezala, tertzioetako kaskoa jarri eta balkoian argazkia atera eta tertzioetako bandera bera ere agertu izan da mitinetan. Pérez-Revertek ezingo luke hobe irudikatu. Espainiak izan duen garai loriatsuenari erreferen-tzia eginez hauteskundeetan bozka mordoa irabazi, ez da teknika txarra. Velazquezen lan bat besterik ez da falta bertan.

Denbora pixka bat uzten badiegu, laster hasiko dira Ameriketako lurrak haienak direla eta bueltan erreklamatzen, fabore ederra egin baitzieten hori guztia kristautasunera bihurtu, hizkuntza bat eman eta dena behar den bezala ustiatzen. Tertzioak, bide batez, 1534. urtean sortu zituen Karlos Habsburgokoak, Printzea argitaratu eta bi urte eskasera. Ikusten, nola ez gabiltzan hain urrun?